Gau bateko ametsa hil osoan

ametsa

William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa lana protagonista berezia izango da Donostian udan. Izan ere, Tanttaka konpainiak eta Donostia 2016k ekoitzita, ekainaren 21etik uztailaren 24ra saio bat eskainiko dute gauero (21:00etan), astelehenetan izan ezik. Bertsio berezia izango da, hainbat arrazoirengatik. Hasteko, Kristina Enea parkean eskainiko dute. Zehazki, parkeko bost gunetan jokatuko dute, beraz, publikoa gunez gune ibili beharko da. Ikusleen parte hartzea ez da batetik bestera mugitzera mugatuko, antzezlanaren parte izango baitira pasarte batean. Hala, antzezlaneko eztei afari batez gozatu ahal izango dute. Naturaz eta gastronomiaz gain, hainbat arte adierazpen bilduko ditu Fernando Bernuesek eta Iñaki Iriartek zuzendutako hiru ordu pasatxoko lanak: antzerkia, musika, dantza... Horretarako, 80 laguneko taldea osatu dute, eta tartean izen ezagun asko dago: Gorka Otxoa, Aitziber Garmendia, Josean Bengoetxea, Ane Gabarain... Orotara, 18 izango dira aktoreak. Dantza koreografiak Jon Mayak prestatu ditu, eta Iñaki Salvadorrek zuzendu du musika arloa. Patxo Telleriak egokitu ditu testuak, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko emanaldiak, guztira, 10 izango dira. Sarrerak aldez aurretik eskura daitezke, 30 euroan.


 

KALEKO arteen sorkuntza sustatzeko asmoz, Karrikan plataforma sortu dute Bilboko, Gasteizeko, Iruñeko, Zarautzeko eta Hendaiako Udalek, Errobi Herri Elkargoarekin eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki eragilearekin batera. Dagoeneko zabaldu dute proposamenak jasotzeko epea, ekainaren 18an amaituko dena. Aurkezturiko lanen artean bat aukeratu, eta orotariko laguntzak eskainiko dizkiote: dirua, teknikoa, artistikoa eta kudeaketaren aldetik. Gainera, irabazleei sorkuntzarako egonaldiak egiteko aukera eskainiko zaie, baita lanak eskaintzeko guneak ere. Zehazki, plataforma osatu duten erakundeek gutxienez emanaldi bana ziurtatuko dute: Bilboko Kalealdian, Gasteizeko KaldeArten, Iruñeko udako programazioaren baitan, Zarauzko Kalerkin, Errobiko Abian!-en eta Hendaiako Antzerkiaren Maiatzean. Aurkezten diren lanen artean formatu ertain eta txikiko egitasmoak hobetsiko dituzte, eta euskaraz edota testurik gabeak. Informazio guztia www.karrikan.eu gunean jaso dute.

LABURREAN

KaldeArte Kaleko Arteen XI. Nazioarteko Erakustaldiak antzerkiz beteko ditu Gasteizko kale eta bazterrak ekainaren 9tik 12ra. 30 konpainiak hartuko dute parte: 14 Euskal Herrikoak, 8 Espainiakoak eta beste horrenbeste nazioartekoak. Besteak beste, ekainaren 10ean, Lurrak ikuskizunaren estreinaldia izango da. KaldeArtek Bilboko Kalealdia jaialdiarekin batera ekoitzia, zirkua, antzerkia eta musika uztartzen ditu. Bestalde, aurten gune gehiagotara eramango dituzte ikuskizunak. Hala, esaterako, Santa Isabeleko kanposantuan emanaldia eskainiko du Pez Limbo Gasteizko konpainiak, beste lau talderekin elkarlanean, lana leku horretarako propio sortu baitu.

LURRAK
Ekainaren 27tik uztailaren 2ra egingo da XVII. Kalealdia, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Aurten, 28 konpainiak hartuko dute parte, bertakoek nahiz nazioartekoek. Euskal taldeei dagokienez, 9 izango dira. Besteren artean, Kukai Dantza eta Tanttaka Teatroa, Malas Compañias, Marie de Jongh edota Markeliñe taldearen lanak izango dira ikusgai. KaldeArte jaialdiarekin elkarlanean ekoitzitako Lurrak antzezlanarekin emango diote hasiera Kalealdiari.