Euskal baleazaleen garaian murgiltzen

balea

Iaz, 400 urte bete ziren euskal baleazaleak Islandian bortizki erail zituztenetik, eta garai hartako gertaerak eta oraingoak bildu nahi izan dituzte Eñaut Tolosak eta bere taldeak Euskal Balezaleen Triskantza izeneko dokumentalean. Lorea Iparragirre.

Duela lau mende pasatxo jazotako hilketak ikertzeko helburuarekin hasi zuten bidaia Eñaut Tolosa dokumentalegileak eta Ander Arrese eta Beñat Iturrioz arkeologoek.  Islandiara joan ziren, euskal baleazaleak ibili ziren inguruak ezagutzera eta aztarna gehiago bilatzera.
Mendebaldeko fiordoetan barneratu ziren eta gaian adituak diren ikertzaileak elkarrizketatu zituzten. Euskal baleazaleen itsasontzi hondoratuak urpean aurkitu zituzten, eta erailketari buruzko datu gehiago topatzen saiatu ziren. Bidaia horretan bildutako informazioa kontatzen du dokumentalak, alde batetik. Baina badu bestelako hari bat ere.  Izan ere, marrazki bizidunen bitartez, 1615ean Martin de Villafranca ontzi kapitainak bizi izandakoa irudikatu dute. Istorio animatuak bi ikuspuntu ditu: batetik, Jon Guodmusson idazle islandiarrak idatziz jasotako gertakariena; bestetik, bizirik ateratako Esteban Telleria euskal kapitainarena. Finean, Tolosak adierazitakoaren arabera, “euskal baleazaleen historia balioestea” izan dute xede.
Historiari begiradatxoa
Euskaldunak adituak ziren baleak arrantzatzen, eta mendeetan hainbat txokotan ibili ziren harrapaketan, hala nola, Ternuan eta Labradorren. Orduan, baleak garrantzi handia zuen euskaldunen artean, jende askoren biziraupenean eragiten baitzuen. “Euskal Herriko motor ekonomiko nagusia izan zen. Barnealdeko herritarrek ontzietarako egurra, burdina eta sagardoa jartzen zituzten. Kostaldekoek, aldiz, itsasontzigintza, eta itsasoa bera, ontziak hobetzeko lantegi egokia” adierazi du Tolosak. Balea osorik aprobetxatzen zen, baina gantza zen preziatuena, Tolosaren esanetan: “Erregai fosilik ez zegoen garaian, Europa guztiko etxeak argiztatzeko erabiltzen zen balearen gantza”.
Euskal marinelek garrantzia izan zuten balearen arrantzan, baina jende gehiago ere hurbildu zen merkatu horretara. Dokumentalegileak esandakoaren arabera, ingelesek eta holandarrek merkatuaz jabetu nahi izan zuten; beraz, euskaldunak beste leku batzuetara joan ziren aukera berrien bila, “inor ausartzen ez zen lekuetara, hau da, Islandia, Norvegia eta Errusia aldera”.
1615. urtean, ekaitz gogor baten ondorioz, hiru euskal baleontzi hondoratu egin ziren, eta marinel batzuek, Villafranca kapitainarekin batera, Islandian hartu zuten lurra.  Gainontzeko arrantzale eta kapitainak beste bide batetik joan ziren.
Arrazoi desberdinak tarteko, Islandiako garai hartako ipar-mendebaldeko sheriffak, Ari Magnussonek, euskaldunak hiltzeko agindua eman zuen, eta islandiarrek obeditu egin zioten. 32 euskaldun hil zituzten, oso modu bortitzean. Tolosak aipatu digunez, Magnussonek arrantzatzeko baimena eman zien euskaldunei, baina Danimarkako erregeari jakinarazi barik. Ondoren, egindakoa jakin ez zedin hartu zuen euskaldunak erailtzeko erabakia. “Besteak beste, ustelkeria politikoak eragindako hilketa” izan zela uste du Tolosak, baina arrazoi horiek argitzea da dokumentalaren helburua.
Gertakari ezezaguna
Aipatu erailketa ezaguna da islandiarren artean; euskaldunok, ordea, ez dugu askorik jakin izan horri buruz. Badirudi Islandian, batez ere Westfjords eskualdean, pasarte ezaguna dela euskaldunekin gertatutakoa, eta asko ikertu dela jazotakoaren inguruan. Tolosak dioenez, islandiarren historian izandako hilketa zibilik “handiena” da euskaldunena.
Hemen, esan bezala, ez dugu gaiari buruzko informazio handirik izan. Islandian hil ziren arrantzaleek, noski, ez zuten gertatutakoa kontatzerik, eta bizirik atera zirenei, berriz, ez omen zitzaien komeni. Izan ere, antza denez, garai hartan euskal baleazaleek debekatuta zuten bandera atzerritarra zeramaten barkuetan ontziratzea, eta batzuek diote onik atera ziren 50 marinelak barku ingeles batean itzuli zirela. Hala ere, datu hori ez dago inon idatzia eta ezin da ziurtzat jo. Dokumentalegilearen ustez, zigorraren beldur zirelako gorde zuten isilpean marinelek bizi izandako abentura.


Euskara-islandiera pidgina
Gertakari larri hori salbuespena izan zen; izan ere, badirudi euskaldunek eta islandiarrek harreman on eta oparoa izan zutela, oro har. Horren adibide dugu euskara-islandiera pidgina. Euskaldunek islandiarrekin zein ingeles edo holandarrekin komunikatzeko beharra zutenez, modu naturalean sortu zen pidgina.
Euskaldunen eta islandiarren arteko komunikazio beharrak asetzen zituen, eta, dokumentalegileak azaldu duenez, hainbat motatako hitzak eta esaldiak erabiltzen zituzten. Esaldi eta hitzen zerrenda hau osorik dago jasota zenbait glosariotan, eta Islandiako Arni Magnusson liburutegi nazionalean dago.
Hitzok eta esaldiok merkataritza harremanetarako erabiltzen zituzten euskaldunek, hots, saltzeko eta erosteko. Pidgin honetan, euskaldunek erabilitako hainbat esaldi esan dizkigu Tolosak:

- “Ongi etorri, txapelgorri”
-”Christ Maria presenta for mi balia for mi balia for ju bustana” (balea harrapatzen badut, zuretzat buztana eta niretzat gainerakoa).
-”Jan zac kaka!”