Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa, bai ala ez?

ikamika

2017ko urtarrilaren 1ean jarriko da abian Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa. Baldintzak bete dira: Ipar Euskal Herriko herrien erdiek baino gehiagok baiezkoa eman dute eta, era berean, haiek ordezkatzen dituzten herritarrak biztanleriaren erdia baino gehiago dira. Erabaki historikoa da, Ipar Euskal Herriko lurralde osoa hartuko duen erakundea izango baita lehen aldiz Frantziako estatuaren baitan. Hainbat eskumen izango ditu, zenbait alor kudeatzeko: kultura eta hizkuntza politika, zerbitzu hurbilak, garraioa eta mugikortasuna, zaborren tratamendua, ekonomia... Iparraldeko alderdi politiko, hautetsi, elkarte, eragile eta biztanle askoren babesa izan du Euskal Herriko elkargo bakarrak, eta halaxe erakutsi du orain arteko bideak, nahiz eta hautetsi batzuek atzera botatzeko eskatu Barne ministroari. Zer iruditzen zaizu lortutakoa? Uste duzu aukera ona dela Ipar Euskal Herrirako?
Donibane Garaziko AEK-ko B2 mailako taldea

1. Marc

Egia erraiteko, ezin dut gauza handirik erran HELEPari buruz. Duela urte guti bizi naiz Euskal Herrian, eta ez dut biziki ontsa ezagutzen Frantziako Administrazio eredua (Luzaiden bizi bainaiz). Hurbiltasuna beti da gauza ona; baina, dena den, uste dut eredu soziala dela garrantzitsuena (eta ez eredu administratiboa). Badakit lotuak direla, baina ene ikuspuntutik gure herri eta lurraldeetan gauza anitz erabaki beharko genituzke eredu sozialaren aldatzeko. Herri ttipiek elkar koordinatu behar dute, bistan dena, baina ezin dugu ahantzi behetik gora joan behar direla aldaketak: auzoetatik mundu osora.

2. Joanes

Begi onez ikusten dut proiektu hori, ez baldin badio ere euskal lurraldeko hautetsien galderari erantzuten, zeren eta, lehen aldikoz bederen, Ipar Euskal Herri osoa ordezkatua izanen baita egitura batean, eta hori garrantzitsua da bere eskuduntza berrien antolatzeko.
Alabaina, hurrengo urtean aurrekontu bat bozkatuko dute, kostaldeko eta barnealdeko herrien beharren kontuan hartuz batera. Orai egiten diren egintza publikoak oso eremu desberdinetan zatikatuak dira, eta egoera honek ez ditu beti emaitza onak ekartzen: garraioen antolaketa, hondakinen bilketa, ur banaketa, ingurumenaren babesa, euskal kulturaren eta euskararen garapena... hobe liteke politika publiko horiek guziak egitura bakar baten bidez hedatzea, ez eta orai bezala zatikatua 10 elkargoren artean. Baina horrelako erakunde erraldoi bat ez da aise kudeatzen; alta, uste dut hurrengo urteetan arazoak gaindituko direla.

3. Peio

Bai, ni HELEP baten eraikuntzaren alde naiz. Herri elkargo sobera dira; arazo bat ukanez gero pixka bat galtzen gara, ez baitakigu nori buruz joan. HELEP honekin errazago izanen da, lan guziak sinplifikatuak izanen baitira. Baina HELEP berrian lan egiten dutenek lan gehiegi ukanen dute menturaz…

4. Monika

Iparraldeak, lehen aldikoz, edukiko du instituzio bat; horri esker, Ipar Euskal Herria indartsuagoa izanen da politikoki. Kostaldearen eta barnealdearen arteko elkartasuna eraikitzeko nahikari politikoa izanez gero, herri guztien arteko ikusmolde ezberdinetako arazoei aterabideak atzemanen zaizkie.