Pastoral iraultzailea

pastorala

Katalina de Erauso da Baionan sortu berri duten azken pastoraleko protagonista. XVII. mendean Donostian sorturiko emazte iheslari eta borrokalariaren bizitza kontatuko dute oholtza gainean ekainean, Lapurdiko hiriburuan, eta irailean, berriz, Gipuzkoakoan. Mugaz gaindiko pastorala, ausarta, femeninoa, pasioz egina eta kontatua. Emankizuna martxan da. Nerea Olaso. Argakiak: Mathieu Prat.

Iraultzailea izan zen Katalina, gerlaria. Iraultzaileak dira, era berean, pastoralean jorratzen diren hainbat gai. Halaber, lehendabizikoz, emazteak dira lanaren bizkarrezurra: idazlea, errejenta eta sujeta. Iraultzailea mugaz gaindiko ikuskizuna ere badelako, hots, Zuberoatik at, Lapurdin eta Gipuzkoan aurkeztuko da. Formari dagokionez, ordea, ohiko pastorala da Katalina de Erauso, horixe maite baitute Baionako pastoralzaleek, proiektua abiatu duen lantaldeak, alegia.
Katalina Erausoren istorio liluragarriak osagai guztiak biltzen ditu pastoral bilakatzeko. 4 urte zituela Donostiako komentu batean sartu zuten, baina bertatik ihes egin nahi eta, 15 urterekin, gizon mozorrotuta alde egin zuen. Ihesean beti, egiazko nortasuna ezkutatu beharrean, hamaika gudatan hartu zuen parte biziraun ahal izateko. XVI. eta XVII. mendeetan, gizonezko gerlarien mundu hotz eta bortitzean, hainbat gudatan izan zen soldadu. Merkataria eta pirata. Lapurra. Gudaria. Hiltzailea. Ameriketan egin zituen urte asko eta bertako indianoen aurkako borroka krudeletan hartu zuen parte. Xedea, beti bera: bizirik jarraitzea. Sarri egon zen hilzorian, eta serorek zaindu zuten horietako batean emakumezkoa zela jabetu ziren. Ordurako, 20 urte zeramatzan sekretuari eusten. Aitormenaren ostean, artzapezpikua errukitu eta Espainiara itzultzera behartu zuen. Moja-alferez iraultzaile honen istorioa azkar iritsi zen Felipe IV.a erregearen belarrietara, eta berarekin egin zuen lan. Orduko Aita Santuarekin ere batzartu zen, eta baimena eman zion gizonezkoen gisara janzten jarrai zedin. Sekulako fama bilduta, ez zuen nahi zirkuko tximinoari bezala begira ziezaioten, beraz, Mexikora alde egin zuen. Mandozain ibili zen hantxe eta bertako bideetan zendu zen, Veracruz aldean, 1650ean. Katalinak bere oroitzapenak idatzi zituen hil aurretik, guztia gizona balitz bezala kontatuta.
Istorioak liluratu egin zuen Maite Berrogain, zur eta lur geratu zen: “Lehenik, gertakariengatik; ondoren, hemen ez zelako batere ezaguna”. Horregatik erabaki zuen haren berri ematea. Alta, pastoralera moldatzeko lana ez da izan ahuntzaren gauerdiko eztula. “Pastoral idazleei ate-joka ibili nintzen 2006an. Jean Louis Davantek erran zidan istorio hau emazte batek idatzi behar zuela, eta zalantza sortu zitzaidan. Anartean, 1830ean Parisen argitaraturiko antzerkia bildu nuen, Joaquin de Ferrer gipuzkoarraren eskutik. Ondotik, pastoralaren bertsetak nola idatziak ziren aztertu nuen. Gogorrena izan zen lehenak idaztea, baina gero ohartu nintzen banintzela gai. Urte pare bat eman nuen lana idazten, 2008an burutu nuen, baina tarteka bizpahiru hilez uzten nuen alde batera” dio idazleak.
Alimaleko lana
2013an hasi ziren Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre errejenta lanetan. “Izugarrizko lana denez, elkarrekin egin dugu guztia, ez baita erraza” dio Urrutyk. “Dantza zenbaitetan koreografiak sortzeko eskatu nion Maitenari, türk andereen koreografia, esaterako. Nik taula-joko guztiak egin ditut. Gainera, 85 aktore dira eta kargu bana eman behar izan diegu, mustran ikusi nola kantatzen zuten eta horren arabera banatu rolak; buruhauste izugarria”.
Pastoral guztietan bezala, pertsonaiak bi taldetan daude banatuta: urdinak, onak, khirixtiak, batetik; gorriak, gaiztoak, türkak, bestetik. Urdinen artean ditugu Katalina de Erausoren lehen eta azken urteak, hala nola beraren gurasoak, marinelak, indianoak eta artzainak. Gorrien artean, aldiz, Herbehereetako eta Espainiako soldaduak, Katalinaren aurka borrokatu ziren hainbat gerlari eta Katalina bera, borrokalari ibilitako urteetan. Sujeta, beraz, gaiztoa bilakatuko da tarte batean.
Askatasunaren xerka ibili zen bizitza osoan eta horixe da pastoralaren bizkarrezurra. Halere, badago gai gehiago: beste emakumeekin izan zuen harremana eta balizko amodiozko istorioak, ihesaldiak, indianoen aurka izandako jarrera eta borroka bortitza eta, azkenik, sekretuaren aitormena. 400 urteko aldea izanik ere, gaurko jendarteko gaiei heltzen die: emigrazioa, generoaren nortasuna, emakumearen askatasuna…
Pastoral femeninoa
Maite Berrogainek idatzita, Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre dira errejentak. Maite Idirin eta Sophie Larrandaburu kantarien zuzendariak, eta, noski, Katalina irudikatuko duten lau aktoreak. Pastoral femeninoa da, ez da zalantzarik. Haatik, gizonak ere badaude, oholtzan ez ezik, hegalen artean ere: Jean Laphitz musika zuzendari, Johañe Etxebest dantzarien buru eta Juan Luis Lizabe Gipuzkoako Sahatsa taldearen zuzendari.
Urrian hasi ziren entseguak eta ostiralero biltzen dira. 85 aktore dira orotarat, erdiak gizonezkoak eta beste erdiak emakumezkoak. 16 dantzari eta 20 musikari inguru. Halaber, Azpeitia eta Azkoitiko Sahatsa taldeko 30 dantzari daude taula gainean, Katalinari omenaldi gisa ezpata-dantza eskaintzeko (garai hartakoak dira Gipuzkoan dantza horren inguruan topatutako lehen erreferentziak). Izan ere, mugaz gaindiko pastorala da antzokiei zein oholtzako kideei dagokienez. Ekainaren 5ean Baionan izanen da ikusgai, eta irailaren 3an Donostian.