Euskara

Hizkuntza maila egiaztatzeko azterketen ebaluazioa aldatuko dute

Zuzentasun gramatikala gutxietsi gabe, komunikagaitasuna lehenetsiko dute euskara azterketen ebaluazioan. Halaxe iragarri du Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak iaz Gobernuari egindako eskaerari jarraiki, euskara azterketak aztertu ostean. Hortaz, azterketen ebaluazioan bestelako garrantzia emango zaie zuzentasunari eta komunikagaitasunari. Hala, komunikatzeko gai izateari balio handiagoa emango zaio, zuzentasuna baztertu gabe. EGA euskararen gaitasun agiriari eta beste zenbait probari eragingo diete aldaketek. Hain zuzen, EGAren inguruko polemiken eraginez etorri da Jaurlaritzaren azterketa. Azterketa horretara aurkezten direnetatik titulua lautik batek lortzen duela-eta hasi zen ika-mika, eta ondorioz Legebiltzarraren eskaria. Horren harira, EGA lortzeko prozesua malgutzeko ere proposatu du Jaurlaritzak, beraz, EGA eskuratzeko gainditu beharreko hiru urratsetan (atarikoa, idatzizkoa eta ahozkoa) konpentsazio sistema bat ezarriko dute. Ahozkotasunari eta komunikagaitasunari garrantzi handiagoa emate aldera, baldintzak malgutuko zaizkie azterketariei. Ildo berean, aztertzaileen lanean ere aldaketak proposatu ditu Jaurlaritzak. Hurrengo urtean hasiko dira aldaketok gauzatzen.