Hiru Txirlo: jolasaren eta jokoaren artean

hirutxirlo

Hartu du. Eman dio pare bat buelta eskuen artean, ezkerrekoarekin zuloetatik heldu baino lehen. Gero eskuinekoaren ahurrean pausatu du. Ikusleen oihuak entzuten dira: “Bi baietz, hiru ezetz!”. Baina kontzentratuta jarraitzen du, asko baitago jokoan. Begirada hurbiletik urrunera eta urrunetik hurbilera dabilkio, makurtuta dago. Lehenik hankak tolestu ditu, ondoren abiada hartu du, askatu du besoa atzera eta jaurti egin du. Ohola jo, eta jokalekuan sartu da bola. Badoa bueltaka-bueltaka ziztu bizian helmugara bidean. Segundo batzuk geroago, bi kolperen hotsa entzun da. Bi txirlo jo ditu, justu txapela ateratzeko beste, zorionak! Mikel Arrillaga.

Tradizio handiko bola-jokoa da Hiru Txirlo Gipuzkoan, Deba ibaiaren bazter eta inguruetan, baita Bizkaian ere, Durangaldean eta Lea-Artibain.  Bailara horietako baserri auzoetan dago bolatoki gehien, eta, normalean, festetan izaten dira jaurtiketa-saioak. Horiez gain, txapelketak antolatzen dituzte urtean behin, eta, hain zuzen ere, horretan dabiltza gipuzkoarrak buru-belarri.  Hiru txirlo jo daitezke bola bakoitzarekin, eta, hiru aldiz botatzen denez, gehienez bederatzi kanporaketa bakoitzean. Guztira, bederatzi herritan lehiatuko dira.
Eibarko Asola-Berri elkartetik, esaterako, 15 bolarik dihardute hiru taldetan banatuta. Tartean dira Mikel Urkia gaztea eta Bittor Astigarraga Sumendixa beteranoa, hala nola elkartearen lehendakaria. Azken hori lau aldiz izan da Gipuzkoako txapelduna, eta behin Euskal Herrikoa. Haren hitzetan, aurtengo txapelketak ezohiko hasiera izan du: “Txirlo asko jotzen hasi da jendea. Lehenengoek, hiru tiralditan, 20 bota dituzte; normalean, txapelketa osoan 30 jota, aurreneko hamarren barruan gelditzeko aukera izaten da. Izan ere, errazegi jotzeko moduko bolatokiak atontzen dituzte zenbait lekutan”. Mikel Urkiaren arabera, “Garmendipen (Azpeitian), adibidez, sei 9ko egon ziren, eta 8ko asko. Hori ez da arrunta izaten. Gu ez gara edonork asmatzeko moduko bolatoki horien zaleak, ondo aritu arren, ez baitugu gozatzen; hau da, zailagoak gustatzen zaizkigu”. Dena den, biek onartzen dute, irabazteko, edozeinetara egokitu beharra dagoela, mailari eustearekin batera, zorteak ere zerikusi handia duela ahaztu gabe.
Tiraldiak eta trabesak
10 euro, bi ezetz!”, bota du goiko ertzetik begira dagoen adineko gizonak. “Baietz!”, erantzun dio behetik gazte batek. Bolariak berak ere 20 euro jokatu dizkio “Bat ezetz!” oihukatu dion lagun zahar bati. Trabesa esaten zaio horri eta, azkenaldian asko gutxitu bada ere, Urkiaren esanetan, oraindik mantendu egiten dute zenbait lekutan. “Aurreko batean, Elorrioko Argiñeta auzoan, 20 euroko apustuak egiten ari ziren. Bola-jokoari buruz ez zekiten asko, baina dirua jokatzera joan ziren”. Sumendixaren hitzetan, Jose Luis Mendizabal Azalia plaentxiarra oso apustuzalea zen. “Behin, biok bolatan ari ginela, 1.000 pezeta zor zizkidala-eta, 10 bolatara jokatuko zizkidala esan zidan halako batean: hark 10.000 pezeta jarriko zituen eta neuk 1.000. Dirua berreskuratu nahi izan zuen, baina irabazi egin nion. Hurrengo egunean, 11.000 pezeta ekarri zituen Itzioko bolatokira”. Garai haietan, ezaguna zen oso Itzio. Eibarko auzo horretan, gaupasak egiten zituzten bolatan. Arratsaldeko 19:00etan hasten ziren, eta igande goizeko 7:00etan bukatu. Hantxe ibiltzen zen Jose Mari Arrillaga elgoibartarra ere ia astero.  Ongi ezagutu zituen Jose Luis Mendizabal eta gainerakoak.  “Oso ona zen Azalia. Normal zegoenean, inork ez zion trabesik onartzen; orduan, hankabe egiten zituen jokoak. Zuhurrenek txolindu samar egoten zen arte itxaroten zuten jokatzeko, halaxe errazago galtzen zuen”. 
Tiraldiak ere garestiagoak izaten ziren aspaldi. Mikel Urkiak gogoan du orain dela hogei urte inguru mila pezetako bat ikusi zuela. “Milana pezeta bota eta irabazleak dena poltsikora”. Gainera, auzoetako jaietan sari bereziak jartzen zituzten; Sumendixak dioenez, “Antzuolan basurdea jarri zuten behin, eta, egun hartan, ehun bolarik baino gehiagok hartu zuten parte”.
Jose Mari Arrillaga Oilarra ere hamaika bola jaurtitakoa da. Orain utzita badauka ere, bizitza osoa eman du bola eta txirlo artean. Gogoan du Elgoibarko San Roke auzoan bost duroko urrea jartzen zutela sari. “Nik bi aldiz lortu nuen, eta, beste behin, berdinduta geratu nintzen Madari plaentxiarrarekin. Erdibana egin genuen, diru asko baitzen elkarri irabazteko. Urrea saldu, eta 900 pezeta ematen zizkiguten trukean, aste osoan lanean irabazten genuena baino gehiago; hala ere,ez zigun asko irauten poltsikoan, berehala xahutzen baikenuen tabernan”. Hori baino lehenago, Markinako Santa Eufemia auzoan erdietsi zuen aurreneko saria Oilarrak, batekoa jota, gainera: “Sekulako euri zaparrada hasi zuen nik bota eta berehala, eta beste inork ez zuen bolarik sartu. Koparekin batera, mila erreal eman zizkidaten”.
Teknika, indarra, kontzentrazioa
Zer behar da bolari ona izateko? Nola lortu hori? Urkiak dio gakoa entrenatzea dela: “Etorri, jaurti eta probak egin. Dena dela, teknika ona izatea ezinbestekoa da; bolari azpijana eta gainjana ematen jakin behar da, eta oholean non atera jakitea ere oso garrantzitsua da”.  Horrez gain, indarra ere beharrezkoa izaten da askotan. Arrillagaren arabera, “ikusi egin behar da nolako bolalekua den, eta orduan erabaki. Indarra behar badu, abiadura hartuta bota behar da, bestela hanka geldirik”.  Horri guztiari gehitu behar zaio egoera zailetan burua lasai edukitzen jakin behar dela. Sumendixaren esanetan, “ikusi izan ditut oso bolari onak, botatzera joan eta zurbil baino zurbilago zeudenak”. Urkia ere urduri jartzen da egoera horietan: “San Migelen, 3 eta 2 jo nituen, eta jendeari trabesak egiten entzuten nuen: “2 baietz!”, “Kale baietz!”... 5 jota eta bola eskuan, oso gaizki bota nuen”. “Jakina, zorteak ere eragin handia du”, gaineratu du Bittorrek: “Niri gertatu zitzaidan bola gehienak sartu eta denak batekoak izatea; hirukoak izan balira, txapela jantziko nuen”. Baina Hiru Txirlon ere, balizko errotak, irinik ez.

Zenbait hitz garrantzitsu:

OHOLA:
gutxi gorabehera 2 m luze, 200 mm zabal eta 80 mm lodi den egur zatia. Bolak derrigor jo  behar du jaurtiketa balekoa izateko.

BOLA: 510 mm-ko zirkunferentzia du, eta bi kilo inguruko pisua. Txapelketa osoan, bakarra erabiltzen da.

TXIRLOA: kono itxura du eta 210 mm garai da.

JOKALEKUA: ohola amaitzen den lekutik azken txirlorainoko lur zapaldua. 250 mm-ko zabalera izango du, eta 20 m inguruko luzera.

AZPIJANA eta GAINJANA: bolari eman beharreko bi efektu mota dira, bolatokiaren egoeraren arabera.

HANKABE: bola hanka tartetik botatzean datza, atzetik aurrera. Azaliak inork apusturik onartzen ez zionean botatzen zuen erronka.