Herbehereak

autoakDiesel eta gasolinazko auto gehiagorik ez salgai?

Ingurumenean eragiten dituzten kalte handiak direla-eta, erregai fosilen erabilera aspalditik dago auzitan. Bada, Herbehereetako Kongresuak irmo heldu dio gaiari, onartu berri duen lege proposamen bati esker: auto elektrikoen aldeko apustu sendoa egin nahian, 2025. urtetik aurrera diesel eta gasolinazko autoen salmenta debekatu nahi dute. Hau da, lege proposamenak aurrera eginez gero, bederatzi urte barru ezin izango dira mota horretako autoak saldu, ezta auto hibridoak ere. PvdA alderdiak egin du proposamena, eta jatorrian are zorrotzagoa zen: elektrikoak ez diren auto guztiak debekatu nahi zituzten, baita auto zaharrak ere. Alabaina, oraindik Senatuaren galbahea igaro behar duenez, proposamena leundu egin dute. Ikusteko dago Herbehereetako Senatuak onartuko duen ala ez, baina dagoeneko agertu dira kontrako iritziak. Askoren ustez, ezinezkoa izango da hain denbora gutxian merkatuaren joera iraultzea. Izan ere, The Guardian egunkariak jaso duenez, egun Herbehereetan saltzen diren autoen % 10 baino ez dira elektrikoak. Zehazki, 2014an mota horretako 43.000 auto saldu ziren. Gainera, auto elektrikoen merkatuan hibridoak dira nagusi, eta horiek ere debekatzea aurreikusten du lege proposamenak. Eztabaida ez da amaitu, baina gaiari heldu izana ez da gutxi. Herrialde eta gobernu gehiagok landuko balute kontua...