“Bizkaiko Bertsolari Txapelketara ez aurkeztea erabaki dut”

fredi

Fredi Paia (Algorta, 1981) Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziatua Bizkaiko bertsolari txapelduna da egun. Halere, ez du txapel berria jantziko, hasi berria den txapelketara ez aurkeztea erabaki duelako. Hainbat argudio ditu horretarako, orriotan azaltzen duenez. Orain, buru-belarri dabil doktoretza tesia prestatzen, baina baditu beste zeregin batzuk ere. Tartean, Aitor Gisasolarekin batera ontzen ari den Akabuko Martxea dokumentala, garai bateko artzainen transhumantzian oinarritua. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Zer galdu zaizu ardi artean?
Zortzi urteko prozesu naturala izan da. Ekonomia ikasi bitartean, etnografian hasi nintzen lanean, non bizi nintzen ulertzeko. Nire eskualdearen izena, Uribe Kosta, 1980an asmatua da, atera kontuak! Labayru ikastegian hainbat urtez egon nintzen eskualde osoko ahozko ondarearen bilketa egiten, eta landu genuen gaietako bat artzaintza izan zen. Hainbat hariri tiraka, Zegamatik gurerako transhumantzia bidea egin zuen azken artzaina ezagutu nuen: Mikel Etxezarreta. Bide hori egiteko gogoa aspaldikoa nuenez, iazko urrian harekin egindako ibilaldiari buruzko dokumentala sortuta gure eskualdeari buruzko ikerketa zikloa itxi egin zen. Prozesu horrek hainbat gizarteratze tresna eduki ditu: bertoko euskalkian oinarritutako material didaktikoa eskoletarako, hemengo bertsolaritzari buruzko liburua, txango toponimikoak, kultur ekintzak, aurretik egin ditugun beste bi dokumentalak...
Noiz aurkeztuko duzue?
Ez dagokigu guri esatea, egitasmoa finantzatu duten erakundeen erabakia ere bada. Dena den, esan dezaket hurrengo transhumantzia zikloa hasi aurretik izango dela. Halere, gai horrekin lotuta egin dugun film laburra, Dominica, Mendi Film jaialdian aurkeztu zen, eta dagoeneko badabil. Hego Koreatik ere deitu digute, jaialdietan oso harrera ona izan du.
Akabuko Martxea lantzen ari zinetela sortu zitzaizuen Dominica egiteko aukera, ezta?
Bai. Dokumentala aipatzean, hedabideek “Mikel eta bere andrea” esaten zuten, eta Eli Arrillagari ez zitzaion hori gustatzen, noski, bera ere artzaina delako. Ondoren, zalantza autokritiko bat agertu zitzaigun, dokumentalean ez geniolako leku nagusirik egiten emakumeari, baina Elik ez du transhumantziaren ohitura etxetik jaso. Ez geunden prest edukia adulteratzeko, baina ez genuen patriarkatuaren konplize izan nahi. Orduan, erabaki genuen Eliren historia independienteki kontatzea, oso indartsua delako: baserrira ezkondu eta alargun geratu zen, baina ardiekin jarraitzea erabaki zuen. Dominicaren historia ere hor zegoen, historia bera, baina 50 urte lehenago. Beraz, paralelismoa egin genuen: 50 urteko aldea duten bi emakume gauza bera kontatzen. Zoritxarrez, gizarteak ikusezin bihurtu du emakumea hainbat arlotan; artzaintzan, eta film laburrean, oso argi ikusten da hori: emakume izena duen txabola bakar bat dago Urbian, eta hori Dominica alargun geratu zelako.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere abian da. Prestatzen hasi zara?
Ez, ez naiz aurkeztuko txapelketara. Hilabeteak daramatzat nahiko gogoeta sakona egiten, eta ez aurkeztea erabaki dut.
Zer dela-eta?
Bada, alde batetik, egoak ez didalako eskatzen bigarren txapelik. Lehen eskatzen zidan gutxienez bat lortzea, eta txapela titulua, lizentziatura, balitz bezala hartu nuen. Ez leukake zentzurik berriro matrikulatzeak dagoeneko egina dudan karrera batean.
Hori, alde batetik. Eta bestetik?
Bertsolaritzak absortzio gaitasun urria du, pantaila bakarreko bideo-jokoa da, txapelketa irabazi eta ezer ere ez da kualitatiboki aldatzen. Azken txapelketarako sekulako lana hartu nuen, bi erronka nituen batez ere. Batetik, gai serioei umorez erantzuteko tonua bilatzea, iruditzen zaidalako dramaren abusu izugarria dagoela txapelketetan; bestetik, gai existentzialak lantzea, aldatzearren, azken urteotan, batez ere Bizkaiko txapelketetan, irabazleak beti abestu diolako gai berberari, politikoari. Egundoko lana hartu nuen prestaketan, eta ordutik hirutan baino ez naute jarri bakarka bertsotan! Iaz egin nituen 217 saioetatik, hirutan eduki dut aukera prestaketan egindako lana erakusteko... ez du zentzurik! Hurrengo txapelketari begira, zer berri eskaini? Berdin da, finalean amaituko da dena! Bertsolaritza kirol dinamikatik eraikitako kultur mugimendua da, ez dago absortzio gaitasunik, egiturak ez du aukerarik ematen.
Kirol dinamika?
Bai, esku-pilota eta bertsogintza logika beretik antolatu dira: lau t'erdikoa, buruz burukoa, binakakoa, txapelketak, puntuak... eta herririk herri osatzen den jaialdi zirkuitua. Bertsolari txapelketa futbol partida bat da: klubeko  administraziokoak eta umeen entrenatzaileak profesionalak dira, eta futbolariak, arbitroak eta marrazainak ez. Profesionalak dira administratzaileak, baina nukleo balio-sortzailea ez. Saiatu hori alemaniar bati azaltzen! Euskal kulturgintzaren egoera ahularen testuinguruan eredu sendoa da, transmisioan kristoren indarra duena, eta arlo hori profesionalizatu egin da. Kulturgile ikuspegitik begiratuta, ostera, ez nau batere asebetetzen.
Halere, txapelketak badu berezko indarra, ezta?
Nire egoa asetzeko ahal beste txapel batzen baldin baditut, transmisioan fokatutako mugimendu honi zelan eragiten diodan aztertu beharko nuke. Hor badago mito arraro bat esaten duena gazteak, gora egiteko, aurreko txapelduna garaitu behar duela. Baina azken hamarkadak erakutsi du, 80koak legez, ez duela zertan. Demostratu du logika horrek inertzia arraroak sortzen dituela, oso zaila delako profesionalak ez diren epaileek mitifikatutako irudiak epaitzea, eta abar. Transmisioa ziurtaturik ez zegoenean ulergarria zen, baina egun, transmisioan fokatutako mugimendua izanik, kristalezko sabai sentsazioa eragiten du. Ondorioz, lekukoa ekarpen optimoarekin ematen jakin beharra dago. Bertsozaleen espektatibak hausteko beldurrak eragin lezake inertzian harrapatuta geratzea. Mendekotasuna ere izan daiteke, psikologikoki oso arriskutsua baita egiten duguna: txaloaren menpe bizi garenez, gure energia positiboa txalotik jasotzera ohitzen gara. Ez badakizu energia positibo hori zure barrutik sortzen, inertziaren menpekoa zara. Orain arte ez dugu asmatu txapelketari kirol logikatik haragoko funtzioa ematen.
Zein da, beraz, txapelketaren funtzioa?
Transmisioan fokatutako sistema batean tranpolina izan behar du txapelketak, galbahea, erakusleihoa, gazteei bertso munduan sartzen laguntzeko bidea. Baditu funtzio gehiago ere, euskalgintzaren ikuspegitik, adibidez. Mila alderditik dauka zentzua txapelketak, ez dut jartzen zalantzan haren existentzia, baina, kultur logika erreflexiboaren baitan, funtzio zehatz bat dauka: ikasketa prozesua izan behar du, gero kultur ikuspegitik aportatzen jarraitzeko. Berriro aurkezten banaiz txapelketara, gertatu ahal zaidan txarrena irabaztea da, berriro sartuko naizelako betiko dinamikan. Euskal Herria berrehun kilometro karratu dira! Agian, euskaraz hitz egingo balitz hemendik Moskura, esan nezake “Aurten Polonian abestuko dut”, eta, behintzat, jende eta herri berriak ezagutuko nituzke, baina Euskal Herriko ia herri guztietan egon naiz, gaztetxetik deitzen dit hasieran deitzen zidanaren lehengusu txikiaren koadrilakoak… Sekulako deja vu sentsazioa da!
Orduan, bertsolaritza utziko duzu?
Ez, nire asmoa da beste pantaila bat sortzea. Gogoeta bat idazten nabil, Txiki Warhol, Andy  Warholi zenbait ideia hartuta, hark The Factory sortu zuenean oso hausnarketa interesgarriak burutu zituelako, adibidez, zer gertatzen den sortzaile plastikoak arte galerien zirkuitu irreflexiboetan sartzen direnean. Bertsolaritza, kirola legez, zirkuitu irreflexiboa da batez ere. Ez dut ukatzen zirkuitu irreflexibo hori egon behar denik, baina beste pantaila bat sortu behar dugu, eta beste pantaila hori sortzeko ardura eduki beharko genuke, beste batzuen artean, txapela jaso dugun jendeak, atzetik eskarmentua duenak. Ber-tsolaritzaren logika erreflexibotik abiatuta, adibidez, Uribe Kostako euskara landu nuenean txapelketan erabiltzeko, askoz ere gehiago probestuko nuen lan hura eskualdeko herri bakoitzean berariazko bertso saio bat eginda, euskalkia balioesteko helburua hartuta, zirkuitu irreflexiboan arituta baino.
Noiztik darabilzu hori guztia buruan?
Bederatzi urte nituenetik nabil bertsotan; hamabi nituenerako, bat-bateko saioetan nenbilen ni baino hogei urte zaharragoekin. Sentsazio batzuk aspalditik ditut, baina orain Bizkaiko txapelduna naiz. Aurretik ere pen-tsatzen nuen horrela; halere, txapela lortu behar nuen ideiak praktikan jartzeko. Txapel Bete Bertso sortu genuenean, duela 15 urte, proiektu erreflexibo eta autogestionatua izan zen: geu antolatzaile eta geu bertsolari. Gainera, txapelaren izaera lehiakorra apurtzeko, txapela ikusleen artean pasatzen genuen amaieran, bildutakoa denon artean banatzeko, dinamika kolektibistara eginda. Gero, Zaharrak Berri Show sortu genuen, Jokin Uranga eta Xabier Silveirarekin, esperimentu erabat punkya. Bada, horrelako ekimen gehienei zirkuitu irreflexibotik egin zaien komentarioa hau izan da: “Hori egiten dute txapelketan arrakastarik ez dutelako”. Gutxiespen horrek garapen gaitasuna lapurtu zigun.
Norengandik entzun dituzue halakoak?
Izenak gutxienekoa dira, jarrerak aldatu behar dira, pertsonalizatu gabe. Kultur logika oso urrun egon da momentu batzuetan bertsolaritzaren grabitate erdigunetik. Aspaldiko ideiak praktikan jartzeko momentua orain heldu da. Esan ahal didate Euskal Herriko txapela falta zaidala, baina jada ez dio axola, ez lidakeelako kualitatiboa den ezer ere aportatuko. Kuantitatiboki baino ez, kopurutan.
Baduzu lagunik egin nahi duzunari ekiteko?
Lagunak bideak egiten ditu. Hala ere, gogo berezia dut etorkizunean Xabier eta Itxaso anai-arrebekin era erreflexiboan aritzeko bertsotan, gure esperientzia, heziketa eta musikari ikuspegia txertatuta. Gure Von trapp izpirituaren ahalmena aztertzeko gogoa dut. Interesgarriena da, gero eta gehiago, Egañak esan ohi duen eran, jendeak ikusten ez duen lana, bakardade sortzaileak komunikatzearen ondorioetatik sortzen dena. Iruditzen zait bertsogintza oso une onean dagoela gogoeta horri tira egin eta aurrera egiteko, badagoelako gure aurreko belaunaldiko eta gure belaunaldiko jendea txapelketen zirkuitutik irten dena, edo laster irtengo dena. Horiek bi aukera dute: zirkuitu irreflexiboan jarraitu aspertu arte edo beste dinamika honetan sartu eta bideo-joko honetarako beste pantaila bat sortu , edo bi edo hiru edo 24 pantaila. Baina dinamika sortu, hitzaren kirol nazionalaz harago joan; kulturgile bihurtu, ez txapelketak libre uzten digun urtean bakarrik. Halere, ulertzen dut aurreko prozesu hori galbahe moduan egoteak baduela bere zentzua, hau da, bigarren pantaila horretara pasatzen garenok izan beharko genukeela lehenengo pantailan nahiko trilatutako jendea.
Jakin badakizu horrelako ondorioetara iritsi den bertsolari gehiagorik ba ote dagoen?
Tira, alde batetik, batzuek ez didate inoiz arrazoia emango, nahiz eta ados egon, ni izateagatik, hori ere egon badago-eta herri honetan. Bestetik, batzuei irudituko zaie alferrikako lana, kirol logikatik: “Lehen mailan jokatu dut, botak eskegi ditut, tarteka beteranoen arteko partidak jokatuko ditut eta kito! Zertarako hasi gure adinarekin lanak hartzen?”. Zure lekuari bertsogintzan kirol logikatik begiratzen badiozu, agian ez duzu izango era erreflexiboan sortzeko beharrik. Nik barruak eskatuta egingo dut hau, ezin dudalako burua gelditu, eta ideiak errealitate bihurtu behar ditudalako nire barnea armonizatzeko, alegia, nire buruarekin pozik bizitzeko.
Kulturgintza erreflexibo horrek agian ez du horrenbeste jende erakarriko...
Ikusle kopuruak kezkatzen bazaitu, badaude moduak: jendea hainbeste erakartzen duen lehia erabil liteke. Algortako urteroko Bertso saio mundialak frogatu du oso urrun gaudela bertsoak eszeniko, musikal eta literarioki ikuskizun moduan eman lezakeenaren mugetatik. Ni, egungo egoeran, ez nau kopuruak kezkatzen, izaera erreflexiboak baizik. Egungo izaera irreflexiboak erritura mugatzen gaitu, 0 eta 80 urte bitarteko jendearentzako ikuskarira. Erritua da eta funtzio sozial garrantzitsua du. Nik ez dut esaten jaiegunetan errituak egin behar ez direnik, egin egin behar dira, noski, baina ezin dugu bertsogintza horretara mugatu. Egin ditzakegu mugimendu sozialentzako bertso saio monografikoak, adibidez, eta gai konkretu bati buruz asko dakien jende gutxi ager liteke. Erronka interesgarriagoa iruditzen zait egun.
Hori guztia hausnartuta, jarraituko duzu bertso saio “klasikoetan”?
Bai, jarraituko dut errituetan parte hartzen, noski, baina ez astebururo. Asteburuak libre izatea zer ote den esperimentatu nahi dut.
Noiz ikusiko ditugu emaitzak? Nola hasiko zara?
Gogoeta bat eginez, hau konpartituz. Kulturgintza ego txikiz betetako mundua da, eta kideek iritziz gero inoren kontu pertsonala dela, ez dira zintzoki inplikatuko. Beraz, nire egitekoa izango da bide erakargarria sortzea, gero jendeak interesatzen zaiona erabili eta garapen independenteak sor ditzan. Lehenengo pausoa Txiki Warhol gogoeta da. Epeek ez naute kezkatzen, estutzen naute sakontasunak eta adibideak sortzeko gaitasunak, berme bakarra direlako epe luzera praktikotasuna ziurtatzeko. Horretaz jabetzeko, zirkuitu irreflexiboan aspertzetik igarotakoak izan beharko dugu. Diagnosi honen zati batzuk anaiari entzuten nizkion, artean sentitzen ez nituenean, baina orduan gehiago gustatzen zitzaidan bertsolari bizimodua bertsolaritza baino. Suposatzen dut beste batzuek ere gauza bera pentsatuko dutela; hortaz, ea Txiki Warhol gogoeta hori egin dezakegun zertaz gabiltzan pentsatuz, ez nor gabiltzan.
Gibelurdinek taldeko biolin-jolea ere bazara. Aurkeztu berri duzue Shane McGowan-en gibela ikuskizuna...
Unai Elorriagak eta biok beti eduki izan dugu ikerkuntzarako asmoa eta gustua, bai literaturan, bai etnografian, eta umea nintzenetik ezagutzen dugu elkar. Unairi gure diskoa nahiko gustatu zitzaion eta, The Pogues taldeko kantari Shane McGowanen inguruko gauza interesgarri batzuk aurkitu zituela-eta, proposamena egin zigun, Shaneren aitona, arrantzalea bera, Euskal Herrian ibilia zelako. Haren familian betidanik jakin izan omen dute hemen arrastoren bat utzi zuela, baina ez zekiten zer. Horren inguruan egin dugun ikerkuntza lana pantaila batean islatu dugu, soinurik gabe. Soinua osatzen da Unairen off ahotsarekin, guk abesten ditugun The Poguesen bertsioekin eta bat-bateko koplekin.
Lehen diskoa 2012an aurkeztu zenuten. Hemendik atera liteke bigarrena?
Ez dut uste. Bigarren diskorako ideiak baditugu, baina horren aurretik esperimentazio fasea behar dugu. Kontzertuez gain, kale animazioa egiten dugu, baita erakusketak ere eskoletan Euskal Herriko musika tresnei buruzkoak... Bitartean, kanta batzuk sortu ditugu, baina zain gaude, taldearen etorkizuneko sonoritatearekin lotutako aldaketak buruan. Shanena amaitzen dugunean hasiko gara hurrengo diskoa prestatzen.
Kanpoan asko ibili zarete…
Lehen, Dangilizke taldean jotzen nuen, eta nire esperientzia da euskal folka askoz ere estimatuagoa dela Euskal Herritik kanpo berton baino. Atenasen jotzen egonda nago milaka lagunen aurrean. Kontzertu txikiagoetan Londresen, Edinburgon, Sardinian, Tolosan (Frantzia), Galwayn...

KOLKOTIK

Non daukazu Bizkaiko txapela?
Etxeko pasabidean, baina benetako sariak beste hiru dira: 2008, 2012 eta 2014ko Bizkaiko finaletan, une batez entzule guztiak hasi ziren “Fredi, Fredi!” oihuka. Nire bertsoen bidez hirutan hori eragin izana dut lorpenik handiena.
Biharko egunkarian irakurriko nahiko zenukeen berria?
Errefuxiatuak pertsonak bezala tratatzen ditugula.
Zein gai ez duzu gustuko bertsoak botatzeko?
Nire bizitza pertsonalarekin lotutakoak.
Noiz egin duzu negar azkeneko aldiz?
Asko kostatzen zait. Premia handia izan arren ezin dudanean, The Last of the Mohicans filmaren zati bat ipintzen dut, eszena horrek beti eragiten baitit negarra.
Gaur egungo zein politikarik inspiratzen zaitu bertsotarako?
Arnaldo Otegik.
Zenbat aldiz entzun duzu ezezagunengandik “Bota bertsoa, Fredi!”?
Jo! Mila aldiz!
Eta? Erantzuten duzu?
Beti aplikatu dut lege bat: bertsoa botatzen dizunari bertsotan erantzun behar zaio, baina, bestela, normalean ez.
Inoizko bertsolaririk onena?
Hori inoizko egunsentirik politena aukeratzea litzateke.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Balea-ontziko arpoilaria.
Eta orain zer ez duzu izan nahi?
Pertsona irreflexibo inkontzientea, ziur aski izan naizelako.
Izango zinateke artzain?
Bai, aldaketa handia ekarriko lioke nire bizitzari, baina bai.
Zerk ematen dizu lotsa?
Ahultasuna erakusteak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Musika jo, normalean biolina.
Bertsotan, eskuak poltsikoetan edo atzean?
Ez dakit, ez dezatela trabarik egin.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Ederra dela eta gurea dela, ordena horretan.
Zer edaten duzu bertso afarietan?
Afaltzen, ardoa. Ondoren, dagoena.
Bi hitzetan, zelakoa da Fredi Paia?
Basapizti sentibera.
Eta zer da?
Titiriteroa esan ohi dut, egiten ditudan gauza guztiak azken batean bakarra direlako: nire sentimenduak jendearen sentimenduekin konektatu, hainbat teknikaren bitartez.