“Jendartea, hain maskulinoa izanik, oso tontoa eta absurdoa da”

josebe

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978), filosofia lizentziaduna, Medeak taldeko aktibista transfeminista da. Aktibismo hori dela eta, askotan agertu ohi da komunikabideetan, eta ez bakarrik elkarrizketatu gisa. Esaterako, pasa den irailera arte, zutabea idazten zuen Berria egunkarian, eta gaur egun ETB2ko Sin ir más lejos saioan parte hartzen du, tertuliakide. M.Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Ez da erraza zu definitzea...
Nire aktibismoa definizioen kontrakoa da, baina esan daiteke ez naizela ez emakume, ez gizon, hetero arauetatik at dabilen gorputz bat baizik. Neure burua transgenerotzat dut, zentzu irekian, ez dut sinesten nortasuna esentzia bat denik. Halere, ez nago etiketen kontra, politikoki oso ondo onartzen baititut: zentzu horretan, emakume lesbiana naiz, baina hori ez da nire esentzia, ez da ni naizena.
Martxoak 8: ospatu egingo duzu ala ez dago ospatzekorik?
Aldarrikapenean ibiliko naiz, baina ospatu ere egingo dut, argi eta garbi! Iraultza batean dantza egiterik ez badago, hori ez da gure iraultza. Argi dago gauza asko ditugula oraindik egiteko, ez ditugula efemerideetan baino ez landu behar. Egun horretan, mundu guztia akordatzen da, baina gero jendartea ez dugu modu transbertsalean irakurtzen. Generoarena ez da emakume kontua, jendartean dagoen desoreka gogorraren isla indartsua baizik. Hori kontuan hartu ezean, gure diskurtsoak eta lanak oso maskulinizatuak geratzen dira. Jendartea, hain maskulinoa izanik, oso tontoa eta absurdoa da, ez zait batere gustatzen.
Zergatik du feminismoak ospe txarra? Asko ez dira “feminista naiz” esatera ausartzen...
Oso prentsa txarra egin digute eta lortu dute feministak sorgintzat eta munstrotzat hartzea, baina feminismoa pentsamendu korronte izugarria da, oso indartsua. Gure jendarteari gauza asko eskaini dizkio, adibidez, giza eskubideen arloan, baina oso prentsa txarra du, oso berritua egon eta jende piloa erakarri arren; normala, bestalde, komunikabideetan nor diren buru kontuan hartuz gero, nork hitz egiten duen gehiago, zein den emakumearen papera... Esate baterako, Gandhik oso fama ona du, eta bere borroka teknika guztiak feministengandik ikasi zituen. Historiara iraultzaile baketsu moduan pasatu da; feministak, ordea, protesta baketsuaren tekniken asmatzaileak izan arren, sorginik handienak gara.
Zerk lotzen ditu, adibidez, Medeak eta Emakunde?
Emakundek, Eusko Jaurlaritzako erakundea izanik, berdintasun politikak sustatzen ditu. Oso berandura arte ez du bere burua feministatzat definitu, eta EAJk eta PSEk jarritako zuzendariak ere ez dira oso feministak izan. Ni neu oso ondo konpondu naiz guztiekin, baina feminismoaren lanketa ezberdina egiten dute. Orain Izaskun Landaidak agian feminista dela esango du, dagoeneko ohitu direlako erakundeetan hori esaten, baina ez dator feminismotik. Kezka du horren inguruan eta ziur aski oso asmo onak lanerako, baina haren markoa Berdintasun Legea izango da, hau da, feminismoaz hitz egin beharrean, berdintasun politikaz hitz egingo du. Administrazioan badira langile eta teknikari feministak, baina horrek ez du esan nahi berdintasunaren arloan dabiltzan teknikari eta kargu politiko guztiak feministak direnik. Medeak, aldiz, feminismoan dabilen kolektibo superpunkarra da: transfeminismoan txertatzen da, kaleko feminismotik eta koordinakundeetatik dator eta beste mugimendu askorekin koordinatzen da. Medeak kolektiboko kide batzuk berdintasun teknikariak gara, gertutik ezagutzen ditugu berdintasun politikak eta administrazioaren lanketak, baina berdintasun politikak eta Medeak lotzen dituen gauza bakarra gure izaera hibrido hori da: langile eta militante. Gauza bat da berdintasun politika instituzionala eta beste bat borroka feminista.
Berdintasun politika instituzionalak lortzen du emaitzarik?
Bai, gauza batzuk bai, pixkanaka, bi pauso aurrera eta bat atzera... Eta zerikusi handia du gobernuan nor dagoen momentu bakoitzean. Esaterako, Donostiako Emakumeen Etxea lortu zen mugimendu feminista oso indartsu zegoen garai batean, Udalean proiektu honetan benetan sinesten zuen zinegotzi bat egokitu zelako. Bere burua feministatzat zuen eta aholkulari feminista bat hartu zuen, baina oro har ez da hala gertatzen. Berdintasun politikak askotan ez dira iraultzaileak, beraz, gauzak aldatu arren, statu quoa mantendu egiten da. Hor dago kontraesan handiena.
Gizonezko feminista asko ezagutzen dituzu?
Ez, ezagutzen ditut zakila duten gorputz feminista batzuk; baina feministak diren gizonak (beren gizontasun horretan), oso gutxi. Niri interesatzen zaizkidan gizonak dira, gorputz pribilegiatuak izanik, pribilegio horiek apurtzeko lanketa egin dutenak. Gizonezko zuri eta heterosexual bezala definitzen bazara, emaztea baduzu, etxetik kanpo lan egiten baduzu... ezin duzu esan feminista zarenik. Oso gauza bitxi eta arriskutsua gertatzen da batzuetan: batzuentzat legitimoagoa da gizonezko batek hitz egitea berdintasunaz emakumezko batek egitea baino, leku guztietan gizonezkoen ahotsa izan delako garrantzitsuagoa. Guk lortu dugunean feminismoan adituak emakumeak izatea, gizonezkoak berdintasun politiketara iritsi direnean toki batzuetan nahiago izan dituzte berdintasunari buruz hitz egiteko, hobeto geratu eta erakargarriagoa delako. Diskurtso faltsua da. Halere, ezagutzen ditut gorputz ugari (marikak, transexualak...) beraien pribilegioei uko egin eta beste leku batean daudenak. Emakume matxistak ere bai: Maria Dolores de Cospedal, Esperanza Agirre... Baina horiek ez dute emakume moduan sufritzen, paperik gabe edota kalean lan sexuala egiten dabilen etorkinak bezala. Feminismoaren subjektua emakumea da, baina ez emakume guztiak.
Nola aplikatu genero ikuspuntua erakunde publikoen aurrekontuetan?
Diruak ez dauka sexurik, baina diru banaketak bai. Hirigintzan, adibidez, arkitekto bat ez bada konturatzen hiria politikoki eraiki eta guneak politikoki banatzen direla, akabo! Herri eta hiriak ez dira historian beti era berean sortu. Auzo batzuk autoentzat egiten dira, bertako biztanleak lotara baino ez dira joaten etxera. Horietan ez dago ez dendarik, ez bizitzarik, eta zoragarriak dira emakumezkoak bortxatzeko! Ez dakit jendea konturatzen den, baina generoarena da gorputz batek jasotzen duen funtsezko lehen sailkapen edo definizioa, bizitza osoa gehien mugatzen duena. Izenaren aurretik, lehen ekografian horri begiratzen zaio. Halere, egia hori ez da biologikoa, zientziak sortutakoa baizik. Gorputzak bimorfismo hori baino gehiago dira, sexu arra ala emea ez da aukera bakarra. Gure zientzia modernoak binomio hori egia bakarra balitz bezala sortu zuen, eta sinetsarazi egiten digu, baina ez da egia: badaude gorputz intersexualak, emakume bezala ezagutzen ditugun gorputz askok XY kromosomak dituzte, eta gizonezkoek baino testosterona gehiago... Sexualitatea oso konplexua da, guztia ez da sartzen binomio horretan.
Non dago genero indarkeriari irtenbidea emateko gakoa?
Leku askotatik heldu behar zaio gaiari, oso konplexua delako. Indarkeria gizonezko-emakumezko banaketaren muinean dago. Emakumeak indarkeriaz desjabeturik gaude: ez gara gai, ez dakigu, txikitatik irakatsi digute indarkeria ez erabiltzen. Gizonezkoa, aldiz, nahita hezten da indarkeria baliatzeko, ez da hori ekidin nahi. Azaroaren 25ean politikari guztiak indarkeriaren aurka daudela esaten ikusiko ditugu, baina gero polizia produzituko dute eta, polizia ekoizteko, maskulinitatearen eredurik indartsuena erabiliko dute. Maskulinitatearen ezaugarri garrantzitsuena indarkeriarako trebatua egotea da. Estatuari ez zaio interesatzen indarkeriarik gabeko jendartea. Azken finean, denok dugu indarkeriarako ahalmena, baina gure gizartean oso modu desorekatuan banatzen da, gorputz batzuk indarkerian sekulako trebetasuna izateko hezten direlako. Gizartean dagoen indarkeria era orekatuan kudeatu behar da, zer egin denon artean adostuta. Alferrik esango dugu indarkeriaren aurka gaudela gauzak benetan aldatzen ez diren bitartean. Ni estatuak ez nau zaintzen, ezta poliziak ere, epaitegian ez naiz oso seguru sentitzen. Estatua bera da indarkeria, indarkeriaren monopolioa daukan heinean. Eta estatu hori bera da, azaroaren 25ean argazkia atera ondoren, emakumeei dirua murrizten diena. Espainian, PPk dirurik gabe utzi ditu genero indarkeriari aurre egiteko zeuden azpiegitura guztiak, ahulduta. Indarkeria matxistari benetan aurre egiteko lana serio hartu behar da, ez baitago hori baino garrantzitsuagorik. Halere, hemen beste guztia da garrantzitsuagoa: atez atekoa, errepideak... edozein txorakeria. Benetako interesa behar da, eta ez dago.
Alderdi politikoek definituta dute zer pentsatzen duten feminismoaren inguruan?
Alderdi politiko ezberdinak daude. Ez dut uste, adibidez, PP eta EH Bildu genero gaietan ados egongo direnik. Halere, sumatzen dut alderdi politiko ia guztientzat berdintasunak ez duela lehentasunik; batzuentzat, paperean agian bai, baina gero zerbait falta zaigu gaia jorratzean. Alderdi batek feminismoaren ikuspuntutik ez du zilegitasunik, ez da sinesgarria, mugimenduarekin harremanik izan ez badu. Alderdiburu eta kargu feministak behar ditugu. Alderdiek alderdikoak ez diren feministak hartu behar dituzte beraien baitan, ez dituenak alderdiak isilaraziko. Pepito Grillo bat jarri behar da, leku guztietan. Ni profil asko batzen dituzten plataforma irekien aldekoa naiz, asanbladaren zailtasunak behetik gora landuta, baina alderdi politikoak oso hierarkikoak dira, guztiek dituzte euren egiturak. Gu beste planeta batean bizi gara! Koordinakundeak, plataformak... beste mundu bat. Batzuetan pena ematen dit, ezagutzen ditudalako alderdietan lan piloa egin duten emakume feminista zirikatzaileak. Egon badaude, baina ez dute pisu handirik euren alderdietan.
Espainiako Gobernuaren Abortuaren Lege proiektuak kritika ugari jaso ditu...
Haurdun gelditu eta erditzeko legerik behar al da? Ez dago gobernu honen mamia hobeto islatzen duen murrizketarik. Jende askok sinesten du kapitalismoa beharrezkoa dela, eta onartu egin ditu orain arteko murrizketa ekonomikoak, beharrezkoak direlakoan. Baina ekonomia ideologia da, eta pertsona asko orain konturatu dira horretaz abortuaren lege proiektu honekin. Gure jendartea produzitzen duen sistema hetero-kapitalista honek lotu egiten du emakumearen gorputza. Nola? Bada, haurdunaldian subjektu kategoria lapurtuz, emakumearen gorputza estatuaren mende jarriz; ondorioz, ume horiek ez dira emakumeenak, estatuarenak baizik. Proiektuaren arabera, emakumeak ez dira gai beren gorputzak kudeatzeko, subjektu handiagoa da jaio gabeko enbrioia emakumea bera baino. Estatuak, murrizketa ekonomikoen bidez, gorputz guztiak jarri ditu kapitalaren mesedetan lanean, eta jendarte kapitalista honen lehen produkzioa ez dira produktuak, gure espeziea baizik. Lege honekin, estatuak emakumearen gorputza kontrolatu nahi du, jendarteak bere elementurik garrantzitsuena (gorputzak) sortzen duen unean. Izugarria da! Estatua emakumearen tutore bihurtzen da, psikiatrak erabiliz! Transexualitatearen kasu bera da. Emakumea ume bihurtzen du, hiritartasunik gabeko gorputz XXI. mendean. Abortuak ez du legerik behar, librea eta doakoa izan behar du. Emakumeok helduak gara!

KOLKOTIK

Behin esan zenuen ez duzula inoiz gonarik jantziko, zergatik? Bada, jantzi dut, drag queenarena egiteko! Horrekin esan nahi nuen ez nautela inoiz ikusiko feminitate eredu batean sartua. Zerk ematen dizu beldurra? Gure jendartearen noranzkoak. Twitterrek kateatuta zaitu? Kateatzen hasia naiz! Zer izan nahi zenuen txikitan? Astronauta. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Matxismoa bukatu da. Larunbat gauerako planik onena? Lagunekin ateratzea. Zertaz zaude harro? Lortu dudan bizitzaz. Damutzen zara ezertaz? Bai, baina ez diot nire buruari etengabe gogorarazten. Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Neure burua, besterik ez. Liburu bat? Beti esaten dut Orwellen 1984, zirrara handia eragin zidanalo. Oso gogoan dut oraindik, ez da inoiz modaz pasatuko.