Etiketarik gabeko euskaldunak

Euskaldun berria al zara? Ala euskaldun zaharra? Noiz uzten zaio euskaldun berri izateari? Euskaldun berria bilakatzen al da inoiz euskaldun zaharra? Ala euskalduna? Ba al da alderik? Euskara ikasi dutenei edo euskara ikasten ari direnei, ziurrenik, ezagun izango zaizkie halako galderak. Entzunaren entzunaz, baita aspergarri ere. Euskara ama hizkuntza duten askok ere zenbat aldiz ez dute izan galdera hori ahotan? Ez da harritzekoa, ez baita gaur goizeko kontua. Euskaldun, euskaldun berri, euskaldun zahar... egunerokoan erabili ohi diren etiketak dira, berariaz edota oharkabean. Aspaldiko doinua izanagatik, oraindik ere dantzan jartzeko gaitasuna du gaiak, gainera. Izan ere, nahi gabe bada ere, hiztunak bereizten ditu, eta bereizketak, kontzientea edo inkontzientea izan, ondorioak eragin ditzake hiztun horiengan. Ez beti, baina gertatu ohi da, batez ere euskaldun berri kontzeptua agertzen denean. Denetariko erreakzioak eragin ditzake, positiboak edo negatiboak, edota ez bata ez bestea. Urliari bost axola zaio; sandiari harrotasuna eragiten dio; berendiari, konplexuak. Ezin esan eztabaida puri-purian dagoenik, baina egon badago, hala jendartean, nola euskalgintzan. Beharbada uste baino eragin handiagoa izan dezake etiketa dantza horrek, hiztunen jarreran onerako zein txarrerako eraginda. Horri guztiorri erreparatu diogu ondorengo orrialdeotan, gaia bertatik bertara bizi, ezagutu eta aztertu dutenekin mintzatuta. Arkaitz Almortza, M. Egimendi, Eñaut Mitxelena.

colomo“Euskaldun berria naiz, eta zer?”

Argi mintzo da Ana Colomo (Arrotxapea, Iruñea, 1965) euskara irakaslea. “Euskalduna naiz, baina euskaldun berria ere bai; inolako konplexurik gabe, gainera”. Maitasunaren indarrak zabaldu zizkion euskararen ateak nerabezaroan, eta ordutik hona etengabe dihardu euskararen alde lanean. Hasieran, ikasle; ostean, irakasle, euskal hizkuntzari indarra emanez beti. Prozesu baten ondoriotzat hartzen du esamoldea, oso pozik egindako ibilbide baten helmugatzat, hain zuzen ere. 
Amodioaren sugarrek ondorio bikoitza izan zuten Colomorengan. Batetik, egun bikotekidea duen lagunarekin maitemindu zen institutu garaian, eta, bestetik, euskal hizkuntzaren munduarekin. “Nik ez nuen euskara ezagutzen, inguruan ez bainuen euskaldunik, nire bikotekidea agertu zen arte”. Amodioak koloretako mundu berri baten ateak zabaldu zizkion. “Interesgarria iruditu zitzaidan nire mutil-lagunak bere adiskideekin erabiltzen zuen hizkuntza ikastea; hots, beraren munduan murgildu nahi nuen, beraren hizkuntzan hitz eginez”. Pentsatu eta ekin. Euskararen giltzak eskuan, euskal kulturaren ateak zabaldu eta zeharkatu egin zituen: “Beste mundu bat ezagutu nuen, hala nola Euskal Herria bera edota euskal kultura; baina, batez ere, bestelako identitatea aurkitu eta horren alde egitea erabaki nuen”.
Oso oroitzapen onak gordetzen ditu euskalduntze prozesuaren inguruan. “Lehenengo egunetik, ikasgelan ikasten nuena praktikatzen hasi nintzen”. Hala, ibilbidea egiteko bidaiderik hoberena topatu zuen: “Hastapenetatik izan dut ondoan bikotekidea. Garai hartan AEK-ko irakaslea zenez, bazekien zer lantzen genuen ikasgelan. Beraz, saio bakoitza amaitutakoan, ikasten nuenari buruz galdetzen zidan”. Nostalgiaz bustiriko hitzak dira nagusi Colomoren ezpainetan: “Bat-batean, mundua aldatu zitzaidan; gero eta lagun euskaldun gehiago nituen inguruan eta ni neu ere euskaraz mintzatzen hasi nintzen”.
Euskararen harrak indartsu egin zion kosk. Ikastaro trinkoetatik barnetegira salto eginez, bi ikasturte oso eman zituen buru-belarri euskara ikasten. Dena den, euskaltegian ikasitakoa handik at praktikatzen hasi zenean eutsi zion benetako erronkari. Euskaldun zaharrekin prozesu bat egon dela dio: “Hasieran, kostatu egiten zitzaidan beraiekin hitz egitea, baina, pixkanaka, beldurrak alde batera uzten hasi nintzen. Batzuetan esaten zidaten ez zutela nire euskara ulertzen; haatik, nik beti erantzuten nien hori gezurra zela. Izan ere, neuk ere agian ez nituen hitz guztiak ulertuko, baina bai esan nahi zutena, horregatik esaten nien ahalegin txiki bat eginez uler ziezadaketela, hau da, ez zegoela arazorik komunikatzeko”.
Aitaren batean euskaldundu zuen bere burua. Bitarte horretan, inoiz erori arren, azkar altxatu eta aurrera egiten zuen euskararen ikaskuntzan. Hil batzuk pasatuta, euskalduntze prozesuarekin amaitzen ari zela, euskaldun berriak sortzearen erronkari eutsi zion. Hastapenetan, Noainen; ostean, EGA azterketa gainditu eta gutxira, Pirinioetako AEK euskaltegian. “Beti esan izan diet ikasleei euskaldun berria naizela eta euskaltegian ikasi dudala euskara. Zinez, oso motibagarria da beraientzat”. Urteetan egindako lanak emaitza positiboak ekarri dizkio; euskaldun zahar batzuek ere balioztatu izan diote hori. “Inoiz jaso izan ditut euskaldun zaharren miresmen mezuak, baina ez dakit hori oso gustuko dudan… euskara ikastea benetako apustu baten emaitza izan da”. “Hori guztia izan da oso irakasle onak izan ditudalako, beren lana maitatzen zutenak, Euskal Herria maitatzen irakasten zutenak; finean, esan daiteke haien lan onaren ondorioa izan naizela”.
Egindako ibilbideari so eginez, egun bolo-bolo dabilen esamoldeen aferaren gainean garbi dio: “Euskaldun berria naiz, eta zer? Horrek euskalduna izatea ere badakar. Ondoan zer jartzen duzun berdin dio, euskalduna bazara; izan ere, errealitate baten isla da, ez positiboa, ez negatiboa”. Argi du bera beti izango dela euskaldun berria, egungo definizioek horrela jarraitzen duten heinean. “Euskaldun zaharra baldin bada euskara ama hizkuntza duena izendatzeko (nik halaxe ikasi nuen), ama hizkuntza ez dugunok euskaldun berriak izango gara, inolako konplexurik gabe gainera; finean, denok gara euskaldunak”. Halere, honakoa gailentzen du: “Esapide guztiak kenduta denok bagara euskaldun, bada, horren alde nago, jakina”. Iritziak iritzi, zera azpimarratzen du: “Argi dago euskalduna dela euskara duena, orain hartuta edo jaiotzetik, eta, batez ere, egunerokoan euskara erabiltzen duena”. Horregatik uste du inportanteena dela, hizkuntza maitatzea baino, euskaraz gozatzea. 

mertxe“Euskaraz hitz egitea kostatzen zaionari lagundu egin behar diogu euskaldun zaharrok”

Mertxe Mugika (Elorrio, 1963) AEKren koordinatzaile nagusia da. Pasa den hilean argitaratu zuen Berria egunkarian ikerketa honi buruzko iritzia, Euskaldun, eta kito izenburupean. Euskaldun zaharra denez, ikuspuntu horretatik sakondu dugu pixka bat gehiago Mugikaren iritzian.

Uste dut badela garaia euskaldun berria kontzeptua alboratzeko” idatzi zuen Mugikak aipatutako artikuluan. Zergatiez galdetuta, honela dio: “Berba horrek, bere garaian, beharbada edukiko zuen zentzua, jende asko zebilelako euskara ikasten. Baina gaur egun, hainbeste urte pasatuta, uste dut, mesede baino, kalte egiten duela, hiztunak sailkatu-edo egiten ditugulako: euskaldun zaharra, berria, erdipurdikoa... Nire ustez, pertsona bat euskalduna da edo ez da. Egia da batzuok etxetik ekarri dugula nortasun hori eta beste batzuek ikasketa prozesu baten ondorioz hartu dutela, baina zaharrak eta berriak barik, euskaldunak eta euskal hiztunak hartzen ditut nik kontuan”.
Euskaldun berri kontzeptuak karga negatiboa duela esan izan da. Mugikak euskaldun berri asko ditu inguruan lantokian, baina ez omen du nabaritu haiek horrela hartzen dutenik: “Ez, agian horregatik ere heldu naiz aipatu dudan ondoriora: euskara ikasi duen jendeaz inguratuta nago, baina ez dut bereizketarik egiten beraien eta nire artean. Denok egin dugu euskaraz bizitzeko hautua eta, gainera, euskararekin lotutako lanbidea aukeratu dugu. Are gehiago, batzuen aurrean txapela kendu beharra dago, ikasketa prozesu osoa AEKn egin ostean bertan eskolak ematen amaitu dutelako. Zerk bereizten gaitu orain? Doinuak, agian? Hori euskaldun zaharren artean ere gertatzen da, Elorrion eta Azpeitian, esaterako, doinu ezberdinez hitz egiten da euskaraz”.
Mugikari ez zaio erraza suertatzen marra non jarri erabakitzea, baina euskaldun berri batek berri izateari noiz uzten dion hausnartuta, “erabilerarako jauzia egiten duen unean” ipiniko luke: “Marra hori nonbaiten ipini behar izatekotan, erabileran jarriko nuke, alegia, ahal den guztietan euskaraz bizitzeko aukera egiten denean”.
Beste zehaztapen bat ere egiten du AEKren koordinatzaile nagusiak “euskara ikastearen” inguruan: “Modu ezberdinean, baina ikasi beti egiten dugu zerbait, baita euskaldun zaharrok ere, are gehiago gure langintzan. Zeure burua behin baino gehiagotan sentitzen duzu behartuta hizkuntzari buruzko zerbaitetan sakontzera; horrela izan behar du, gainera. Badugu hizkuntza maila hobetzeko gogoa eta grina, euskaldun berriak izan ez arren. Euskaldun zaharrok ere ikasi behar izan ditugu Euskaltzaindiaren arau famatuak eta nor-nori-nork koadroa, kar-kar!”.
 Mugikak aitortzen du euskaldun berriei buruz zeukan iritzia aldatu egin dela AEKn lanean hasi zenetik: “Sarritan etortzen zait irudi bat burura. Euskara ikasten zebilen elorriar batekin topo egin nuen okindegian, eta ahal zuen moduan eskatu zuen zerbait. Okinak zuzendu egin zion, “hori ez da esaten horrela”, eta neure baitan arrazoia eman nion okinari, ikasleak buruan zeukana nahaste-borrastea zela iritzita. AEKn eskolak ematen hasi nintzenean jabetu nintzen ikasleek egiten duten esfortzuaz, eta konturatu nintzen, orduko pentsaerak alde batera utzita, txalotu egin behar direla. Zorionez, ez dut uste nire jarrera hura gaur egun oso hedatuta dagoenik, baina adin bat daukagunok ezagutu dugu barre-edo egiteko zegoen joera, nagusitasuna erakustekoa neurri batean, euskaldun zaharrok maila bat gorago egongo bagina bezala”. Oso argi du gaur egun zer egin behar duten euskaldun zaharrek: “Batetik, euskaraz hitz egitea kostatzen zaionari lagundu; bestetik, pazientzia eduki, etengabe zuzentzen ibili gabe; eta, batez ere, ulertzeko ahalegina egin”. Hala, denok daukagu zeregina euskaraz bizitzeko ahaleginean.

testi

“Ikusi dugu euskaldun kategoria hobeto baloratzen dela euskaldun berriarena baino”

Jone Goirigolzarri, Jacqueline Urla eta Ane Ortega irakasleekin batera, Euskararen hiztun berriak. Esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketaren egilea da Estibaliz Amorrortu Gomez Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Bizkailab ekimenari esker buruturiko ikerketa sakon eta zabalean, euskara etxean jaso ez duten euskaldunen pertzepzioak aztertu dituzte; tartean, euskaldun berri, euskaldun zahar eta euskaldun kontzeptuei buruzkoak.

Euskarak ia 300.000 hiztun berri irabazi ditu azken bi hamarkadotan. Eta euskararen biziberritze prozesua hasi zenean ez bezala, aldaketa handia eragin dute euskaldunon tipologian. Lehen, euskaldun gehienek etxean jaso zuten euskara, landa eremukoak ziren batik bat, gehienek lekuan lekuko hizkera zerabilten... Egun, ordea, “kopuruak kontuan hartzen baditugu, asko hiztun berriak dira, gazteak, hirietan bizi direnak, testuinguru oso erdaldunetan”. Hortaz, egoera asko aldatu da errealitate soziolinguistikoan. Kualitatiboki (elkarrizketak eta mahai-inguruak eginez) zein kuantitatiboki (inkesta bitartez), hiztun berri horien “argazki orokorra” egiten saiatu dira bost urte iraun duen ikerketaren bidez.
Euskara ikasteko prozesuan bizi izandako esperientziak, orain dituzten jarrerak, zer- nolako erabilera egiten duten, zelan sentitzen diren euren gaitasunarekin... Ertz eta adar anitzeko ikerketan, besteak beste, hizkuntza identitatea izan dute aztergai. Hots, nola ikusten duten euren identitatea euskaldun moduan. Besteren artean, euskaldun berri, euskaldun zahar eta euskaldun kontzeptuak izan dituzte hizpide.
“Ikerketako parte hartzaileek ere erabili dituzte etiketa horiek, baina batzuek auzitan ipini dituzte. Batzuen aldetik kontestazio bat ere badago; hau da, zenbaitek etiketa horien kontra egiten dutela”. Ikerketako parte hartzaileen aldetik egiaztatu dute hori, baina, Amorrorturen ustez, “gizartean gero eta nabariagoa da. Euskalgintzan ere ikusten da gero eta gehiago jartzen direla auzitan etiketa horiek”.
Nolanahi ere, askotariko iritziak jaso dituzte: euskaldun berritzat hartzea onartu ez eta euren burua euskalduntzat dutenak; kontrara, euren burua euskaldun berritzat jotzen dutenak... “Batzuekin zertxobait harritu gara. Adibidez, murgiltzearen bidez oso gaztetatik ikasi dutenen kasuan. Oso txikitatik ikasi dutenez, eskolara joaten hasi zirenetik, pentsatzen genuen askok eta askok esango zigutela euskaldunak edo euskaldun zaharrak direla. Bada, ez. Gehienek, ez denek, esan digute euskaldun berriak direla”.
Ñabardurak ñabardura, termino bakoitzak sentipen ezberdinak eragiten dituela erakutsi du ikerketak. “Euskaldun zahar kategoria alde batera utzita, gutxik aipatu dutelako, ikusi dugu euskaldun kategoria hobeto baloratzen dela euskaldun berriarena baino. Esan daiteke hiru kategoriak continuum batean daudela: euskaldun zaharra da, helmuga. Bigarren hizkuntza bat ikasten denean, helmuga natiboa da. Baina erdietsi ezinezkoa iruditzen zaie. Beste muturrean, euskaldun berriak du balioespen eskasena, bigarren mailakotzat har daitekeena”. Tartean legoke euskaldun kategoria. “Ikusi dugunez, euren burua euskalduntzat jotzen dutenek legitimatua ikusten dute euren burua. Besteek, berriz, ez hainbeste”.
Euren burua euskalduntzat jotzen dutenek “gauza positiboa dela irizten diote”. Gainera, ezaugarri batzuk partekatzen dituzte: “Euskara asko erabiltzen dute; euren gaitasunarekin oso eroso sentitzen direla esan ohi dute; hizkuntza ohiturak aldatu dituzte... Normalean, kontzientzia oso handia izaten dute, eta oso jarrera proaktiboa. Halako pertsonak testuinguru oso euskaldunetan bizi dira, baina baita oso erdaldunetan ere. Horiek jotzen dute euren burua benetako euskalduntzat, eta ez dute gustuko euskaldun berri etiketa”.
Etiketa horren kasuan, “batzuek modu positiboan ikusten dute terminoa”. Hau da, euskara ikasi izana ahalegin handi baten emaitzatzat dute, meritutzat. “Baina, bestetik, 'falta zaidanaren diskurtsoa' deitu duguna azaltzen dute askok. Euskaldun berria zein da? Euskaldun zaharra ez dena, benetako euskalduna ez dena, zerbait falta zaiona: ez dutela familiartean ikasi, gutxi erabiltzen dutela, euskaldunekin ere harreman hizkuntza gaztelaniaz dutela ezarrita, tokian tokiko eta lagunarteko erregistroen falta...”.
Euskaldun zahar/berri ohiko dikotomia nabarmentzen da sentipen horien azpian. Horretan, “ama hizkuntzaren kontzeptuak asko eragiten du, oso barneratua daukagu. Askorentzat muga da, eta erabat baldintzatzen du horrek”.