KRML Bizirik ikastola zaharraren antzaldatzea

karmelo

Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastolak 2013ko abenduan itxi zituen ateak, Gabonetako oporretan. Bi urtez abandonatuta egon ondoren, 2015eko azaroan hasi zen berpizten, eskolako patioan hainbat auzokide batu zenean eraikina biziberritzeko asmotan. KRML Bizirik du izena abian den egitasmoak. M. Egimendi. Argazkiak: KRMLBizirik / Mikel Mnez. de Trespuentes

Erabilera anitzeko espazio zabal baten premia aspaldikoa zuten Santutxuko bizilagunek. Gune baten bila zebiltzan, Udalak eskaintzen zien aukera bakarra udaltegia zelako, “oso ordutegi estuekin eta gela bat eskatzeko sekulako burokrazia eskakizunekin”.
Karmelo ikastola zaharra hutsik eta abandonatuta zegoenez, zenbait auzokide mugitzen hasi ziren, eraikinak aukera piloa eskaintzen zuela ikusita. Lotura sentimentala ere bazeukan auzotar askorekin, ume eta gazte asko igaro izan baitira bertatik, baita haien gurasoak ere. Hala, hamar bat laguneko taldetxoa sortu zen iaz, KRML Bizirik-en ernamuina. Azaroaren 14an, eraikina eta egitasmoa aurkeztu ostean, auzotarrak ikastola zaharrera gonbidatu zituzten elkarrekin bazkaltzera. Bultzada ederra hartu zuen egitasmoak egun hartan, jende askok agertu baitzuen parte hartzeko asmoa.
Egitasmo zabala
Planteamendua oso irekia da, adin eta mota orotako jendearentzat izatea nahi dutelako, alegia, “transbertsala”. Eraldatzailea, feminista, ekologista, osasungarria, solidarioa... auzotarrak parte hartzera bultzatu nahi dituzte, auzolanean jardutera. Ezaugarri horien guztien erakusle dira dagoeneko abian diren ekimenak: jubilatu batzuk dantza eta taichi egitera joaten dira; guraso batzuek umeekin egoteko gela bat antolatu dute; 12-16 urte bitarteko gaztetxo talde bat ere jarri da lanean, gogoa baitute gauzak antolatzeko (jada prestatu dute bazkariren bat); urtebetetze askariak ospatzen dira; rokodromo bat prestatzen ari dira; txalaparta ikastaroa ere badago... KRML Bizirik egitasmoa biltzen duen eraikina zabalik dago, printzipioz, Santutxuko eta inguruko auzotarrentzat, baina baita bertan zerbait egin gura duen beste edonorentzat ere. Esate baterako, diskoetxe bat ere hurbildu zaie, grabazio lokal intsonorizatu bat ezartzeko aukera aztertzeko. Halere, ezin eman beti baiezkoa: “Batukada ikastaroak eskaintzea pentsatu genuen hasieran, baina ez egitea erabaki genuen, zaratagatik”. Izan ere, Karmelo ikastola izandakoa etxebizitza eraikin baten lehenengo solairuetan dago, eta goian jendea bizi da. Hala, bederatziak arteko ordutegia dute, auzokideei eragozpenik ez eragiteko.
Gaineko solairuetan bizi den jendearen artean denetariko jarrerak ikusi ei dituzte egindako bileretan: batzuek ondo hartu dute; beste batzuk, aldiz, uzkur agertu dira, eskolako jolastokia bizilagunena dela esanez; eta ba omen dira proiektua interesagatik onartu dutenak ere, euren etxeetan hainbat lan egiteko-eta, komeni zaielako jolastokia irekita egotea. Elkarrizketen ondoren, bertara sartu ahal izateko giltza eman zieten ikastola gaineko bizilagunei; gainera, lokala guztiei zabaldu nahi diete, parte hartu eta eurena senti dezaten.
Autogestioa du oinarri KRML Bizirik-en jardunak. Talde eragilea astelehenero biltzen da, eta hainbat lantalde daude: proiektua lantzen dabilena, komunikazio lantaldea, kudeaketa lantaldea (ikastaro eta tailerretarako gelak banatzeaz arduratzen da, edo umeen urtebetetze jaiak egiteko edota hitzaldiak-eta eskaintzeko) eta eraberritze lantaldea (eraikinaren atontze lanak antolatzeko).
Aukera ugariko espazioa
Eraikinak aukera ugari eskaintzen du. Hiru solairu ditu: behekoa eta beste bi. Hezetasun arazo batzuk tarteko, behekoan jantokia baino ez dute erabiltzen, momentuz, bazkariak, urtebetetze askariak eta hileroko batzar nagusiak egiteko. Lehenengo eta bigarren solairuko geletan daude liburutegia, marrazketa gela, ludoteka, batzar gela, txalaparta ikastaroarena, osasun ikastaroarena, musika taldeentzako lokala, rokodromoa… Batzuk oraindik prestatzen ari dira, ekintza bakoitzerako modurik egokienean banatu nahi dituztelako. Bitartean, norbaitek lekua ezagutu nahi badu, ikastaroren bat emateko, gelaren bat eskatzeko (hitzaldiak, urtebetetze askariak...) edota bestelako edozein herri proiektu sortzeko, www.krmlbizirik.org atarian egin dezake. Oraindik hastapenetan sentitzen dira, baina garrantzitsutzat dute eraikinari lehenbailehen ematea bizia, modu kolektiboan antolatuta, alternatiben fabrika izatea helburu.
KRML Bizirik egitasmoaren eragileak Bilboko Udalarekin ere harremanetan dira, hura baita eraikinaren jabea. Orain arte eginiko bileretan, Udala gunearen okupazioaren aurka agertu da, eraikin horretarako beste asmo batzuk dituela argudiatuta, baina oraingoz ez da bestelako emaitzarik izan. Bitartean, ikastola zaharra berpizten hasia da, arnasa hartzen, hori baita KRML Bizirik-en nahia: abandonatuta egondako eraikinari bizia itzultzea. 
Santutxuko auzotarrek eta bertakoak ez diren hainbat lagunek dagoeneko hartu dute lekua KRMLn, nork bere erara. Behar eta nahi ezberdinak dituzte, baina guztiak datoz bat: horrelako toki bat beharrezkoa zen auzoan.

ARTZAI GOJEASKOETXEA
Hau nire ikastola izan zen, kristoren oroitzapenak ekartzen dizkit leku honek. Bi urtez bertan behera utzia egon ostean eraikinari bizia ematen laguntzeak asko pozten nau. Batzarrak egiten ditugu beste gazte batzuekin, eta gaur gure gela margotzeko geratu gara. Oso ondo iruditzen zait auzoan horrelako leku bat edukitzea, beste toki askotan ezin garelako egon. Hau gure txokoa da, dibertitzeko eta ondo pasatzeko. Horregatik etortzen gara.

OLATZ AGIRRE
Semea nahiko sartuta dago gaztetxoen taldean eta, tarteka, eurek antolatzen dituzten ekintzetara etortzen naiz. Gaur, baina, alabaren gelakide baten urtebetetze askaria ospatzera etorri gara. Leku hau oso ondo datorkigu, aterpea dugulako askaria egiteko eta jolastoki handia olgetarako. Oso ondo iruditzen zait horrelako zerbait edukitzea auzoan, primerakoa baita askotariko beharrizan eta ekintzetarako. Lokalak hutsik edukitzea penagarria da.

XABIER SALBADOR
Deustuarra banaiz ere, Santutxun bizi naiz, eta Berbalagunera etortzen naiz hona, ostiraletan. Ur Partzuergoan egiten dut lan eta komeni zait bigarren hizkuntza eskakizuna ateratzea, ahozkoa baino ez zait falta. Alabarekin praktikatzen dut eta lanean ere praktika dezaket, baina hizketan abiadura lortzeko oso komenigarria da Berbalaguna, taldea beharrezkoa delako.

MARTA CANCELA
Berbalagun taldea oso baliagarria da euskaraz hitz egiteko. Txurdinagakoa naiz, euskaltegian nabil eta hemen lehenengo hizkuntz eskakizuna prestatzeko batzen gara, baina ez horretarako bakarrik. Nik euskaraz bizi nahi dut, beraz, hemen, Txurdinaga ondoan, talde bat edukitzeak asko pozten nau. Luxua da horrelako leku bat edukitzea.

URTZI SAEZ eta IBAI LOPEZ
Santutxun ez ezik, Bilbon ere doako rokodromo bat behar da. Hemen badugunez horretarako aukera, kontua pixka bat mugitzen hasi gara. Guretzat sekulakoa da auzoan horrelako zerbait egotea, bazen garaia! Bilbon ez dago antzeko beste proiekturik, hain irekia eta horrenbeste aukera eman dezakeenik. Mota askotako jendea etor daiteke hona.

MARIBEL OLEAGA, ANUN OTEGI eta MARGA IGUARAN
Astean behin etortzen gara taichi egitera. Marga, dantza taldera ere bai. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako espazio bat edukitzea, auzoan ez baitago ezer egiteko lekurik. Behar genuen halako lokal bat, jendeak nahi duena egiteko. Orain arte ez da horrelako ezer egon Santutxun, eta ondo dago, batez ere, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Eta guretzat ere primeran, ikastaroa zegoela jakin genuenean, berehala eman genuen izena!