Agur kopia piratei

Gazteenontzat zentzugabekeria izango da seguruenik, baina garai batean, Internet hedatu aurretik, ordenagailuak makina isolatuak ziren. Makina batetik bestera informazioa pasatzeko modu bakarra disketeak ziren, gehienez 1,4 megako edukiera zuten euskarri magnetikoak. Sistema eragilearen bertsio berri bat edo aplikazio potolo samar bat instalatu behar zenean, kutxa bat erosten zen; haren barruan 10, 25, 30 disketeko sorta ederra aurki zitekeen, bakoitza bere zenbakitxoarekin. Hortxe ibili beharra zegoen: “Jarraitzeko, sartu 6/24 disketea”. Instalazioak kale egiten bazuen, lehenengotik hasi beharra zegoen, eta diren eta ez diren jainko eta jentil guztiei erregutu, disketetako bat ez zedin egon eremu elektromagnetikoren batek kaltetuta...
Gero, edukiera handiko euskarri magneto-optikoak etorri ziren. 100 megatik gorako edukiera zuten diskete formatu berriek, baina ez ziren iritsi estandarizatzera. Ondoren, disko optikoak: CDak, DVDak, Blu-Ray... horiek asko erraztu zuten tamaina handiko softwareen banaketa.
Baina garai hori ere amaitu da, edo, behintzat, desagertzeko bidean dago. Sistema eragile nagusiak jadanik ez dira euskarri fisikoetan banatzen. Internetetik deskargatzen dira zuzenean. Eguneraketak ere, halatsu; batzuetan, erabiltzailea konturatu ere egin gabe. Saiatu eta saiatu arren, gero eta zailagoa da Windows, Mac OS zein GNU Linuxen disko fisiko bat topatzea. Lainoan dago guztia.
Berdin gertatzen da aplikazioekin. Aurrekoan, sekulako fanfarriaz iragarri zuen Whatsappek ordenagailuetarako aplikazio berria atera zuela. Gezur txiki-handia izan zen hura. Aplikazio hori mininabigatzaile bat besterik ez da, Whatsappen web aplikaziora zuzenean eramaten gaituena.
Aplikazio konplexuagoekin ere berdin gertatzen ari da. Photoshop eta antzekoak ere harpidetza eredu batera eramaten ari dira: aplikazioa ez da inoiz ordenagailura deskargatzen, sareko zerbitzari batetik exekutatzen da zuzenean. Horrela, askoz errazagoa da, adibidez, programazio akatsak zuzentzea: behin eginda, zerbitzarian, erabiltzaile guztiek berehala igarriko dituztelako. Hori bai: hasi pentsatzen amaitu zaigula aplikazio garestiak dohainik erabil zitezkeen garai hura...