Kale antzerkiaren azoka eta plaza

UMORE

Maiatzaren 19tik 22ra egingo da Leioako XVII. Umore Azoka, kale antzerkiari eskainitako Euskal Herriko jaialdirik garrantzitsuena. Aurtengo datuak horren erakusle: bertoko eta nazioarteko 50 konpainiaren 54 ikuskizun eskainiko dituzte, 125 emanalditan. 54 ikuskizunetatik 21 erabateko estreinaldiak izango dira, gainera. Euskal Herriko taldeek ordezkaritza zabala izango dute aurten ere, guztira 19 taldek hartuko baitute parte, 20 lan eskainita. Horietatik 11 estreinaldiak izango dira. Tartean, Su à feu, aurten 20 urte bete dituen Deabru Beltzak taldeak Umore Azokaren babesaz ekoitzirikoa. Azokaren laguntzaz sortutako beste lau ikuskari ere ikusi ahal izango dira. Leioako taldeek ere berariazko lekua izango dute, horretarako beren-beregi sorturiko Bertako eszena atalari esker. Aurtengo egitarauaren “kalitatea, aniztasuna eta diziplinen arteko oreka” nabarmendu dute antolatzaileek. Ikuskizunez gain, ikastaroak ere eskainiko dituzte Azoka hasi aurretik eta iraun bitartean.


arrigorriagaLEHENENGO EGUNEAN emakumeak protagonista izango direla, maiatzaren 6an hasiko da Arrigorriagako XXI. Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Hilaren 8ra arte, 13 talderen lanak izango dira ikusgai: Euskal Herriko Rojo Telón, Oihulari Clown, Hortzmuga teatroa eta Tiritirantes; Herrialde Katalanetako La Bella Tour, Joan Catalá eta Wilbur Clown; Andaluziako (Espainia) El Gran Dimitri; Finlandiako Kate & Pasi; Kanariar Uharteetako (Espainia) Clownbaret; Kanadako Dado Oddball; Japoniako Meriko; eta Frantziako Cie. Krilati. Hortzmuga taldeak, gainera, Femmes lana estreinatuko du. Aurtengoan, clowna jorratzen duten lanak izango dira nagusi, baina ez bakarrak. Bestelako ekitaldiak ere izango dira. Esaterako, umeentzako zirku tailerra edota jokoak, kutxa magikoak eta ilusio optikoak biltzen dituen Ezinen azoka erakusketa.

 

 

 

 

LABURREAN

PARASITE kolektibo artistikoak euskarazko antzezlan laburrak jasotzeko deialdia egin du, ekainaren 13tik 19ra Gasteizen antolatuko duen Zurrunbilo jaialdian aurkezteko. ATARI izeneko egitasmoa abiarazi du Parasitek, publiko berrientzako euskarazko sormena sustatu nahian, eta horren baitan antolatuko du Zurrunbilo Baratza Aretoarekin elkarlanean. Obrak maiatzaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira, gehienez 15 minutuko iraupena izanda. Informazio zehatza jaso nahi duenak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbideetara idatzi behar du.
bilboeszenaEUSKARAZKO antzerkiaren erronkei buruzko gogoeta egingo dute maiatzaren 14an Bilboko Euskal Museoan, BilbaoEszena Antzerki Baliabideen Zentroak antolatutako Gure hizkuntza, gure oholtza jardunaldian. Goizean, antzezlanen itzulpenaz ariko da Xabi Paya; eta Patxo Telleriak tailerra eskainiko du Euskaraz antzezteko idatzi izenburupean. Arratsaldean, mahai-ingurua egingo dute Eneritz Artetxek, Mikel Martinezek, Agurtzane Intxaurragak eta Gaizka Sarasolak, Ane Zabalaren gidaritzapean, Zer nori nork nola da euskal antzerkia? itauna abiapuntu. Parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik eman behar da izena E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidean.