Toro

toro

Zuzendaria: Kike Maíllo. Gidoia: Rafael Cobos, Fernando Navarro. Aktoreak: Mario Casas, Luis Tosar, José Sacristán, Claudia Canal, Ingrid García Jonsson. Espainia, 2016.

Istorioa: Bost urteren ostean, bi anaiak elkar topo egingo dute. Bat kartzelatik irtetear da, eta kartzelako baimenak lanerako baliatzen ditu, legez kanpoko jardunetan ibilitako urteak atzean utzi nahirik. Bestea, nagusi mafiosoari lapurreta egin diola-eta, ihes egin beharrean da. Lehenak lagundu egingo dio bigarrenari, eta indarkeriaz beteriko bidea hasiko dute.
Onena: Thrillerra eta akzioa Andaluziako turismo guneetan. Eguzkiaren dirdiratik eta eguzkitako koloretsuetatik urrun, turisten korta horien atzealde ilunean dabil etengabe filma. Ziurrenik, kokaleku eta girotze horiek dira interesgarriena, fotografia zainduarekin bat.
Txarrena: Hasieratik aurreikus daiteke filmak emango duena, eta gidoiaren zuloek, gainera, ez diote mesederik egiten. Aktore nagusiek ere ez dute askorik laguntzen, José Sacristán beteranoaren rol ezin gaiztoagoa salbu. Patata tortilla, santuen irudiak, manteca colorá eta Torremolinoseko zementu-gune dekadenteak turismo-mafiarekin eta odolarekin nahastuta, emaitza ederra espero zitekeen; tamalez, gatz eta piper gutxiko paella prefabrikatuaren tankera sumatzen zaio.
Eñaut Mitxelena