Nafarroa

Euskarari bide emateko manifestaziora deitu du Kontseiluak

Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean, manifestazioa egingo du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iruñean ekainaren 4an. Nafarroan aldaketa euskaratik eman dadin nahi du Kontseiluak, eta, horretarako, hainbat ekimen garatzen ari da. Horien parte izanen da Iruñeko manifestazioa. Leloak adierazten duen moduan, euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatuko dute manifestazioan, alegia horri begira neurri ausartak hartu behar direla. Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan bezala, “hizkuntza-politika eragingarriak emango dio bide euskarari”. Argudio gehiago plazaratu ditu Bilbao berak: “Euskarari bide eman behar zaio, justiziazkoa delako, nahitaezkoa delako oreka soziala bermatzeko”. Era berean, euskal hiztunei eta euskaltzaleei ere erreferentzia egin die Kontseiluak, haien euskaraz bizitzeko hautua ezinbesteko oinarria baita. Bilbaoren hitzetan, “euskarari bide emateko hamaika arrazoi dagoela uste dugu; halere, horietan guztietan garrantzitsuena euskaraz bizi nahi izatea da”.