Erribera 13: kanporatze baten kronika

erribera

“Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia” eta kanporatze batek beste okupazio bat dakarrela oihukatuz urrundu ziren Bilboko Erribera 13 gunetik otsailaren 20ra arte bertan bizi izandakoak eta haiek babestera joandakoak. M. Egimendi.

 

Goizeko 9:30ak aldera, kanpora- tze oharra jaso eta 24 ordu igaro barik, “desobedientzia larriagatik” atxilotutakoaren berri jakitera (goizean bertan askatu zuten). Ametsak eta egitasmoak zapuztuta. Akabo hainbat lagunentzako bizitokia, jantoki soziala, dan- tza eta antzerki gunea, gimnasioa eta auto-enplegurako tailerra. Akabo txiki-gunea, rokodromoa, hitzaldiak eta ekitaldiak. “Orain ez dugu etxerik” zioen goibel ordubete lehenago ertzainek teilatutik jaitsitako neska batek.

Otsailak 17, astelehena
Goizeko 10:00etan bildu ziren Erribera 13ko hiru bizilagun AIZU!-ko kazetariarekin. Eraikina okupatu zutenetik ia zazpi hilabete igarota, egindakoak eta egitekoak kontatzeko. Ez zuten berehalako kanporaketarik espero. Elkarrizketa egin, eraikineko solairu guztiak ikusi, argazkiak atera... Erreportajea prest martitzen arratserako.
Otsailak 19, eguaztena
11:30ak aldera jaso zuten Erribera 13n hurrengo eguneko goizeko 9:00etan kanporatzeko agindua. Arratsalderako deitu zuten batzar irekia. Ostegun goizeko 9:00etarako giza harresia osatzea erabaki zuten, bertaratzen zirenak 8:00etan gosaltzera gonbidatuta. Iluntzerako manifestazioa deitu zuten, Alde Zaharreko Unamuno plazatik abiatuta.
Otsailak 20, eguena
Goizeko 6:45ean azaldu ziren ertzainak zazpi furgonetatan, eta atea botata sartu ziren. Bizilagunak teilatura igo ziren, baina ertzaintzak jaitsiarazi egin zituen. Erribera 13ko kideek sare sozialetan salatu zutenez, “jarrera prepotente, probokatzaile, paternalista eta bortitza” erabiliz. Arratseko manifestazioa jendetsua izan zen Zazpi Kaleetan.

Eraikinaren jabeen abokatuaren arabera, etxea ez zegoen abandonatuta: “Birgaitze osoa egiten ari zitzaion, hotel bihurtzeko asmotan”.
Erribera 13koek adierazi zuten “herritarron borondatea turismorako interes espekulatiboekin” eraso zutela: “Sistema judizialak gehien dutenei eman die babesa, antolatzen eta euren eskubideen jabe egiten direnei bizkarra emanez”. Halaber, azaldu zuten ez zutela epailearen aurrean defendatzeko aukerarik izan, “ez baita epaiketarik egon, ezta deklaratzeko aukerarik ere”. Kale gorrian utzi dituzte.

 

Ondoko bi orrialdeotan irakurriko duzuena kanporatze oharra jaso bezperan idatzi zen, Erribera 13ko bizilagunek artean etorkizuna argi ikusten zutenean.

Erribera 13: gero eta etxeago, gero eta irekiago

Bilboko Zazpi Kaleetan, eraikin handi eta eder batek begi itsuekin begiratzen zion aspaldian itsasadarrari, abandonatuta. Aurrez aurre, Bilborock aretoa, Mesedeetako zubia, Erriberako azoka... baina leihoetan argirik ez, inor ez barruan. Azken zazpi hilabetean, ordea, landareak eta banderak agertu dira balkoietan; eta jendea dabil, sartu eta irten, haren erraietan. M. Egimendi.

Pasa den udatik, Erribera 13ko eraikinak gune feminista, euskalduna eta autogestioan eta zuzeneko ekintzan oinarritua izatea du helburu, gehienbat etxebizitzaren arazoa salatu eta irtenbideak proposatu nahian. Okupatu zutenek lau ardatz gogoan ekin zioten okupazioari:  etxebizitza, lana, aisia eta ikasketak. “Gehien behartzen gaituzten loturak dira, baina, beharrak izanik, diru truke lortu behar izaten ditugu”.
Erribera kaleko hamahirugarrena 1924an eraikitako etxea da. Porlanezko egitura du, leku estrategikoan dago, sarrera bat baino gehiago ditu eta izugarri handia da (sotoa, beheko solairua, beste sei solairu eta atikoa). Duela urte batzuk, jabeek hotel bat irekitzeko lanak abiatu zituzten. Hasi bai, baina garai txarrak zetozela ikusita, bertan behera utzi zuten proiektua.
Pasa den urtean sartu zirenean, eraikinak bost urte zeramatzan hutsik. Ez zuten espero aurkitu zutena: egitura berrituta, baina hormarik ez, guztiak botata. Beraz, lehenengo lana, zikinkeria izugarria garbitzeaz gain, hormak eraikitzen hastea izan zen: solairu bat prestatu zuten jantoki eta egongela moduan erabiltzeko, eta seigarrenean hormak altxatzen hasi ziren gelak, dutxa eta abarrak edukitzeko. Ondoren, ura, argindarra, pintaketa lanak... baita beheko solairua ere, hor elkargunea jarri nahi dutelako.
Dagoeneko buruan dute zer egin solairu bakoitzean. Lehenengoan, etorkizunean jantoki soziala izango dena, autofinantzaketarako modu bat izan daitekeelakoan. Bigarrenean, gimnasioa eta dantza eta antzerki gunea. Hirugarrenean, auto-enplegurako gunea, tailerrak-eta egiteko (momentuz, Arte Ederretako ikasleek erabiltzen dute euren lanetarako). Laugarrenean, ikasgelak eta bulegoak jarri nahi dituzte, ikasteko eta bilerak egiteko, “baina beti saiatzen gara beste leku batzuetan dauden gauzak ez errepikatzen. Alegia, ez dugu serigrafiarik behar, Izar Beltz Ateneoan badagoelako; ez dugu kontzertuak egiteko oso leku on bat behar, Zazpi Katu gaztetxea hor dagoelako... Falta dena egin nahi dugu”. Argi izanik etxebizitza sozialak falta direla, bosgarren solairua momentuz hutsik dago, laster bizitoki moduan erabiltzeko asmotan: “Gero eta jende gehiago datorkigu beste modu batean bizitzeko gogoa, nahia edo beharra duelako”.
Seigarrenean daude oraingo zortzi bizilagunen gelak. Proiektuarekiko konfiantza, konpromisoa eta beharrizana eskatzen zaie bertan bizi direnei: “Orain sartzen denak, adibidez, bere gela eraiki beharko du, hots, hormak egin eta atondu Eta, bestela ere, hemengo eguneroko bizimoduak konpromisoa eskatzen du, lan asko baitago egiteko”. Adibidez, barruko patio bat rokodromo bihurtu.
Ateak zabalik
Ostegunero egiten dituzte asanblada irekiak: “Alde batetik, proiektuan sinesten duen jendea etortzen zaigu, parte hartu nahi duelako. Bestetik, hemen gauza daitezkeen ekintzak edo ekimenak proposatzen dituztenak; esaterako, badira txiki-gunea jartzeko eskatzen ari diren gurasoak”. Denetariko proposamenak jaso dituzte, “poesia emanaldi batetik meditazio saioetara”.
Harreman ona dute auzokideekin: “Zozketa bat egin genuenean, inguruko dendek eman zizkiguten gauzak; lehen egunetan informazio mahaiak jarri genituenean, animoak ematera hurbiltzen zitzaizkigun; inguruko tabernetakoek pintxoak ekartzen dituzte...”.
Espero zutenetik “ezer gutxi” egin dutela aitortzen dute, hasierako ustekabea tarteko: “Uste genuen gune berezituak zituen eraikin bat aurkituko genuela, baina ez zegoenez hormarik, eraikitzen hasi behar izan genuen”. Hala ere, zazpi hilabete hauen balorazio ona egiten dute, jende asko hurbildu delako Erribera 13ra. Oso positibotzat jotzen dute leku ezberdin askotatik heldutako kideak biltzea: Kukutzatik datozenak, Gazte Asanbladatik, konpartsetatik, Izar Beltz Ateneotik... “Garrantzitsua da sektore politiko eta antolakuntza sektore ezberdin askotatik etorritako jende piloa elkartzea zerbait egiteko” diote.
Egoera juridikoari dagokionez, orain arte lasai antzean utzi dituzte. Eraikinaren jabeek lehenengo egunean bertan jarri zuten salaketa, baina pasa den hilaren erdialdera arte ez zen etorri ertzaintza horren berri ematera: “Nahiko modu onean etorri ziren, lan teknikoa egitera, eta bi lagun identifikatu zituzten. Hortaz, hemendik aurrera errazagoa izango da guretzat auzia zein puntutan dagoen jakitea, orain hasiko baita prozesu judiziala”. Ez dute uste berehala kanporatuko dituztenik. Dena den, sekulako lorpena da eurentzat zazpi hilabetez egon izana: “Okupatu genuen unean, bazegoen ekintza solte moduan planteatzen zuen jendea, etxebizitzen beharraren inguruan kontzientziak astindu eta oihartzun mediatikoa lortzeko”. Baina beste batzuek hasieratik saiatu nahi zuten bertan bizitzen eta, azkenean, lortu dute.
Bestalde, oraingoz ez dute Udalaren berririk izan: “Jakin genuen udalbatza batean Alderdi Popularrak  zerbait egitera bultzatu nahi izan zuela EAJ, baina honek partikularren arteko afera zela erantzun zuen”. Dena den, euren alde dute eraikina ezin dela bota, ondare izendatua dagoelako, eta gaur egun ia ezinezkoa dela inork ezertarako erosi nahi izatea: “Hemen zerbait egiteko, diru pixka bat eta borondate izugarria behar da; edo, bestela, diru piloa”. Salatzen dute Udalak egina duela eraikin handi hutsen zerrenda, “baina zerrenda horren helburua da jabeak okupazioaren kontra ohartaraztea. Aitzitik, balio beharko luke jabeak eraikina zaintzera edota erabiltzera derrigortzeko”.
Momentuz, bizilagunek eta bisitariek erabiltzen dute Erribera 13, eta martxan dira. Premia-premiazko lehen lanak eginda, orain bizitza eta mugimendua sortu nahi dituzte inguruan. Dagoeneko burutu dituzte hainbat ekitaldi, eta hil honetan, besteak beste, jiu-jitsu ikastaroa egingo dute bertan. Beheko gunean ere laster irekiko dituzte ateak... Etxea lozorrotik irteten hasia da.