Bretainia

redadegAr Redadeg, bretoieraren alde korrika

Lerrook argia ikusten dutenerako, milaka lagun ibiliko dira Bretainiako errepideetan antxintxika bretoieraren aldeko Ar Redadeg lasterketan. Izan ere, apirilaren 29an hasi zen Naoned hiritik gertu dagoen St. Ervlanen. Lekukoa eskuz esku pasata, maiatzaren 7an amaituko da. 1.700 kilometro egin eta Bretainiako bost departamentuak zeharkatu ostean, Lokoal-Mendonen izango dute helmuga korrikalariek. Beste zenbait hizkuntza gutxituk egin duten moduan, AEK-k antolatzen duen Korrika eredu hartuta hasi ziren Ar Redadeg antolatzen 2008an. Bi urtetik behin egiten dute, eta gero eta babes handiagoa jasotzen du bretoien aldetik, geroz eta jende gehiagok hartzen baitu parte. Bai lekukoa eramanez, bai lekukoari jarraituz, bretoierari bultzada eta laguntza ekonomikoa ematen diote. Egitasmoari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.ar-redadeg.bzh webgunean topatuko du, bretoieraz ez ezik, frantsesez eta ingelesez ere bai.