Laburra, baina gihartsua

KRISTOEZKURRIK ONENAK
Eskean Kristö
Baga Biga 2016                       

Zale askoren ustez, Eskean Kristö betetzen ari da euskaraz egindako hard rockaren esparruan Sexty Sexers taldeak utzitako hutsunea. Azote kaldüz aurreko diskoak itxaropen handia piztu zuen, eta orain itxaropen hori berretsi dute Ezkurrik onenak honekin. Sustraiak 70eko hamarkadan dituen rock gihartsua egiten dute Eskean Kristökoek, molde klasikoei jarraiki, riff boteretsu eta itsaskorretan oinarritua. Baina, aldi berean, Arratiakoek jakin dute larregizko mimetismotik ihes egiten, eta sei abesti hauetako bakoitzari tonu berezia ematen asmatu dute: Gure bazterrak-en blues doinua, Ardi galdua-n perkusioak, Aita saldu nauzu-n ukitu lisergikoak... Akatsen bat topatzekotan, diskoa oso labur egin zaigula esan beharko genuke (ordu erdira ere ez da iristen), baina, 70 minutuko CD aspergarrien garai honetan, akatsa baino bertutea da entzulea gosez uzteko irrika hori. 
Gotzon Hermosilla