Antzerkia aurrez aurre

mikroteatro

Asmo handiko egitasmoa da Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, bere baitan askotariko kultur egitasmoak biltzen dituena. Tartean, El Sekadero, bere txikian, ohiko antzerkitik aldenduta, eraikin erraldoia mikroantzerkiz blaitzen duen ekimena. Eñaut Mitxelena.

El Sekaderon sartuz gero, kosta egiten da bertan antzerkia egiten dutela sinestea. Orotara, 25 metro koadroko bi gelatxo ditu: handienak 12-13 metro koadro eta txikienak 10-11. Bietan eskaintzen dituzte emanaldiak, nahiz eta biak batu eta antzezlan bakarra egiteko egoki daitezkeen. Astero, ostegunetik igandera, antzezlan banaren bost emankizun egin ohi dira egunero gela bakoitzean, txandakatuta. Guztira, 40 emanaldi. Antzezlanak laburrak dira, 15-20 minutu ingurukoak, eta eszenografia eta aktore kopurua tamainakoak. Aktore baten edo biren jarduna eskatzen duten obrak dira, finean. Ikusleak ere antzera: gehienez 15 bat lagun sartzen dira; bi gelak batuz gero, 25 inguru.
Ezaugarri horiek berezi egiten badute ere, ohiko antzerkiaren aldean bestelakoa da mikroantzerkiaren bereizgarria: leku murritzak hala behartuta, antzezleen eta ikusleen artean ez dago inolako bereizketarik. Alegia, laugarren pareta ez dago.
Poltsikoko antzerkiarekin nahastu ohi da mikroantzerkia, baina desberdintasunak agerikoak dira. Iraupen aldetik, luzeagoak izan ohi dira poltsikoko antzezlanak, “eta eszenografiari dagokionez, antzeko formatua izan arren, espazioa ez da berbera” dio Patricia Cerradak, Alfredo Redondorekin batera, El Sekaderoren sustatzaile eta arduradunak. “Poltsikoko antzerkia ere edozein lekutara egokitzen da, baina ia beti tabernaren batean egiten da. Ikuslea zer edo zer edaten egoten ohi da, eta aktorearentzat nahiz ikuslearentzat zailagoa izaten da arretari eustea. Poltsikoko antzerkian, giroa erlaxatuagoa izaten da normalean; hemen, berriz, ez. Leku txiki-txikia izanik, ikuslea irtenarazi egiten du antzerki tradizionalean izan dezakeen erosotasunetik, hau da, besaulkien patiotik. Ez dago ikuslea eta antzezlea bereizteko elementurik: ikuslea eta aktorea aurrez aurre daude, maila berean leku ezin txikiagoan. Horrek asko eskatzen dio aktoreari, esfortzu handiagoa, ikusleak xehetasun txikiena ere antzemango diolako”. Ikusleari ere ahalegin handiagoa eskatzen dio egoerak, ohiko antzokietako bereizketa ezak ez diolako ihesbiderik edo erosotasun gunerik eskaintzen. Bertatik bertara egonda, esperientzia biziagoa da. Redondok dioen moduan, “kamerinora sartu eta aktoreek nola entseatzen duten ikustea bezala da”.
Iraupen laburrak eta emanaldien maiztasun handiak are eskaintza bereziagoa bilakatzen dute El Sekaderokoa. Obra bat amaitzen denean, ondoko gelan hurrengoa hasten da. Ondorioz, aldez aurretik sarrerarik erreserbatu ez duenak (telefonoz edo Internet bidez eskura edo gorde daiteke sarrera, 4 euroan) emanaldiak jarraituak izatea du aldeko. “Emanaldi batera etorri eta kasualitatez betea egonez gero, badakizu denbora gutxian beste bat izango duzula, eta ondoren beste bat. Hau da, ez da gehiegi itxaron behar”.
Finean, berehalakotasunari, iraupen laburrari eta maiztasun handiari esker publiko zabalagoa erakartzeko aukera ematen du mikroantzerkiak. “20 bat minutuko lanak ikus ditzakezu hiruzpalau euroren truke. Diru gutxi denez, errazago jotzen duzu zer ote den ikustera, proba egin dezakezu. Neurri batean, baliagarria da antzerkira publiko berria erakartzeko. Segur aski, mikroantzerkia izan daiteke modua Victoria Eugenia antzokira joango ez litzatekeen jendea erakartzeko” dio Cerradak.
Hain zuzen, hori da antzerki mota horren gakoetako bat: beren-beregi antzerkira joateko asmorik gabeko jendea erakartzeko aukera. Tabakalerara hurbiltzen den edonor ia edozein unetan sar daiteke antzezlanen bat ikustera, nahiz eta hasierako asmoa ez izan antzerkia ikustea. El Sekadero Tabakalerako sotoan dago, apirilera arte aldi baterako jardun duen kafetegiaren alboan. Horrenbestez, “jendea gertura liteke Tabakalerara erakusketa bat ikustera, ondoren trago bat hartu... eta bataren eta bestearen artean, gurean sar daiteke”.
Irailean zabaldu zuten El Sekadero, eta pozik dira ordutik egindakoarekin. “Kontent gara, biziraun dugulako. Hil zailak izan dira, uste baikenuen Tabakalerako gune guztiak batera irekiko zituztela. Tabakalera ez badabil % 100ean, jendeari kosta egiten zaio bertaratzea. Kontuan hartuta Tabakalera erabat martxan izan gabe jardunari eutsi diogula,
% 100ean dagoenean hobeto ibiliko garelakoan gaude”.
Hain zuzen, antzerkia ez ezik bestelako eskaintza ere landuta, espazioa betetzeaz gain egitasmoaren bideragarritasuna sendotu nahi dute El Sekaderokoek. Ostegunetik igandera antzerkia izaten da nagusi, eta gainerako egunetan bestelako ekintzak, beti ere kulturari lotuak: erakusketak,  haur eta helduentzako tailerrak... “Aste osoa bete nahi dugu ekintzez. Hala, edozein proposamen entzuteko prest gaude”.
Antzerkiari buruz berriro, horixe bera nabarmendu nahi izan dute: El Sekaderoko ateak parez pare dituzte zabalik antzezlanak jasotzeko. Batik bat, euskarazkoak. Zenbait eskaini izan dituzte, baina ez nahi beste. Hala, euskarazko zenbait obra behin baino gehiagotan programatu izan dituzte. Cerradak argi azaldu du: “Denetarik jasotzeko prest gaude, eta ateak irekita euskarazko proposamenei dagokienez, betiere gutxieneko batzuk betez gero, noski”.

Salamancatik Donostiara
Mikroantzerkia ez da berria. Ezohiko guneetan (ia beti txikiak: etxebizitzetako gelak, dendak...) antzerkia eskaintzeko ekimenak ugariak dira. Donostian, esaterako, iaz eskaini zituzten halako ezaugarriak dituzten zenbait emanaldi. El Sekaderoko kideek Salamancako (Espainia) La Malhablada gunea izan dute oinarri. Biek ikasi zuten hiri horretan, eta mikroantzerkia eskaintzen duen gune horretan ibili ziren lanean. Gune haren arrakasta ikusita, Donostian antzeko egitasmoa abiatzea erabaki zuten. Ez dute, ordea, bide erraza izan. Hasteko, Donostia hiri garestia delako eta lokal egokia lortzeak inbertsio izugarria eskatzen zielako. Gainera, mikroantzerkiaren ezaugarri nagusietakoa sarreren prezio merkea izanik, normalean etekinak taberna zerbitzutik atera ohi dira, baina El Sekaderok ez du halakorik. Sarrerak 4 euroan saltzen dituzte, “prezio oso doitua. Sarrera bakoitzeko, erdia baino zertxobait gutxiago jasotzen dugu. Sarrera asko saldu behar dira aurrera ateratzeko”.