Sarean.eus agerkari digitala jaio da

sarean

INFORMAZIO eta komunikazio teknologiak lantzeko xedearekin, Sarean.eus, Internet eta Teknologia izeneko agerkaria sortu du PuntuEUS Fundazioak. Maiatzaren 17an aurkeztu zuten Iruñean, Interneten Nazioarteko Eguna zela-eta antolaturiko I. Euskarazko Interneten Egunean. Izenburuak berak argi azaltzen du hedabide berriaren helburua: informatzea, entretenitzea eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea. Horretarako, kolaboratzaile sare zabal baten laguntza eta parte hartzea izango du: Iratxe Esnaola, Josu Waliño, Joxe Rojas, Lorea Arakistain... Astero plazaratuko ditu artikuluak Sarean.eus-ek. Maiatzaren 17ko hitzorduan, halaber, Gailurra beti dago gorago ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten. Animaziozko lan laburra da, eta euskarak Interneten izandako bilakaeraren berri jasotzen du. Hots, Interneten historian euskarak emandako urrats garrantzi-tsuenak eta ipinitako mugarri nagusiak ditu hizpide, eta, aldi berean, etorkizuneko erronkak ditu aipagai. http://www.domeinuak.eus webgunean dago ikusgai.


 

EHU-Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak berritu eta osatu egin ditu sarean dituen hainbat baliabide. Batetik, eta kontuan hartuta batez ere haiei begira sortu dituztela, ikasleei arrunt interesgarriak egingo zaizkien bi aplikazio aurkeztu ditu: Euskal Adizkitegi Automatikoa eta Euskal Kasutegi Automatikoa. Lehenak, euskal aditzari buruzko jakingarriak jasotzeaz gain, adizkiak osatzeko aukera ematen du, eta ordenagailuan nahiz gailu mugikorretan balia daiteke. Bigarrenak, berriz, hitzak deklinatzerakoan sor daitezkeen zalan-tzak argitzeko balio du. Oraingoz, ordenagailuetan bakarrik erabili daiteke. Bestetik, bi corpus aurkeztu ditu: bata XXI. mendeko testuak biltzen dituen Egungo Testuen Corpusaren bertsio berria da, aurreko bertsioari 65 milioi hitz gehituta, 270 milioi hitzetara iritsi dena, euskarazko corpusik handiena bihurtuta; besteak, Hizkuntzen Arteko Corpusak, 20 milioi hitz ditu eta lau hizkuntza parekatzen ditu: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Bereziki tresna aproposa izan daiteke itzultzaileentzat, parekoak diren testuetan idazle bakoitzak zein hitz eta nola erabili dituen erakusten duelako. Baliabide guztiok EHUren Euskara Institutuaren webgunean (http://www.ehu.eus/eu/web/eins) erabil daitezke.

LABURREAN

itzultzaileaEUSKO JAURLARITZAREN itzultzaile automatikoari (http://www.itzultzailea.euskadi.eus) berrikuntzak gehitu dizkiote, eta, hala, orain arteko eskaintza aberastu dute:  euskara-ingelesa itzulpenak ere egiten ditu orain. Horrekin batera, sakelako telefonoetan erabilgarria izango da aurrerantzean, bai Android eta bai iOs sistemak baliatzen dituzten segapotoetan.


laboaMIKEL LABOAREN obra eta biografia jaso-tzen ditu www.mikellaboa.eus webguneak, Mikel Laboa katedraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sortutako guneak. Informazio ugari biltzen du, eta ikerlarientzako tresna izateko xedez jaio da. Bost atal nagusi ditu: Biografia, Grabazioak, Kantak, Bibliografia eta Hemeroteka eta Zenbait Dokumentu.