“Yogurinha askatasunerako giltza da”

yogurinha

Eduardo Gaviña  & Yogurinha Borova
Eduardo Gaviña (Laudio, 1969) Yogurinha Borovaren atzean ezkutatzen da. Borova, Gaviñak gorpuztua, Las Fellini taldearen baitan jaio zen duela 23 bat urte. Ia bi joan dira taldea utzi zuenetik, bakarka aritzeko (orain, Nenita Danger izaten du lagun hainbat ikuskizunetan). Hiru disko kaleratu ditu; horien baitan, euskarazko abesti batzuk ere bai. Minutu gutxian, Eduardo Yogurinha bihurtu zaigu begien aurrean, Bulegoa z/b arte-guneko lagunek utzitako “kamerinoan”. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Yogurinha ezagunagoa da Eduardo baino...
Azken boladan, Eduardo zulotik ateratzen saiatzen ari naiz, jende askok ez daki-eta nola dudan izena. "Yogu, Yogu!”... entzuten dut beti. Argazkilaria ere banaiz, eta arlo horretan sakondu nahi dut, baita youtuber jardun ere, beraz, Interneten zeharo murgilduta nabil.
Oso argazki ederrak dituzu eduardoeduardo.com webgunean...
Argazkigintza analogikoa gustatzen zait. Argazkia atera aurretik sortzen ditut irudiak, pertsonaiak eta dekoratuak prestatuta. Gustuko dut argazkia manipulatu gabe uztea. Digitalaz den-dena egin daiteke ondoren, eta hori ez dut gogoko, oso erraza da eta edonork egin dezake. Digitala sortu zenetik, ordea, analogikoan jarduteko Madrilera bidali behar da materiala, kalitate ona lortu nahi bada; ikaragarri borrokatu behar da dendetan, oso garestia da... Pixkanaka, utzi egin nuen, baina orain arlo horretara itzuli nahi dut. Izan ere, 17 sari irabazi izan ditut argazkigintzan, batzuk garrantzitsuak, eta erakusketak ere egin izan ditut.
Zelan konpontzen zara Yogurinharekin?
Nahiko nahasia da harremana. Ni oso-oso lotsatia naiz, baina takoiak janztearekin batera bat-batean aldatzen naiz. Ileordea, makillajea... maskara bat da, erraztasuna ematen dit jendearekin harremanetan sartzeko. Askatasunerako giltza da, baina neu erabat desberdina naiz. Etxean lasai eta musika barik egotea izugarri gustatzen zait. Argazkigintza argia da; Yogurinha, aldiz, gaua. Yin eta yang erabatekoa, borroka hutsa. Saiatzen naiz Eduardok irabaz dezan, baina askotan ezinezkoa izaten da.
Musikaria, aktorea, argazkilaria, artista beste barik... Zer da Eduardo Gaviña?
Beti esaten dut trabestia naizela. Marikoi hitzarekin gertatzen den bezala, trabestia beti izan da nahiko kontzeptu undergrounda. Agian, askoz gehiago naiz performer edo showmana, emakumez jantzi eta irudiarekin jolasten dudalako, baina trabesti kontzeptua hain gutxietsia dagoenez, nahiago dut hori erreibindikatu eta trabestia eta marikoia naizela esan, borroka eta erreibindikazio gisa, harrotasunez. Beraz, trabestia eta argazkilaria.
Etxean ez da erraza izango “trabestia izan nahi dut” esatea...
Betidanik izan dut sormenerako sena, baina kasualitatez sartu nintzen Las Fellini taldean. Ez nuen esan “trabestia izan nahi dut”, ezta pentsatu ere! Las Fellinik transformismoa egiteko ezarrita zegoen era apurtu zuen, eta niri oso erakargarria iruditu zitzaidan; beraz, beti joaten nintzen haien saioak ikustera. Behin, festa batean, Spice Girls taldearen garaian, Spice Gays egitea proposatu zidaten, txandala janzten zuenaren paperean. Jende piloa etorri zen, sekulako arrakasta eduki zuen... horrela hasi nintzen, hilabete pare bateko kontua izango zelakoan. Familia Laudion bizi zen; ni, berriz, Bilbon. Arte grafikoen enpresa batean egiten nuen lan, eta etxean ez zuten ezer jakin ia bi urtez. ETBn irtengo ginelako kontatu nien. Gogorra izan zen, neuk ere aurreiritzi piloa nuelako; uste nuen ez zutela ondo hartuko, baina guztia omen zekiten, norbaitek kontatu zielako. Las Fellinirekin hastea jolasa izan zen, baina inprenten kontua bukatu zenean, ikuskizuna indarra hartzen hasi zen eta orain arte! Oso lotsatia izan naizenez beti, liberazioa izan zen niretzat.
Nola sortu zen Yogurinha Borova pertsonaia?
Las Fellini taldeko pertsonaiei izena jartzeko momentua heldu zen. Trabestien mundua beti izan da oso amerikarra: Sharon, Cindy... Nik guztiz kontrakoa nahi nuen: errusiarra, ilehoria, giro hotzekoa, espioia, gimnasia erritmikoarekin lotua... Beraz, Yurina Borova deitzea erabaki nuen, baina azkenean Yogurinha bihurtu zen. Ezaugarri horiek neuk erabaki nituen, baina haren nortasuna nire erraietatik sortu zen, ez baikenuen apenas entseatzen, ia guztia zen inprobisatua. Ahotsarekin falsettoa egiten nuen eta horrela joan zen osatzen pertsonaia. Orain, askoz ere definituago dago, errazagoa da jarraitzea.
Yogurinha Borovak ematen dio jaten Eduardo Gaviñari?
Ez, gaur egun ez. Duela 10 urte, lan gutxiago eginda, askoz ere gehiago irabazten nuen; orain, aldiz, gauzak nahiko txarto daude edonorentzat, eta lan piloa egin behar da mileurista izateko. Trabestia, tabernetan lanean, tabernariak dirurik ez duela esaten dizu... Urtean bizpahiru aldiz-edo tokatzen da lanen bat ETBn, edo udalen batek eskatuta, eta horietan kobratzen da, baina bestela oso gutxi.
Gaviñak Borovaren ahotik botatzen ditu Eduardok esan ezin dituenak?
Argi eta garbi! Jendeak Interneten gauza piloa kontatzen du bere bizitzari buruz, baina nik ezin dut, oso lotsatia naiz. Beraz, Yogurinha erabiltzen dut buruan ditudan hainbat gauza botatzeko. Eduardo eremita da. Jendeak ez dit axola, nahiago dut neure kabuz eta bakarrik ibili. Beraz, zerbait esan behar badut, Yogurinharen bidez egiten dut, Facebooken-edo.
Zurea gaueko giro jakin bati lotutako ikuskizuna da. Gainerako artistak bezain onartuak sentitzen zarete?
Non gauden, Madrilen eta Bartzelonan, esate baterako, badaude trabestien festa arrakastatsuak. Oro har, lehen baino hobeto gaude, lehen underground edota lumpen giroa baitzen. Neuk ere, horretan hasi aurretik, horixe neukan buruan, aurreiritzi eta beldur piloa. Orain, baina, telebistan askoz gehiago ikusten dira eta onartuago gaude. Halere, homosexualitatearekin lez, oraindik ere asko dago egiteko, etengabe borrokatu behar dugu. Are gehiago: uste dut atzerakada egon dela, jende atzerakoi asko dago.
Balio dute zerbaiterako homofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko egunek-eta?
Batzuetan ematen du ezetz, baina nik astero egiten dut lan hori nire ikuskizunetan, urte osoan saiatzen naiz publikoari irakasten homosexualak, lesbianak, transexualak... izan bagarela eta beste modu batean bizi nahi dugula. Ahalegintzen naiz gauzak ondo azaltzen, errespetu handiz, inor mindu gabe. Nazioarteko egun horiek aproposak dira jendeak jakin dezan munduan jarraitzen dugula, hemen gaudela, baina urte osoan egin beharreko lana da.
Zelako publikoa duzu?
Denetarik. Gizonezko eta emakumezko askori izugarri gustatzen zaie generoarekiko jolasa, morbo handia ematen die. Yogurinharen azalean izugarri ligatu izan dut, neskak zein mutilak hurbiltzen zaizkit, mezuak bidaltzen dizkidate sare sozialen bidez... Ziurrenik, jendarteko sektore bat ez da inoiz gerturatuko, baina asko zabaltzen ari da.
Berdin hartzen dute ikuskizuna emakumezkoek eta gizonezkoek?
Ulertzen dut halako ikuskizunean emakume asko txarto sentitzea, kasu askotan trabestiek emakumeen estereotipo txarrenak jartzen dituztelako agertokian. Ni saiatzen naiz gauzak begirune handiz egiten, emakumeak izugarriak iruditzen zaizkidalako. Horregatik egin nuen Munduko Alabak lana ere, orain emakumeen momentua baita. Trabesti moduan, nire lanean ahalegintzen naiz gizonezkoen zein emakumezkoen mundua zaintzen, barre egitean mespretxua eta antzeko jarrerak baztertuta. Saiatzen naiz, behintzat, nahiz eta batzuetan ihes egiten didaten nahi ez ditudan hitz batzuek, hizkera oraindik oso matxista delako eta buruan iltzatuta dugulako.
Zergatik gustatzen zaie horrenbeste gizonezkoei emakume mozorrotzea?
Morbo kontua da. Begira, bada crossdressing izeneko kontzeptu bat. Homosexualak ere izan daitezke, baina oro har gizonezko heterosexualak dira, askotan ezkonduak, eta izugarri gustatzen zaie emakume janztea. Desio handia dute horretarako, emakumeen gauzak sentitzeko, eta askotan ezkutuan ibili behar izaten dute. Bartzelonan, kasu, badago EnFemme izeneko talde bat, lonja batean takilak dituzte emakumez janzteko behar duten guztiarekin. Horientzat, adibidez, inauteriak zoragarriak dira. Batzuek oso ondo dakite nola jantzi eta non erosi gauzak.
Yogurinhak baditu hainbat kantu euskaraz. Edukiko luke euskara hutsean jarduteko adina publiko Euskal Herrian?
Ez, eta pena handia ematen dit. Nahiko nuke, baina hemen berehala hasten da jendea protestaka, baita Facebooken euskaraz zerbait jarriz gero ere. Dena den, nik argi daukat kantuak euskaraz egin nahi ditudala. Behin, Lizarran ordubeteko ikuskizun osoa egin nuen euskaraz, baina ez nago ohituta. Abisatu nien, eta jendeak txalo egin zuen! Konturatu ziren gogo handia nuela horretarako, euskara nire ama hizkuntza izan ez arren. Euskaltegikoak ere bazeuden eta, batzuetan trabatu egiten nintzenez, barre piloa egin zuten, baina aurrera! 17. Korrikan, Korrika Kulturalean egon zen Sekula bai! antzezlanean ere egon nintzen, oso esperientzia polita izan zen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Etxean ez zekiten, baina Laudioko giroa nahiko borrokalaria zen garai hartan, eta euskal kultura oso indartsua eta polita iruditzen zitzaidan. Euskara oso erakargarria zen niretzat, txikitatik nuen ikasteko gogoa. Ikusten nituen inguruan batzuk euskaraz, eta nik zergatik ez? Pena handia ematen zidan, sekulako inbidiaz gain! Euskaltegia ireki zutenean, zuzenean joan nintzen AEKra! Benetan maite dut euskara, ez da itxurakeria.
Zer esango zenieke euskaltegietako ikasleei?
Merezi duela ikastea, kultura delako, polita, bitxia, beharrezkoa... berezitasun handia duelako. EGA egin aurretik hilabetez joan nintzen baserri batera, Altzora! Izugarria izan zen, familiarekin lan egiten nuen eta eurekin joaten nintzen parrandan! Begira zer daukagun hemen! Jendea, ordea, Finlandiara joaten da!

Kolkotik

Jantzi dituzun takoirik altuenak?
18 zentimetrokoak-edo.
Eta? Bihurriturik bai?
Bai, baina ez takoiekin!
Zer da kabareta zuretzat?
Erreibindikazioa eta magia.
Zein da Yogurinharengan gehien maite duzun ezaugarria?
Alaitasuna.
Eta zer gorrotatzen duzu gehien?
Makillajea!
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Euskadi librea da.
Eta zer irakurri nahiko luke Yogurinhak?
Trabestien lana garai batean debekatua egon arren, orain ez dela hala.
Zertan zarete oso antzekoak Yogurinha eta zeu?
Errespetu handiz jarduten dugu biok.
Eta zertan erabat desberdinak?
Gaua eta eguna gara.
Zerk eragiten dizu negar?
Ondo nagoenean egiten dut negar. Argia ikustean, garai txar baten ostean.
Eta Yogurinhari?
Bat-batean sortu eta espero gabeko txaloek birritan eginarazi diote.
Zein da Yogurinhari esan dioten lorerik politena?
Kameleoien gaitasuna duela aldatzeko.
Eta min eman dion irainen bat? B
ehin, idazle batek esan zuen Yogurinharen lana txingotekeria hutsa zela, baina arazorik ez: hitza jarri zion Yogurinhak egin nahi zuenari.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Lasai, horixe nahi dut: lasai bizi.
Zein da Yogurinharen edertasun sekretua?
Zaintzea, adibidez, alkoholik ez edatea.
Zerk ematen dizu amorrua?
Jende gaiztoak, errespetu faltak.
Eta Yogurinhari?
Injustiziak.