Eskulanen habia

ipar

Urruñako (Lapurdi) pilota plazaren ondoko kale txiki batean dago Martxuka izeneko denda ezohikoa. Duela bi hilabete ireki zituen ateak eta, te etxea eta gozotegia izateaz gain, Euskal Herriko artisautza lanen saltokia ere bada. Adelaide Daraspek (Urruña, 1985) Ipar Amerikako egonalditik asmoa ekarri eta sorterrian gauzatu zuen, tokiko ekoizpenak eta euskara babesteko asmoz. Atzerrian eta, batez ere, Euskal Etxean ezagutu bizipen eta aukeren ondoriotzat jotzen du orain  lortzen ari den arrakasta. Maialen Errecart. Argazkiak: Jean Lafourcade.

 

Historia ikasketen burutzera joan zen Adelaide Daraspe Quebecera; azkenean, zazpi urte igaro zituen Montrealen, eta hango Euskal Etxeko lehendakaria da oraindik ere. “Bizitza gozoa eta erosoa” ezagutu zuen han: ikasketak ordaintzeko lana aurkitu beharrez, ibili zen urtebetetzeak antolatzen, bixkotx apainduak egiten eta ostatuan zerbitzari. Bertako Euskal Etxera jo zuenean “hamaika gauza egin zitezkeela ohartu eta dinamika berri bat bultzatzeko gogoa” sortu zitzaion, animazio zein kudeaketa mailan. Quebeceko euskaldun gehienak duela gutxi iritsi direnez, “Euskal Herriarekin lotura estua daukate, Londres, Berlin edota Erromako euskal etxeetan bezala; horrek gaztetasun eta berrikuntzarako irekidura handiagoa eskaintzen du”. Hala ere, Daraspek uste du ekintza ugari antolatuz baizik ez dela dinamika sendo bat sortzen, izan Korrika, danborradak, Santa Agata edota inauteriei loturiko desfile bat, esate baterako. “Poliki-poliki, Montrealgo Euskal Etxeak bizitasun azkarra lortu zuen, baina folklorismotik urruti dauden ekintzak baino ez aukeratuz eta euskal kulturaren ikuspegi ezberdina eskainiz”; hortaz, NABO (North American Basque Organizations) erakundearen euskal etxe dinamikoenetakoa da orain Montrealgoa.
“Esperimentazio zentro bat” izan zitzaiola dio urruñarrak, hainbat kultur ekintza eta administrazio lanak eramateko gunea izan zelako, bai eta tokiko ohiturez jabetzeko ere. Euskara eskolak ere ematen dituzte han, astearte eta asteazken gauetan: “Hamaika eta zortzi ikasleko bi talde daude, oso pozik gara Montreal hiri erdian euskara ikasteko pausoa hainbestek emateagatik”. Batzuk hizkuntzaren garrantziaz konturatzen dira urruti izateagatik; beste batzuek, ordea, euskararen interesagatik ikasten dute. Erran daiteke Euskal Herrian ikasten dutenei baino zailagoa zaiela, “ingurumenak ikasleak laguntzen ditu hemen, irrati edo telebista pizteko aukera dutelako, nahiz euskara gutxi entzuten den Urruñako plazan, zoritxarrez; baina uste dut euskaldunok errespetu handia daukagula gure hizkuntza ikasten dutenentzat”.
Sortzaileen erakusleiho
Izan ere, Martxukaren helburu nagusietakoa da euskara erabiltzen den gune bat izatea: “Gero eta gehiago etortzen da euskaraz mintzatu nahi duen jendea” dio Daraspek, eta horretarako nahiago izan du ele bakarreko kartak eskaintzea, frantsesez edo euskaraz, nork bere hizkuntzan irakurtzeko aukera izan dezan. Saltoki berezi honen betekizunetan ere badago tokiko sortzaile eta ekoizleen lanen erakusleihoa izatea: Euskal Herriko berrogeita bost eskulangileren ekoizkinak eros daitezke gaur egun, izan Iparraldekoak edo Hegoaldekoak, eta diasporako batzuen sorkuntzak ere agertzen dira. Bertan ekoiztutako jantzi, zaku, bitxi, ontzi eta edozein motatako eskulanak eros daitezke Martxukan, egile bakoitzaren aurkezpena irakurtzeko aukera eta guzti; bi hilean behin, saldua ez dena hartu eta berrikuntzak ekartzen dituzte ekoizleek. “Bezeroek oso maite dituzte gauza pertsonalizatuak: jantzien kolorea aukeratu edo haurraren izena gehitu, bizia gozoago bilakatzen da horrela”. Hala eta guztiz ere, hautu ekonomiko bezain etikoa egiten da Martxukara etortzean. Barneko hornidura baliatuta, eta ahaideen laguntzaz apailatu ahal izan du urruñar gazteak. Udalak ere sostengua erakutsi dio, baina herritar gutxik sinesten zuen te etxe-gozotegi batek arrakasta bil lezakeela Urruñan. “Sentitzen da ez diedala toki hau turistei dedikatu; baina, diru gutxiago irabazi arren, erdietsi dut bilatzen nuen bizitzeko erosotasuna”. Izan ere, Daraspek nabaritzen du dendara datorrenak aurretik hitz egiten entzun zuela tokiaz.
Geroari begira, hainbat egitasmo dauzka gogoan: Interneteko saltegi birtuala laster jarriko du martxan sortzaileen lanak urrutiago ezagutarazteko, baita Martxukaren eskaintza eta ekintzen berri emateko ere, “lau hizkuntzatan izango da, diaspora hunkitzeko”. Larunbat goizetan berbalagun hitzordua antolatzeko xedea du urruñarrak, “euskaraz mintzatzeko eta elkar ezagutzeko gune bat izateko, herriko plazan ezin delako egin”. Maiatzean, berriz, Martxuka merkatua aurkeztu nahiko luke Urruñako plazan, ekoizleen lanak herri erdian erakutsi ahal izateko eta denda ezagutarazteko, “urtean bi aldiz antolatuko nuke, desfile berezi batekin”. Dena dela, gazteak esperantza dauka Martxuka eta hura bezalako guneak Euskal Herriko herri guztietan hedatuko direla, “nahiz eta garai batean uste nuen herriaren ontasunak hizkuntza eta kultura baizik ez zirela, orain ekonomiaren garrantziaz konturatu naiz”. Quebecekin harremanak izaten jarraitzen du eta, lehendakari postua hil honetan utzi arren, ez dio utziko Euskal Etxeko kideak laguntzeari, Martxukak han ere badituelako erroak.