Urduritasuna Lasaitasunan

esa

Urtebete igaro da Esako Lasaitasuna urbanizazioko bizilagunak beren etxeetatik kanporatu zituztenetik, eta oraindik noraezean jarraitzen dute. Esako urtegia handitzeko lanen eraginez, lurrak mugitu egin dira, eta gertatzen denaren inguruan bi iritzi dira nagusi: batetik, Ebroko Ur Konfederazioak dio “guztia kontrolpean” duela, eta, bestetik, hainbat adituren esanetan “oso zaila izanen da mugimenduekin amaitzea”. Lasaitasuna gailentzen zen etxe-multzoan, urbanizazioaren izena baino ez da geratzen. Arrakalak eta pitzadurak dira bizilagun berriak. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.

 

Haizearen zurrunbiloak hausten du Lasaitasuna urbanizazioko isiltasuna. Karrikak hutsik daude, mutu, filmetako herri mamuen antzera. “2013ko otsailaren 8ra arte, leku atsegina zen gure auzoa: oso giro ona zegoen, oporretara etortzen zirenak oso gustura egin ohi zuten; oro har, zoriontsu bizitzeko lekua zen” dio bertako bizilagun Idoia Fernandezek. Aitzitik, iaztik hona, tristura da bizilagunen aurpegietan islatzen den sentimendua.
Izan ere, Esako urtegia handitzeko lanen eraginez, lurra mugitzen hasi zen eta, horrenbestez, 85 etxetatik 44 hustu behar izan zituzten. Urtebete igaro ostean, 33 familia geratzen dira etxera itzuli ezinik, eta bueltatzeko aukera izan duten askok beldurragatik ez dute egiten. “Lasaitasun mezuak bidaltzen dizkigute, baina gezurrezkoak dira. Informazioa ezkutatzen digute, eta nahiago dute  jendearen segurtasunarekin jokatu benetan zer gertatzen den esan baino” azpimarratu du Fernandezek.
Amaierarik gabeko amets gaiztoa bizi du. Bihotza txikitzen zaio etxera sartzen den bakoitzean. Ebroko Ur Konfederazioak (EUK) segurtasun eremuan sartu badu ere, beldur da etxe barruan. Etsipena du itzal; alabaina, indarra ere badu aurrera egiteko: “Oso urte gogorra izan da. Bat-batean, gure etxeetatik alde egiteko bi egun baino ez genituela esan ziguten, azalpen askorik eman gabe”. Hala ere, urbanizazioko etxeak eta errepideak ikusi besterik ez dago egoeraz jabetzeko, pitzadurak eta arrakalak baitaude nonahi: “Aseguru-etxeek ez dute gutariko askoren etxeak babesten jarraitu nahi,  ez baitira fidatzen egoerarekin”.    
Fernandezen auzokideek ere errealitate bera bizi dute, baita El Mirador urbanizazioko 16 familiek ere. 2013ko otsailean kaleratu zituztenetik, etengabe ari dira borrokan burura datozkien galderei erantzuna aurkitzeko. Haatik, Nafarroako Gobernuaren eta Ebroko Ur Konfederazioaren “utzikeria” salatzen dute: “EUK baldin bada egoeraren erruduna, normalena litzateke beraiek ordaintzea kalte-ordainak”.
Mugimendua, arazoen iturri
Nekez ahantziko da 2013ko urte hasiera. Adinekoen hitzetan, garai bateko neguen antzekoa izan zen iazkoa: etengabeko euriteak eta elurra mara-mara, batez ere Pirinioetan. Esako urtegiak Nafarroa eta Aragoiko mendietako urak biltzen ditu, Bardeako Ubidetik hegoaldera eramateko. Hori dela eta, EUK azaldu digunez, “urak zuzeneko eragina izan zuen eskuineko magalean (urbanizazioak dauden eremuan), handitze lanekin batera”.
Alabaina, lurraren mugimendua ez da atzoko kontua, ezta urtegia handitzeko lanen ondoriozko kezka ere. Izan ere, Zangozako eskualdeko azpiegitura hidraulikoa beti egon da herritarren ahotan, sor dezaken sarraskia hitzetik hortzera. Ikuspegi kritikoa izan dutenen artean René Petit ingeniaria zegoen, Esako urtegiaren eraikuntza-lanen zuzendaria. 1983ko azaroaren 6an, Navarra hoy egunkarian aitortu zuen handitze lanek “beldur handia” emanen lioketela, eraikitzen ari zirenean “hainbat arazo” izan baitzituzten geologiarekin. Era beran, “gau asko begirik bildu gabe” eman zituela azpimarratu zuen, gerta zitekeenarekin arduratuta baitzegoen.
Zalantzarik gabe, Petiten hitzak hautsak harrotu zituen, eta haren testigantzak indartsu jarraitzen du gaur egun ere. Aitzitik, Ebroko Ur Konfederazioko teknikariek azaldu digutenez, garai hartatik hona “asko aldatu da lan egiteko modua, baldintza teknologikoak hobeak baitira, eta handitze lanak segurtasun eta ingurunearekiko neurri zorrotzen arabera egiten ari dira”.
Ingeniariaren kezken artean bada pisu handiko argudio bat: zonaldeko geologia. Zaragozako Unibertsitateko irakasle Antonio Casas geologoaren azalpenen arabera, eremu sismikoa da Esako urtegia; 1923an, esaterako, Mercalli eskalan 8 graduko lurrikara egon zen. “Urtegia handitzeko lanak magal ezegonkorretan egiten ari direnez, eraginak sortzen dituzte lurraren drainatze sisteman”. Ildo beretik, Casasek dio magaletan zerbait egin den bakoitzean lurrak mugituz erantzun duela: “2006an, zabortegi bat eraiki zuten ezkerreko magalean, eta lurrak metro batzuk behera egin zuen, bertako materiala oso ahula baita horrelako ekintzak jasateko”.   
Urte batzuk geroago, arazoaren epizentroa beste magal batera aldatu zen, eta mugimenduak Lasaitasuna eta El Mirador urbanizazioko lurretan hasi ziren. Idoia Fernandez bizilagunak adierazi digun bezala, aspaldidanik daude pitzadurak eta arrakalak karriketan, baina ez orain daudenen tamainakoak. “Zehatz-mehatz, ez dakigu lur azpian zenbat metrora dagoen mugitzen den geruza. Geologikoki ere ez ditugu magalaren ezaugarriak behar bezala ezagutzen; Konfederazioak, ordea, lanean jarraitzen du, zer dagoen ongi jakin gabe. Argitaratu dituzten ikerketetan ere ikus daiteke gauzak gaizki egiten ari direla” dio Casasek.
Egoerari premiazko irtenbidea bilatzeko, etxeen atzeko mendia hustu dute: orotara, 1.500.000 HM3 lur atera dituzte, “mugimenduekin amaitzeko”, eta egonkortze lanek 25 milioi euroko aurrekontua izan dute: “Otsailean hasi ginen lanean, eta esan genezake egoera kontrolpean dugula. Mugimendu oso txikiak daude oraindik, baina magala egonkortzen denean, ez dugu arazorik izanen” azaldu digute EUK-ko iturriek.
Halere, oro ez da urre, eta Antonio Casas ez da Konfederazioa bezain baikorra: “Hilean milimetro bat mugitzen da, urtean 10 zentimetro (iaz 20 zm mugitu zen). Noiz eroriko da magala? Ez dakigu. Baliteke gaur bertan erortzea, edo bihar, edo hemendik 200 urtera, edo inoiz ez. Dakigun gauza bakarra da mugitzen ari dela, eta ez dela gelditzen. Benetan, egoera dramatikoa da” dio geologoak.
Zangoza, “begirik bildu gabe”
Alarma gorria iazko otsailean piztu zen, Ebroko Ur Konfederazioak aitortu bezala. Lurraren mugimenduaren eraginez, eskuineko magala erortzeko zorian egon zen, eta, gertatu izan balitz, “sekulako hondamendia izanen zen”, Casasen aburuz; besteak beste, Zangoza herria (5.177 biztanle) ur azpian desagertuko litzateke.
Aragoi ibaiaren ertzean kokatzen da Nafarroako Enrique II.aren herria, Esako urtegiaren oinetan. Historikoki, Zangozaren eta ibaiaren arteko harremana gazi-gozoa izan da: urak gainezka egiten zuenean, karriketara iristen zen. Hori dela eta, urtegia eraiki zutenean, uholde arriskuak behera egin zuen, herriaren mesederako. “Paradoxa da. Lehen laguntzen zigunak, orain kaltea dakarkigu” dio Iker Aramendiak, Yesa + Ez, Lanak gelditu! plataformako kideak.
Zangozarrek mende erdia daramate azpiegitura hidraulikoaren azpian bizitzen. Azaltzen dutenez, betidanik egon dira mugimenduak inguruan; haatik, “egoera ez da inoiz hain larria izan”. Izan ere, azken urte hauetan, ohi baino gehiago mugitu da urtegia: “Zazpi urte daramagu ostiralero kaleratzen, pankarta baten atzean. Ez dut alarmista izan nahi, baina erortzeko arriskua hor dago, eta jendeak gertatzen dena jakin behar du” dio Aramendiak.
Iaztik hona, ordea, kezka areagotu egin da, benetako arriskua 2013ko otsailean sumatu baitzuten. “Oso urte gogorra izan da. Gau asko eman ditut begirik bildu gabe. Magala erortzen bada, gureak egin du, herritarren % 80 bizi baitira ibaiertzean” azpimarratu du. Egoera horren aurrean, Antonio Casasek dio zangozarrek herria azkar husten jakin beharko luketela; izan ere, ezbeharra gertatuko balitz, 15-30 minutuko tartea izanen lukete beren etxeetatik alde egiteko: “Bizilagunen aukera bakarra 24 orduko zaintza lanak egitea da, haustura gertatuz gero, herria ahalik eta azkarren husteko; finean, 500 HM3 ur etor liezaieke gainera”.
Iritzi guztiak bat datoz gauza batean: ezbeharrak sarraskia eragingo luke. Halere, Ebroko Ur Konfederazioak dio goi mailako teknikariak ari direla lanean, eta segurtasuna lehenesten dutela. Horregatik, Zangozako Udalarekin batzartu zenean, handitze lanen zehaztasun guztiak aurkeztu zizkioten herriko alkateari, eta esan zioten eskuineko magala erortzeko arriskutik kanpo zegoela eta ez dagoela zertan kezkatu.
Horiek horrela, iazkoan, segurtasuna handitzeko, bozgorailuak ipini zituzten herrian, ustezko arriskua baletor herritarrei jakinarazteko. Bizilagunak, berriz, ez dira fio; Damoklesen ezpata dute buru gainean.  “Oraindik ez dugu simulazio bat bera ere egin. Ez digute azalpen garbirik eman” dio Aramendiak. Iritzi berekoa da Antonio Casas: “Gauez ipini zituzten bozgorailuak ez dira ezbeharraren berri emateko, sarraskia amaitu dela ohartarazteko baizik”.
Dena dela, alarma gorria 2013ko otsailean piztu bazen ere, benetako arriskua ekainean gauza daitekeela diote. Izan ere, uda hasierarako urtegiak neguko ur guztia bilduko du, eta bat-batean sorturiko ekaitz baten ondoren ur gehiago biltzen badu, azkar hustu beharko lukete: “Bat-batean hainbeste ur askatzeak lurra mugiarazten du, eta magalak erortzeko arriskua areagotu” dio Casasek.
Ura, altxor preziatua
Nazio Batuen Erakundeak dio gizaki orok duela ura izateko eskubidea, pertsonon osasunaren iturri baita. Hori ukatzen duenik ez dago. Zalantzan jartzen dena uraren erabilera egokia da. Esako urtegia 1920an hasi ziren eraikitzen eta Gerra Zibilaren ostean, 1959an, inauguratu zuen Francisco Franco jeneralak. Eraikuntza prozesuan, hainbat herri geratu ziren ur azpian, Tiermas, kasu.
Urtegiaren helburua Nafarroako Eska ibaiko eta Aragoiko Aragoi ibaiko urak biltzea zen, Bardeako Ubidean barrena Erriberako landa eremura eta, bereziki, Zaragozara bideratzeko; alabaina, azpiegitura erraldoia txiki geratu zen urte batzuen buruan. Horrenbestez, 70eko hamarkadan Estatuak handitu egin behar zela erabaki zuen, herritarren mesederako.
Proiektu berriak orain dagoena hirukoiztu nahi du: material askeko urtegia izanen da, piramide erraldoi baten antzekoa, eta 108 metroko garaiera izanen du. Bilduko duen ur kantitateari dagokionez, hirukoiztu eginen da eta, guztira, 1.500 HM3 jasoko du. Antonio Casasek mesfidati kusten proiektu berria: “Arazoa barne erosioa da, eta hormigoizko pantaila bat duela, koroatzearen ondorioz gainezka egin dezan  ekiditeko, egungoa baino askoz meheagoa”.
Iritziak iritzi, Ebroko Ur Konfederazioak argi dauka lanekin aurrera eginen duela, “lehentasunezkoa baita, zonaldearen garapena bultzatu ahal izateko. Bi helburu nagusi ditu: batetik, Zaragoza hiriko ura bermatzea (600.000 biztanle), eta, bestetik, Ebro ibaiertzeko sail ureztatuak babestea. Ez du bestelako erabilerarik izanen”.
Aitzitik, Uraren Kultura Berria Fundazioak ez dauka hain garbi Esako ura zertarako erabiliko duten. Zalantzan jartzen dute proiektuaren xedea, eta atzean interes politikoak daudela salatzen dute: “Gero eta garbiago dugu honekin guztiarekin Ebroko ura batetik bestera eraman nahi dutela; ibaiertzean ubide bat eraikiko dute Pirinioetako ura Levantera eramateko eta han golf zelaietan, jolas parkeetan eta urbanizazio handietan erabiltzeko” azaldu digu elkarteko kide Belen Ausejok. Bere ustez, Zaragoza ez dago ur faltan, La Loteta urtegiak hornitzen baitu hiria.
Ura dagoen lekuan bizitza dago; ezin besteko baliabidea da bizidunontzat, altxor gardena, alegia. Horiek horrela, bada pare bat urte Europak uraren kudeaketa berri baten aldeko hautua egin zuela. Kontsumo arduratsua aldarrikatzen dute, eta urmaelak, errekak eta kostaldeak babestea; baina, batez ere, kultura berria sustatu nahi du. Hori dela eta, Ausejoren fundazioak mesfidati ikusten du urtegia handitzeko lana, eta, horrenbestez, 2004an hainbat ideia aurkeztu zituzten azpiegitura erraldoiari aurre egiteko: “Gure ustez, lehenik eta behin, ureztatzeko lurrak aztertu beharko lirateke ongi. Erribera lur lehorra da, eta, soroak ureztatu arren, drainatzeko zailtasunak izaten dituzte. Horregatik,  benetan ureztatzeko onak diren soroak hautatu beharko liratekeelakoan gaude”.
Bide berari jarraiki, ureztatzeko sistema berrien aldeko apustua egin beharko litzatekeela dio. Alegia, orain dagoena zaharberritu, uraren kontsumo arduratsua bultzatzeko. “Urtegiaren ur maila jaitsi egin beharko litzateke, segurtasun maila egokia izan arte” dio Ausejok. Ondoren, azpiegitura hidraulikoa probestuz, Bardeako Ubidean zehar putzu txikiak eraikitzea proposatzen dute, nekazariek beren baratzak ureztatzeko ura izan dezaten. Horiek neguan beteko lirateke, udan erabiltzeko prest egoteko. “Gure proposamena askoz ekonomikoagoa da, ekologikoagoa, eta ez luke inolako gizarte-ondoriorik sortuko”.
Azken urte hauetan, iritzi asko sortu dira Esako urtegiaren inguruan. Batzuek, azpiegituraren alde onak ikusten dituzte; beste batzuek, berriz, zalantzan jartzen dituzte. Iritzi zurrunbilo horren erdian bizi dira Esako Lasaitasuna eta El Mirador urbanizazioetako bizilagunak, urtegiaren benetako helburuarekin arduratuta baino, etorkizunak kezkatuta. Batzuentzat beraien lehen etxebizitzak dira; beste batzuentzat, aldiz, bigarren egoitza. Baina guztientzat zen amesten zuten lekua:  “Txarrena da denborak aurrera egiten segitzen duela eta ez dela ezer konpondu. Auzokide askorentzat oso gogorra da onartzea ezin izango dutela etxera itzuli” dio Fernandezek. Bien bitartean, Ebroko Ur Konfederazioak esaten die udaberrirako konponduko dela arazoa, baina ez dira fidatzen. Nekez itzuliko da lasaitasuna Lasaitasunara.