Gizartea

‘Txirrinka’ martxa Abiadura Handiko Trenaren aurka

txirrinkaAHT Abiadura Handiko Trenaren eta azpiegitura proiektu handien aurkako bizikleta martxa antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanak, Euskal Herriko beste hainbat talde eta eragile sozialekin batera. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu! lelopean egingo dute, maiatzaren 20tik 22ra. Azpiegitura handiak salatzeaz gain, egungo eredu soziala eraldatzeko ere eskatuko dute Txirrinka izeneko martxan. Hala, azpiegitura handiei eskainitako baliabideak “jendearen zerbitzura” ipintzea aldarrikatuko dute. Korrika eredutzat hartuta, txandakako martxa izango da, eta jendearen parte hartzea sustatuko dute ibilbidean. Lau zutabek osatuko dute. Horietako bakoitzak abiapuntu bat izango du, eta Euskal Herriko lurraldeak zeharkatuko dituzte. Gasteiztik, Muskiztik, Hendaiatik eta Iruñetik abiatu, eta maiatzaren 22an Bergarako Angiozar auzoan batuko dira. Ez dute kasualitatez aukeratu helmuga, Angiozar inguruan Euskal Y delakoa eraikitzeko lanak egiten ari baitira. Zutabe bakoitzak bere mezua eramango du lekuko batean eta, azken egunean, denak batzen direnean, irakurri egingo dituzte. Era berean, Euskal Herriko “proiektu txikitzaileen aurkako erresistentzia mapa” osatuko dute, lurralde bakoitzeko esperientziak batuta. Informazio gehiago ahttxirrinka2016.blogspot.com gunean aurki daiteke.