Arabako Errioxa, izena eta izana jokoan

mahastiak

Zortzi proposamen daude Errioxa sor-markaren Kontseiluaren mahai gainean. Bereizketa egiteko proposamenak dira, izan ere, herriaren, eskualdearen, bazterraren, etxearen eta upategiaren arabera ardoaren eta ardogintzaren berariazko ezaugarriak nabarmendu nahi dituzte mahastizainek. Urte luzez geldirik egon izan da Errioxako Kontseilua, baina une honetan mugitzera behartu dute. Arabako Errioxan, eskaera handia dago bereizteko (Guardiako Artadi upategiak sor-marka uzteko egindako urratsak agerian utzi du) eta, eskaerak aurrera egin ezean, bestelako aukerak zabalduko dira. Estitxu Ugarte.

Errioxa sor-markatik alde egitea aukera bideragarria dela frogatu du Artadik, baina Arabako Nekazaritza diputatu Eduardo Aginakok zera zehaztu du: "Alde egitea aukera bideragarria da Artadirentzat, marka duelako, estatus komertzial ona, indartsua, baina denek ez dute estatus berdina". Arrazoia du. Momentuz, Errioxa sor-markatik ateratzeko ausardia izan duen Arabako upeltegi bakarra da Artadi, nahiz eta berezko jatorrizko deituraren aldeko asko egon, hau da, Arabako Errioxa sor-marka sortzearen aldekoak.
Otsailean merkaturatu ziren Errioxa sor-markatik kanpo Artadiren lehen botilak. Etiketan, 'Araba' bakarrik ageri da, eta upategiaren lehendakari Juan Carlos Lopez de Lacallek berretsi du lehen baino eskaera handiagoa jaso dutela: "Merkatuan, bestelako produktuak egin nahi dituzten ekoizleak  eskatzen dituzte" esan du, eta oso pozik agertu da hartutako erabakiarekin. Halere, Artadik Kontseiluaren kritika zorrotzak jaso ditu, upategiaren egungo estatusa "Errioxari zor diola" gogoratu nahi izan diote, Lopez de Lacalleren "argudio demagogikoak" ukatzearekin batera.
Ardoaren borroka honetan, euskal administrazioek bereizketaren eta identifikazioaren alde hitz egin dute. Arabako Aldundiak argi eta garbi esan du prest dagoela herrialdeko upategiak babesteko, batera nahiz bestera egin. "Hausnarketa dago eskualdean, eta protagonistak tokiko mahastizainak izan behar dira. Aldundiak hausnarketa hori erraztu behar du eta, ildo horretan, gure mezua argia izan da: Errioxa sor-markaren barruan bereiztea nahi dugu, eta espero dezagun eskaera hori kontuan hartzea" esan du Aginakok. Eusko Jaurlaritza ere bat dator iritzi horrekin.
Bruselatik liberalizazioa dator
Arabako Errioxaren geroari buruz zabalduriko kezka ez da azken garaiko beroaldia. Izaera independentea izateko grina aspaldikoa da, baina mahatsa prezio onean egon izan den urteetan apaldu egin da aldarrikapena. Faktore anitzek eragin dute egungo egonezina. Batetik, krisi ekonomikoak, mahastizainek eta biltzaileek urte latzak igaro baitituzte; bestetik, Bruselak landatzeko liberalizazioa onartu izanak. Orain arte, mahastiak landatzeko baldintza batzuk zehazten zituen Bruselak, kupo batzuk ezarrita zeuden eta hortik gora ezin zen gehiago hazi. Hemendik aurrera eta 2030. urtera arte, mugatuta zeuden landatzeko eskubideak baimen bihurtuko dira eta liberalizazioa ezarriko da.
Arabako Nekazaritza diputatuak azaldu duenez, "Arabako Errioxan ezin dugu azalera handitu; gure erronka ez da handitzea, ez dugulako azalera gehiagorik. Agertoki produktibo eta komertzial berrira egokitu behar dugu, eta aurrean dugun erronka da gure produktua, gure ardoa, bereiztea; balioak gehitu behar dizkiogu, identitatea, barietatea, laborantza era... 2030. urtetik aurrera eskualde mahastizain inportanteena izaten jarraitzeko". Diputatuak Arabako Errioxako ardogile askoren iritzia jaso du.
Errioxa sor-markak hartutako bideak, aldiz, amildegira daramatzala uste dute Arabako mahastizain ugarik. Grupo Riojako upategiek kontrolatzen dute jatorri izena. Bertan biltzen dira Errioxa osoko upategi handienak, eta Arabako ardogile txikiek uste dute ardoaren inguruan bultzatzen ari diren negozio eredua "produktibitateari eta errentagarritasunari" estu-estu lotzen zaiela, "globalizatutako" produktua eskaintzen ari direla, Errioxako ardo estandar bat, ondo merkaturatzen dena eta merke. Errioxa Beherean, makina bat hektarea landatu dute azken urteotan, gero eta gehiago produzitzeko asmoarekin.
Bolumenean oinarritutako hazkundea, ordea, ez da Arabako Errioxako ardogileen eredua. Gehienak upategi txikiagoak dira, familiarrak edo kooperatiba txikiak, mahasti gutxiagorekin eta ekoizpen masibo barik. Hortaz, identitatearen eta bereiztearen aldeko apustua egiten dute, daukaten ardorari balio erantsia ematearren.
Ardoaren balio erantsia
Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) sarritan adierazi duenez, ardoari duen balioa eman behar zaio, eta Arabako Errioxako ardoak izaera propioa behar du: "Errioxako beste eskualde batzuetan, produkzio masibora bideratutako negozio eredua daukate, beste eskualde batzuetako mahatsaren salerosketa generikoan oinarrituta". Araban, berriz, lur mota, mikroklima, lurraren geografia eta laborantza modu propioak dituzte eta, hori dela-eta, ekoizten dituzten ardoak ere desberdinak dira.
ABRAko gerente Ines Baigorrik ondokoa adierazi zuen Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian: "Kontua ez da gehiago saltzea, baizik eta hobeto saltzen saiatzea. Erantzukizuna dugu Arabako Errioxarekin, eta beldur gara ez ote gauden desagertzeko zorian, beste negozio eredu bat garatu ezean”.
Elkarteak Arabako 140 enpresa biltzen ditu. Arabako ardoen jatorria bereizte aldera, botilen etiketan Arabako Errioxa handiago jarri ahal izatea proposatu zuen sor-markaren Kontseiluan iragan urtean, baina ezetza jaso zuen. Orduan adierazi zuen ABRAk ez zuela baztertzen Errioxako Jatorrizko Deitura alde batera uztea.
Bestalde, kezka handia dago sor-markaren kudeaketa eta kontrola Arabatik eta Euskal Herritik kanpo egiten dituztelako. Eusko Jaurlaritzak berak hainbatetan salatu izan du Errioxatik zehazten den “jarrera zentralizatzaile eta kontrolatzailea”. Artadiren lehendakariak, bere aldetik, "autonomia" aldarrikatu eta adierazi du sor-markaren kontrola euskal administrazioek egikaritu behar dutela. Halaber, salatu du egun Errioxako Gobernuak erabakitzen duela Arabako ardogileen jarduera ekonomikoaren inguruan. "Linboan bizi gara eta geure eredua sortu behar dugu, jatorrizko izendapena bultzatuta lurrari lotutako ardoei balioa emateko". 
Etorkizuna ate-joka dute Arabako ardogileek, eta ardoaren izena eta izana jokoan daude. Heldu zaie tenorea erabakitzeko zer negozio eredu nahi duten Bruselak onarturiko liberalizazioari aurre egiteko, eta, gogoeta horretan, ezinbesteko gakoa da Errioxa sor-markaren Kontseiluak hartuko duen erabakia. Zortzi proposamen daude mahai gainean. Bereizteko proposamenak dira. Bereizketarik ez bada, banaketa izan daiteke.

Mahastizain ikusezinak

E
rrioxa sor-markak ez ditu bereizten herrialdeak, eskualdeak, lurrak, mahatsak edota mahasgintzak. Sor-markadun 594 upategietatik 321 Errioxako erkidegoan (Espainia) daude, 259 Araban,  eta 14 Nafarroan, baina mahatsaren mugimendua librea da sor-markaren barruan. Hortaz, Arabako upategietan botilaratu eta merkaturaturiko ardoak ez du zertan egon Arabako mahatsez eginda. Izan ere, Araban ekoizten da Errioxako mahastiaren % 22, baina ardoaren %36 merkaturatzen eta botilaratzen da.
Azken hiru hamarkadotan, Errioxa marka hazi da gehien Espainiako estatuan, eta 40.000 hektarea kudeatzetik 70.000 hektarea kudeatzera igaro da. Gainera, 2015. urtean, Errioxako saldek maximo historikoa lortu zuten, 284,02 milioi litro salduta (388 milioi botila). Esportazioetan gertatu da batik bat igoera, 2015. urtean 106,6 milioi litro esportatu baitziren. Iaz, 1.200 milioi euro fakturatu zituzten.
Kopuru horiek hondoratu egiten dituzte Arabako mahats-biltzaile txikiak eta kooperatibak, urtean 100.000 edo 200.000 botila ekoizten dituena ezin baita lehiatu upategi erraldoiekin aterki beraren pean. Ikusezinak dira.