Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketa martxan

belarrion

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketaren 28. edizioan izena emateko epea zabalik egongo da hil honen 12ra arte. Gazteek osatutako Europako taldeei begira, hasiberrien musika bultzatzeko eta zabaltzeko helburua du lehiaketak, hiru musika modalitatetan: pop-rocka, metala, eta elektronikoa eta beste joera batzuk. Lehen fasea gainditzen duten 38 taldeek iraila eta urria bitartean joko dute zuzenean Bilborock aretoan, eta azaroan jokatuko da azken fasea hamar talde finalisten artean.
Diru sariez gain (5.000 eta 1.100 euro bitartekoak), Bilbao Hiria saria jasoko du Bilboko edo Bizkaiko talderik onenak: emanaldia Bilborock aretoan 2017an. Halaber, Aste Nagusia sariak esleituko dira Bilboko talderik onenarentzat eta Bizkaiko talderik onenarentzat (pop-rock edota metal modalitatean). Bi horiek emanaldia eskainiko dute 2017ko Aste Nagusian, Bertako Rock agertokian.
Argazkian, iazko edizioan hainbat sari eskuratu zituen The Flying Scarecrow talde bizkaitarra.


HOTZIKARAKHOTZIKARAK (Elkar) du izena Pettiren azken diskoak, Etxeko Uzta taldearekin, hau da, inguruko musikari lagunekin, ondua. Igor Telletxea (bateria, perkusioa), Iñigo Telletxea (baxua) eta Joseba Irazoki (lap steel, banjo eta gitarra elektrikoak) izan ditu ondoan, eta Pettik berak jarri ditu gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta ahotsa. Horiez gain, grabaketan gonbidatu bereziak izan dituzte: Txus Aranburu teklatuetan, Estitxu Pinatxo koruetan eta Joseba Baleztenak, Felix Buffek eta Xan Bidegainek osatutako hirukotea Sekula ez erortzea kantuan. Denen artean, bi aste eskasean ekoitzi dute hamar kantaz osatutako diskoa. Letrei dagokienez, hainbatek eginak dira: Pello Lizarralde, Eneko Barberena, Igor Elortza, Beñardo Goietxe, Juan Luis Zabala, Harkaitz Cano eta Pettik berak.

 

keuNOMADAK ETA KOFREA
Keu Agirretxea
Mauka, 2016

Zaleak hiru urtez zain eduki ostean, Ondarroako abeslariak lan berria kaleratu du. Hainbat artistaren arteko elkarlana da diskoa, azaletik hasita, Javier Bergasak egin baitu barruan aurkitzen den altxorra islatzeko irudia. Musikari bizkaitarrak (gitarra akustikoa, elektrikoa eta ahotsa) honako hauek izan ditu lagun: Javi Calambres baxuan, David Bao baterian eta Carlos Noain teklatuetan eta sintetizadoreekin. Gainera, beste zenbaitek ere kolaboratu dute abesti batzuetan. Keuren ahots doinu beroak maisuki plazaratu ditu Mikel Etxaburuk, Aiert Goenagak eta Kirmen Uribek idatzitako istorio ederrak.

lenaoLENAO
Lenao
Autoekoizpena, 2016

Lenao oñatiarren lehenengo diskoa da, orain CD formatuan kaleratua, joan den irailean sare sozialen bitartez eskaini ondoren. Iker Martinez de Zuazok (Latzen, Potemkin, Amonal…), Egoitz Olaldek (Sharon Stoner, Sorkun…), Joxeba Aranburuk (Bitz) eta Ander Etxanizek (Gas) osatzen dute 2012an sortutako taldea. Beste garai bateko rock soinu naturala dakar hamaika abestiz osatutako diskoak, baina pop erako doinuei ere utzi diete lekua. Argitarapen fisikoaren diseinua, Ander
Etxaniz taldekidearen pinturetan oinarrituta dago.