Ikastolak

dagigunAte joka dira Herri Urrats eta Ibilaldia

Udaberriarekin batera, iritsi dira ikastolen aldeko urteko lehen jai nagusiak. Aurreneko hitzordua, Seaskak antolaturiko 33. Herri Urrats, Senperen izango da maiatzaren 8an. Jalgi izango du lelo nagusi, Bernat Etxepare zenaren esaldi ospetsuena oinarri: “Euskara, jalgi hadi plazara! Euskara jalgi hadi mundura!”. Leloak berak zein beraren jatorriak zuzeneko lotura dute festaren aurtengo helburuarekin. Izan ere, Baionako Bernat Etxepare lizeoaren eraikin berria eraikitzeko erabiliko dituzte maiatzaren 8an bildutako irabaziak. Maiatzaren 29an, ostera, 38.  Ibilaldia egingo da Durangon, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek antolatuta. Euskararen alde egiteko deia argia izango da orduan ere, leloak ondotxo erakusten duenez: Dagigun. Ibilaldian bildurikoa bi egitasmotan inbertituko dute. Batetik, Kurutziagaren Haur Hezkuntzako eraikina berritzeko, eta, bestetik, Ibaizabal ikastolako Batxilergoko eraikin berriaren zorra ordaintzeko. Jaiei buruzko informazio zabalagoa euren webguneetan eskura daiteke: www.herriurrats.eus eta www.ibilaldia.eus.