Gure hondakinak

julenJulen Gabiria

Zutabe hau idazten hasi eta konturatu naiz zeinen zaila den nostalgiari buruz hitz egitea, nostalgiko jarri gabe. Ez ote den askoz errazagoa, adibidez, gorrotoari edo minari buruz hitz egitea, gorrotorik edo minik sentitu gabe.
Kontua da Galdakaoko (eta ez, gehienek esaten duten moduan, Artxandako edo Bilboko) Jolas Parkeak 26 urte daramatzala itxita eta, antza denez, urtea amaitu baino lehen desegingo dutela. Ohituko gara hutsunera, lehenago ere ohitu izan garen moduan gure haurtzaroa populatu zuten toki guztien desagerpenera. Nahiz eta, beharbada, gezurra den desagerpen horietara ohitu garela; agian, gertatu dena da ahaztu egin garela toki horiek bazirenik ere. Esate baterako, tarteka akordatzen naiz zein ziren herriko kale nagusiko dendak umea nintzela, eta harrigarria egiten zait, 80ko hamarkadaren hasieraz ari garen arren, denda horietako batzuk nolako antza zuten 40ko edo 50eko hamarkadakoekin, betiko joan den mundu batekin. Ez dakidana da beste inor gogoratzen ote den airean joandako mundu horrekin, ala, oroitzapen-une horietan, existitzen ez den paisaia bateko biztanle bakarra naizen.
Aipatutako Jolas Parkeari dagokionez, hondakin ugertuak baino ez daude han, gastu handiak sorrarazten dituztenak. Hasiko banintz zuei kontatzen zer dakarkidan parke horrek burura, zer ikusitakoa naizen han, hasiko banintz deskribatzen hango zoko-moko guztiak, esango banizue orain Txinan omen dagoen noriaren goiko puntatik zer ikusten zen, orduan bai nostalgia-lerdez beteko nuela orri hau. Baina, bestetik, bururatzen zait munduko diputazio guztiek izan beharko luketela aurrekontu-partidaren bat garai batean haur izan ginenon oroitzapenek sorrarazten dituzten gastuak ordaintzeko. Hondakin batzuk han eta hemen barreiatuta, Osborneko zezenen antzera, joandako munduak gogorarazteko, memoriari ahanzturarako tarterik ez uzteko. Garestia da, bai, baina ez didazue ukatuko: hori baino okerragoa da ni bezalako aitona tipulinen batailatxoak jasan beharra.