Turismoa

veneziaVenezian neurriak hartuko dituzte herritarren eguneroko bizimodua errazteko

Urtero hirira trumilka ailegatzen diren turistek etekin handiak uzten dituzte Venezian. Haatik, arazo franko ere eragiten dute. Esaterako, hiria pixkanaka hondoratzen ari da eta, aditu askok diotenez, Veneziara hurbiltzen diren gurutzaontziek zuzeneko eragina dute horretan. Veneziarrek ere sumatzen dute egunerokoan turisten presentzia handia. Horren aurrean, Veneziako Udalak erabaki du herritarrentzako ‘giza korridore’ bat zabaltzea. Garraio publikoan gauzatuko dute neurria, vaporetto izeneko itsasontzien geltoki jendetsuenetan, zehazki. Hirian batera eta bestera mugitzeko garraiobide nagusiak dira vaporettoak, eta turismo sasoian ilara amaigabeak sortu ohi dira geltokietan. Udalak harturiko neurriarekin, herritarrek eta turistek errenkada bereiziak izango dituzte. Gainera, veneziarrek gutxiago ordaindu beharko dute, horretarako propio sorturiko garraio txartel bati esker. Orain arte, 7,50 euro ordaindu behar zituen erabiltzaile orok. Txartelarekin, berriz, 1,50 eurokoa izango dute bidaiaren prezioa hiritarrek. Neurrion xedea da “hiria salbatzea eta bizitzeko egokiagoa bilakatzea”, hiriko alkate Luigi Brugnarok azaldu duenez. Ez da harritzekoa, izan ere,  datuek erakusten dutenez, izugarria da turismoak hirian eragiten duen desoreka: 350.000 bat biztanle ditu Veneziak eta iaz 33,5 milioi bisitari jaso zituen.