Hor, konpon

konpon

 

Gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Kontsumo basatiak bultzatuta hondakin gehiegi sortzen dituen jendartean, ingurumena zaindu eta kontsumo arduratsua sustatzeko oinarrizko hiru arau, erakunde nahiz norbanakoek aintzat hartu beharrekoak. Hirurak ere ezinbestekoak, zabortegi erraldoi bilakatzear den munduan. Kezka horretatik abiatuta ipini dute martxan Bergaran Kafekonpon egitasmoa: etxetresnak konpontzeko eta berrerabiltzeari bultzada emateko. Eñaut Mitxelena.

Bergarako San Joxepe erretiratuen elkartearen egoitzan, mahai luze batean, han-hemenka, makina bat etxetresna eta gailu: jostailuzko auto telegidatu bat, irabiagailu bat, irrati parea, plantxa bat... Horien alboan, hainbat erreminta: bihurkinak, aliketak, mailuak, askotariko giltzak... Eta horiekin guztiekin batera, kafez beteriko hainbat kikara. Horiei eusten, mahai-gaineko gailu eta etxetresnak konpontzen ahalegintzen diren eskuak. Konponketa lanetan zaildutako eskuak batzuk, zailtzeko asmoz direnak bestetzuk. Denak ere Kafekonponera hurbilduak.
Etxean hondatuta izaten diren etxetresna txikiak konpontzen dituzte Kafekonpon ekimenean. Konpondu, edo konpontzen ahalegindu, tresna horien bizitza luzatzeko eta, hortaz, berrerabili ahal izateko. Hori baitu xede nagusi: berrerabiltzeko filosofia indartzea, eta, era berean, “kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientzia piztea” zehaztu du Nagore Narbaizak, Bergarako Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Parte Hartzeko udal teknikariak. “Topikoa da, baina denok gaude kontsumo basatian murgilduta, eta ez gara konturatzen” dio. Erosi eta, hondatuz gero, hautsitakoa bota eta berria erosi. Kontsumo joera hori da nagusi egungo jendartean. Narbaizaren hitzetan, “egun, tresnaren bat hondatzen bazaizu, dendara joan eta dendan bertan esaten dizute hobe dela berria erostea, ekonomikoki zaharra konpontzea baino hobeto aterako zaizulako. Guk hori dagoeneko buruan sartua daukagu, beraz, ez dugu ahaleginik egiten konpontzeko”. Dinamika hori eten eta berrerabiltzeari dagokion balioa eman nahi diote Kafekonponen. Horretarako, kafe baten bueltan biltzen dira hilean behin, lagun giroan, eta, elkarlanari garrantzia emanez, batzuek besteengandik ikasten dute.
Iazko urrian ipini zuten martxan Kafekonpon. Iñaki Alberdi bergararrari otu zitzaion ekimena, nazioartean aski hedatua den Repair Cafe egitasmoaren berri izan zuenean. 2007an sortu zuten Herbehereetan dagoeneko beste hainbat herrialdetara zabaldu dena (Euskal Herrira ez, oraingoz). Finean, erabili eta botatzearen kulturari aurre egin nahi dio ekimenak, oraindik ere erabilgarriak diren objektu eta tresnak konpontzeko bilkurak antolatuta. Bilkurotan, konpontze lanetan trebeak direnak eta batere ideiarik ez dutenak biltzen dira eta, ezagutza eta esperientziak trukatuz, objektu horiek guztiak konpontzeari ekiten diote. Hala, berrerabiltzearen filosofiaz gain, harreman sozialak ere landu eta indartzen dira.
Parte hartzeko
Zergatik ez dugu hemen antzeko gauza sinple bat egiten? Etorri, konpondu eta kafea hartu”. Hala, Alberdik Udalari proposatu zion ideia, eta ekimena martxan jarri zuten. Lehenik, konponketetan trebeak diren bospasei lagun bilatu zituzten herrian. “Mainatsu” horien baiezkoa jasotakoan abiarazi zuten proiektua. Iazko urritik, hilean behin egiten dute hitzordua San Joxepen, hileko bigarren asteko eguaztenetan. Parte-hartzaileek elkarri laguntzen diote, dakienak ez dakienari erakutsiz. Alberdiren hitzetan, “kontua ez da hona etorri, trastea utzi eta alde egitea, besteok konpontze lanak egiten ditugun bitartean. Norbera saiatu behar da konpontzen, gure laguntzarekin. Askotan, zenbaitek ez du lehen saiakera egiteko modurik ere izaten , bihurkina zelan hartzen den ere ez dakitelako. Baina gogo pixka batekin, horiek guztiak ikasi egiten dira. Aldamenean zer edo zer erakutsiko dizun norbait izanez gero, askoz errazago egingo duzu”. Azken batean, bakoitzaren ezagutzak baliatuta, “elkarren artean osatuta”, gauza askori eman dakieke konponbidea. Hala, Alberdiren ustez, “Kafekonponen berezitasunik onena da jende askoren laguntasuna lor daitekeela. Laguntasun horrek eroaten zaitu gauzak konpontzera, lan apur bat eginda. Parte hartzen baduzu, beti ikasiko duzu”.
Horixe egin zuen, esaterako, Pili Arinek. Lehenengo saiotik hartu du parte  Kafekonponen. Orduko hartan, “nire gauzekin etorri nintzen, konpontzeko”. Ordutik, baina, laguntzera etortzen da. Are, konpondu ezin diren tresnei beste erabilera bat ematen saiatu ohi da: “Gailu elektrikoekin ez naiz batere ongi konpontzen, baina arlo mekanikoan, eta eskulan zein dekorazio kontuetan, trebeagoa naiz”. Horrenbestez, birziklatze kontuei ere heltzen die Arinek. “Gauzak ez botatzea da asmoa. Konpontzeko bidea aurkitzen baldin bada, konpondu. Eta ezin bada, beste funtzio bat eman. Birziklatu” dio, ardo kaxa batekin egindako arasa erakusten digun bitartean. Bere trebetasunak gainontzekoen eskura ipinita, Arin erabat murgildu da Kafekonponen dinamikan.
Kontrako kasua da Begoña Zabaletarena. 150 bat urteko erlojua konpondu nahian, lehen aldiz agertu da Kafekonponen. Ondotxo daki xedea “trastea ekarri eta gu geu zertxobait ahalegintzea dela, ikastea, ekarri eta beste batzuk lan egiten ikusi beharrean”. Oraingoan, aitortu duenez, “ez dut ezer egin, erlojuarena oso delikatua baita”. Halere, berriz etortzeko asmoa azaldu digu, eta, bestelako trasteak ekarriz gero, “ahal baldin bada”, saiatuko dela esan du. Bien bitartean, pozik alde egin du konpondu dioten erlojuarekin. Hori izaten da, Alberdik azaldu duenez, bertaratzen diren gehienen kasua: eramaten dituzten trasteen % 90 inguru konpontzen dituzte.
Gazteen falta
Hil gutxi daramatza abian Kafekonponek, baina, Narbaizaren hitzetan, harrera ona izan du herrian. Haatik, antza denez, hitzetik ekintzetara bada alderik: “Herritarrek oso egitasmo ontzat jotzen dute, baina hurrengo urratsa ematea falta da: oso ondo dagoela esateaz gain, jende gehiago bertaratzea”. Nolanahi ere, pixkanaka errotzen ari da egitasmoa. Otsaileko hitzordua, esaterako, orain arteko jendetsuena izan da, dozena pasatxo lagun hurreratu baita San Joxepera. Orain arte, gutxixeago gerturatu izan dira. Dena dela, ekimen xumea izanik, helburua ere halakoa da. Narbaizak dioenez, “ez dugu topagune bat edo halakorik sortu nahi. Honek ezingo luke jasan hilero 60 lagun beren trasteekin etortzea; ez, behintzat, formatu honetan. Jasanezina litzateke, eta, gainera, hau lagunartean egiten denez, ez letorke proiektuarekin bat”.
Hori bai, gazte gehiago gerturatzea nahiko lukete. Narbaizaren iritziz, “adinekoak erakartzea gazteak hurbiltzea baino errazagoa da. Gauzei beren balioa ematen diete adinekoek eta, tresnaren bat hondatzen bazaie, konpontzen ahalegintzen dira”. Gazteek, aldiz, ondo barneratuta dute kontsumo basatiaren dinamika  eta, ondorioz, “gazteok dugu halako ekimenen premia handiena”. Alde horretatik, azken hitzorduak baikor izateko arrazoiak eskaini ditu, gazte batzuk ere batu direlako. Pixkanaka, xumeki, urratsak egiten ari da Kafekonpon berrerabiltzearen aldeko apustuan. Esku artera iristen zaizkien trasteak konpontzen, edo ahalegintzen, ezagutza trukaketari leku egiten eta harreman sozialak lantzen. Kafe goxoaren bueltan, lagun artean, eskuz esku.