Natura

tigerEhun urtean lehenengoz egin du gora tigre basatien kopuruak

Desagertzeko zorian daude tigreak, oso egoera larrian. Halere, azken mendean lehen aldiz zertxobait gora egin du libre bizi diren tigreen kopuruak. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak jakinarazitako datuen arabera, azken urteotan gertatu da gorakada. Igoera txikia, baina igoera: 2010. urtean munduan 3.200 bat tigre zeudela uste zuten, eta 2016an 3.890 zenbatu dituzte. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren ustez, hainbat faktorek eragin dute horretan: batetik, India, Errusia, Nepal eta Bhutanen hazi egin da tigre kopurua; bestetik, herrialde horietan hobetu egin dira tigreak babesteko neurriak, baita tigreak zenbatzeko erak ere. Etorkizunari begira ere WWF baikor azaldu da, hurrengo urteotan tigreen kopurua bikoiztu egingo delakoan. Arrazoia da tigreen habitaten leheneratzea: nahikoa baso eremu berreskuratu ei da aipaturiko herrialdeetan eta beste zenbaitetan. India da tigre aske gehien dituen munduko herrialdea. Zehazki, 2.226 tigre bizi dira herrialde hartako lurretan. Errusian, aldiz, 433; eta Indonesian, 371.