Ados zaude errefuxiatuen krisian Europak harturiko neurriekin?

ikamika

Etorkin eta errefuxiatuen afera puri-purian da Europan. Siriako gerrak errefuxiatu oldea eragin du. Milaka eta milaka lagunek, euren bizia arriskuan ipinita, Europan bilatu nahi izan dute babesa. Haatik, oztopoak eta ate itxiak topatu dituzte, Europak haiei laguntzeko erantzukizuna saihestu eta Turkiarekin estatuen interesen araberako akordioa sinatu baitu. Legez kanpoko akordioa, elkarte eta norbanako askok eta zenbait alderdik salatu dutenez. Gainera, hainbat sektorek jarrera xenofoboak hauspotzeko baliatu dute krisia. Elkartasun keinuak ere mordoxka izan diren arren, errefuxiatu bakan batzuei baino ez zaie eskaini babesa Europako herrialdeetan, Euskal Herrian barne. Zer iruditzen zaizue afera honetan Europak izandako jokamoldea? Jarrera xenofoboak areagotzeko arriskuak kezkatzen zaituzte? Ondarroako euskaltegiko B1 mailako taldea.


1. Riccardo

Europa txarto ari da. Non dago Europa? Bankuetan, ustelkerian, Bruselako politikan? Jende askok lagundu egin nahi du, eta asko Greziara joan dira errefuxiatuei laguntzera. Lotsarik gabeko politikariek hala nahi dutelako daude jarrera xenofoboak. Berekoiak eta bihotzik gabeak dira, dirua bakarrik dute buruan. Aluak!                    

2. Omar

Errefuxiatuei utzi egin behar zaie Europan sartzen. Europak ulertu behar du inork ez duela nahi gerran bizi, eta denok nahi dugula bizimodu ona eduki. Europa gerran egongo balitz, denok nahiko genuke hemendik irten eta beste nonbaitera joan.
3. Rosa

Askatzaile paperean sartuta, apurtutakoa berreraiki eta armak sal-tzen dituzte enpresa eta gobernuek. Iheslariak ez ikusteko Turkiari ordaintzen diote, eta xenofobia zabaltzea baimentzen dute. Negozioa eta heriotza.
4. Chuserra

Herritar gehienak errefuxiatuei laguntzeko prest egon arren, gobernuek eta ordezkariek ez dute elkartasunik adierazi. Orain arte hartutako erabakiek eta Turkiarekin egindako akordioak mezu berekoia bidaltzen dute. Politikarien jokamoldea aitzakia, jarrera xenofoboak kaleratu dira.

5. Ramon

Pertsonak gara eta hori ahaztu egin zaie politikariei. Badirudi diruak bakarrik balio duela. Halako arazoekin alderdi xenofoboak beti irteten dira botoak harrapatzeko. Munduak ahaztu du denoi gertatu ahal zaigula.
6. Arantza

Europak ez du ondo jokatu. Arazoa Sirian bertan konpontzen saiatu behar dira. Horrela, jendeak ez du irteteko beharrik izango. Konponketa zaila bada, beste modu batera jokatu beharko du Europak, ez ateak itxita. Jarrera xenofoboak areagotu egin dira, kezkagarria da.