Hauts haietatik

hautsUnai Villena
Elkar, 2016

Demagun mendebaldea piramidea dela, eta gizartea osatzen dugun pertsonok bertan (edo hortik kanpo) bizi garela. Gizartean dugun botere mailaren (botere ezaren) arabera, goiko erpinean (gizon heldu heterosexual zuri diruduna), tartean (emakume heldu zuri heterosexual diruduna, gizon gazte heterosexuala) edo oinarrian (lesbianak, migratzaile batzuk…) egongo gara.
Piramidearen oinarri horretatik kanpo, ordea, piramidetik baztertutako eta, ondorioz, estigmatizatutako pertsonak daude; hau da, jendartearen parte izan arren, bertan parte hartzen ez dutenak: prostitutak, migratzaile asko, junkieak, hiesa dutenak, zoroak … Hau da, emakume lesbiana prostituta migratzaile beltz junkie ihesdun zoro pobre zahar edo gaztea izango da piramidetik kanpo behe-behean dagoen gorputz hori.
Unai Villenak piramidetik kanpora eraman gaitu bere lehen eleberrian, eta Euskal Herriko 80ko hamarkadan jaiotako mutil gazte junkie (speed gau asko) eta zoro (eskizofrenia) bati bildu dio gogoa. Bertan, Ander lagun eskizoaren historia kontatu digu Oier voyeur gehienetan zentzudunak, mendebaldeko gaurko gizarte sistemaren arauak jarraitu ez jarraitu lehia antzekoan.
Ukituko zaituen salaketa ageri da nobelan, adiskidetasun aldarria egitearekin bat, eta, aldi berean, idazkera zoragarri horren bidez, eguzki-izpi zenbait iritsi zaizkio piramidearen itzalpeari.
Alaitz Andreu Eizagirre