Idaztea edo konposatzea da nire negar egiteko modua

izaroIzaro, kantautorea
2015eko urtarrilean Interneten Paradise abestia paratu zuenetik, oihartzuna izaten ari da Izaro Andres (Mallabia, 1993). Pikadero filmaren (Ben Sharrock, 2015) soinu-bandan ere entzun da Paradise. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestuz, 2014ko udatik dabil kantautore, gitarra erosi eta kantuak konposatzen hasi zenetik. Irailean kaleratuko du lehen diskoa, crowdfunding bidez onduta. Komunikazio ikasketak amaitzear da Deustuko unibertsitatean, “saltsan ibiltzea” du gustuko, ia beti sorkuntzari lotuta: abestu, konposatu, idatzi, Mugalari.info-n eta Hiri Gorrian irratsaioan kolaboratu...

Lehen abestia sareratu eta zure izena bolo-bolo, eta zu boloz bolo. Ustekabea?
Itzela. Ez genuen espero, inondik inora, gainera. Sarera igo genuenean, uste genuen Facebookeko lagunek ikusiko zutela, besterik gabe. Orain, 7.000 bisitatik gora dauzka. Hori ez zait gertatu, ezta urrunetik ere, beste kantu batekin. Pozarren nago, bai.
Horren irribarretsua izanik, nolatan egiten dituzu hain abesti goibelak?
Bai, nostalgiko-malenkoniatsu hutsa naiz. Badirudi emozionalki oso zaharra naizela, baina ez dakit... Nik uste dela triste nagoenean konposatzen dudalako, edo barrena hustu behar dudanean. Pozik egonez gero, ez dut beharrik izaten gitarra hartu eta idazten hasteko. Pozik nago eta kito. Triste nagoenean, aldiz, nire kontsolamendu bide bakarra edo handiena konposatzea da. Fisikoki, ez dut negar askorik egiten. Jendeak negar egiten du, barrua husten du, eta listo. Nik,ordea, zera pentsatzen nuen lehen: “Ez dut inolako biderik nire pena adierazteko!”. Orain konturatu naiz idaztea edo konposatzea dela nire negar egiteko modua.
Hortaz, zure abesti berri gehiago entzuteko, penatuta eduki behar zaitugu?
Kar-kar, bai! Artistak, zoriontsu dagoenean, ez du konposatzen. Baina ni nire bizitzan zoriontsua naiz! Batzuek galdetzen didate ea ez naizen samintzen behin eta berriro oroitzapen txar edo gauza tristeren bat kantatzen. Ez, terapia da niretzat. Batzuetan igual bai, gogorra da, baina terapeutikoa ere bai. Normalean, agertoki gainean hor izaten naiz, % 100ean, zoriontsu. Ez dut pentsatzen, hor egoten naiz, nirera.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten duzu. Irizpide jakinik bai?
Ez, guztiz ausazkoa da, momentu horretako egoeraren araberakoa. Askotan pentsatu izan dut sentimendu hori sorrarazi didan pertsonaren araberakoa ote den, horren arabera aldatzen ote dudan hizkuntza. Baina konturatu naiz ezetz. Barrutik sortzen den zerbait da, halako siroko bat.
Hizkuntza bakoitzari ezaugarri batzuk aitortzen dizkiozu.
Bai. Euskara da nire ama hizkuntza; orduan, nire komunikatzeko modurik zuzenena da, baita gardenena ere. Oso hizkuntza gordina da. Gauza gogorrak, euskaraz esanda, bost aldiz gogorragoak dira. Ez dakit zergatik, baina hitzak latz-latzak dira. Niri esaldi berak, euskarazko hitz batzuekin, min ematen dit. Beraz, gauza oso-oso mingarriak adierazteko, euskararen gordintasuna ederto datorkit. Ondo erabiliz gero, oso sotila da, elegantea, sofistikatua. Gaztelania, aldiz, kantautore aritzeko hizkuntza ezin hobea iruditzen zait. Badu, nire ustez, dohain bat: eguneroko kontuetatik, erdipurdikoetatik, aparteko zer edo zer sortzen du. Bestalde, ingelesa datorkio hoberen nire ahotsari, eta melodia aldetik ere aproposena da. Kantatzeko, oso polita da.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Normalean, pertsonek. Pertsona batek edo bestek egindako ekintzaren batek.
Eta tristatu? Gauza berak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txiste txarrek, pilo bat. Gauza absurdoek, bai.
Eta negarra? Gauza gutxik. Gerrek.
Zerk haserrarazten zaitu? Injustiziak.
Eta zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Ezjakintasunak; jakin ez eta benetan jakin nahi ez izateak.
Bizio bat: Azazkalak jatea.
Abeslari bat: Maika Makovski.
Musika talde bat: Izaki Gardenak.
Kantu bat: Norah Jonesen Those Sweet Words.
Eñaut Mitxelena