Ingurumena

koralaAustraliako koralezko arrezifeak kinka larrian dira

Itsasoaren tenperaturaren igoerak eraginda, Australiako koralezko arrezife gehienak zuritu egin dira, eta ondorioz hiltzeko arriskuan dira. Koralak zuritzea ez da fenomeno berria, baina azkenaldian inoiz baino gehiago hedatu da, Australiako ikertzaileek egiaztatu dutenez. Zehazki, 911 koralezko arrezife ikuskatu dituzte, eta soilik % 7k eusten zion ohiko itxura koloretsuari. Gainerakoak zuritze prozesuak erasanak zeuden, maila ezberdinetan: batzuk oso egoera larrian, beste batzuk gutxiago. Inoiz ikusi gabeko zuritze maila antzeman dute ikertzaileek, eta beldur dira koralen etorkizunaz. Izan ere, zuritzeak koralen heriotza eragin dezake. Berez, uraren tenperatura hoztuz gero, koralek jatorrizko kolorea berreskuratu eta bizirik jarraitzen dute. Baina oraingoan arazoa larriagoa da, zuritzea hainbat urtez jarraian gertatu denez, koralen berreskuratzea zaildu egin delako. Jakina, Koral Hesi Handiko arrezifeak hilko balira, hondamendi ekologikoa izugarria litzateke. Batetik, ekosistema aberatsak direnez, espezie ugari ere arriskuan egongo lirateke. Bestetik, koralezko arrezifeek Australiako eta inguruko irletako kostaldeak babesten dituzte itsasoko enbatetatik. Uraren epeltzeak eragiten du, nagusiki, koralak zuritzea. Zientzialarien aburuz, klima aldaketak zuzenean eragiten du kontu horretan. Aurten, gainera, El Niño izeneko fenomeno klimatikoak are larriagotu du egoera. Bestelako faktoreak ere ez dira ahaztu behar, esaterako, kostaldean izaten diren isuriak eta gehiegizko arrantza.