Mozalik ez!

mozal

Axier Lopezi elkartasuna azaltzeko eta Mozal Legearen aurkako elkarretaratzea Donostian. AIZU!ren elkartasun osoa, orriotatik.

Adierazteko, informatzeko eta informatua izateko eskubideak oinarrizkoak dira, edozein gizarteren osasun demokratikoaren neurgailu adierazgarriak. Espainiako Gobernuak iaz indarrean jarritako Herritarren Segurtasun Legeak jomugan paratu zituen funtsezko eskubide horiek, zigorra mehatxu, autozentsurari bide emanda. Dagoeneko nabaritu ditugu Mozal Legea deiturikoaren ondorioak: 601 euroko isuna ipini dio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Argia astekariko Axier Lopez kazetariari, Twitterren atxiloketa baten argazkiak “inongo baimenik gabe” jartzeagatik. Mozal Legearen ondorioz Euskal Herrian zigortutako lehen kazetaria izan da. Zehapenak elkartasun eta protesta oldea eragin du, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. Argiak, bere aldetik, isuna ez ordaintzea eta helegitea jartzea erabaki du. Botereari men egin gabe eta inongo morrontzarik gabe informatzen jarraitzea baita, mehatxuak mehatxu, lege bidegabeari aurre egiteko modua. Izan ere, Lopezek berak esan bezala, “legeak lege, kazetaritza ez da delitua”. Kazetariak nahiz herritarrak isilik eduki nahi izatea, horixe bai delitua!