Barduliak ez du amore ematen

gipunkzkoaGipunkzkoa
Askoren artean
Hainbat zigilu, 2013

Beharbada, zuetako askok gogoan izango duzue duela bost bat urte Bardulia sounds izeneko bilduma ekarri genuela txoko honetara. Gipuzkoan punk eta oi! doinuak lantzen dituen belaunaldi berriko taldeak aurkezten zizkigun bilduma hark. Berriki kaleraturiko Gipunkzkoa deritzon bilduma honen kontzeptua antzekoa da, herrialde horretako punk eta oi! taldeak agertzen baitira, hamaika orotara. Baina desberdintasun batzuk badaude: disko honetan, talde guztiak ez daude hain hertsiki lotuta Bardulia izenarekin bataiaturiko mugimenduarekin. Talde historikoak ditugu (Odio eta Basura, 70eko hamarkadaren amaieran egurra banatzen hasi zen lehenengo punk olatu haren ordezkariak), horiek baino beranduagokoak izan arren klasikoen maila erdietsi duten talde beteranoak (Apurtu edo Afonia), baita Gipuzkoako punkaren geroa ziurtatzen duen odol berria ere (No Hope, Zombi & The Anboters). Hamaika talde, 23 abesti (denak argitaratu gabeak), binilozko disko bikoitza eta CDa opari: lan ederra, zinez.

Gotzon Hermosilla
 


yogurinaYogurinha Borova
Gor, 2013


Yogurinha Borovak bere bigarren diskoa kaleratu du, euren artean oso ezberdinak diren hamalau abestiz osatua. Izenburuak berak argi azaltzen duenez, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ditu kantuak, baina Munduko alabak izenekoarekin argitaratu du lehen singlea. Bere lehen lanean, Borovak bilduma bat osatu zuen ordenagailuan zituen abestien artean aukeratuta, baina oraingo hau egiteko ezagunak dituen musikarien laguntza izan du, konpositore asko batu baitzaizkio proiektuan: Iker (Hemendik At!), Aitor (Korroskada), Fernando Carvalho...

trikiBost trikitilari
Euskal Herriko Trikitixa
Elkartea, 2013


Ohikoa duen moduan, Elkarteak itzal handiko bost soinujoleren piezekin gauzatu du aurtengo diskoa ere. Trikitilari bakoitzak soinu txikiaz eta perkusio ezberdinez osaturiko hiru pieza berri sortu ditu lan honetarako eta, ondorioz, gisa guztietako doinuak entzun daitezke diskoa ontzen duten hamabost piezetan. Hauek dira aurten parte hartu duten trikitilariak: Saioa Lizarralde, Iñaki Zabaleta, Ander Malbadi, Alaitz Telletxea eta Imuntzo. Trikitixa Elkartearen Geure kolkotik disko bildumaren helburua sorkuntza indartzea da, trikitilarien pieza berriak urtero disko batean plazaratuta.