Literatura plazera denean, Literaturia

LITERATURIA

Literaturia jaialdia maiatzaren 19tik 22ra ospatuko da aurten Zarautzen. Ekitaldiz betea dator, Larrua gaitzat harturik eta Plazer hutsa lelopean. Iazko arrakastari eustea eta Zarautz udaberriko euskarazko liburuen erakusleiho bihurtzea helburu, hainbat idazlek eta musikarik hartuko dute parte herriko hiru tokitan egingo diren ekitaldietan: liburu azoka, Musika plazan; liburuen aurkezpenak, Garoa liburu dendan; eta emanaldiak, Modelo aretoan. Guztiak ere herri gunean bildurik. Literaturaz harago, topagune bilakatu da Literaturia dagoeneko, diziplinen arteko topagunea, hain zuzen, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Horren erakusle dira antolatu diren ekimenak, batzuk estreinaldiak. Esaterako, Mr Señora errezitaldi dramatizatua (Metrokoadroka), Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna (Itu Banda) edota Maitiak galdegin zautan emanaldia, non Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik hitzak, musika eta inprobisazioa nahastuko dituzten.


aritzARITZ MUTIOZABAL kazetariak (Zarautz, 1980) bigarren poema liburua argitaratu du: Hutsartea (Maiatz). Lehenengoa (Gorren dantzalekua. Maiatz, 2014) kaleratu zuenean, denbora batez poesiarik ez idaztea erabaki eta etenaldia egin zuen; hortik dator bigarren honen izenburua. Poesiak, ordea, eragiten omen dio idazle zarauztarrari “halako menpekotasuna”, barrua husteko balio diona edo, zer kontatua duenean, harengana jotzera eramaten duena. Ondorioz, pixkanaka-pixkanaka, poema solteak idazten hasi zen. Emaitza, bost ataletan banatutako poema liburu hau: Geografia zartatuak, Ametsen itsasaldia, Amnesia markako erlojua, Mihia huelgan eta Eklipse bat nire ordenagailuan. Hitzaurrea beste poeta batek idatzi dio, Itxaro Bordak, hain zuzen ere.

 

 


kamaradakKAMARADAK
Joxe Iriarte Bikila
Txalaparta, 2016

1980ko ekainak 25: Nervaceroko langileek parlamentariak atxiki dituzte Bizkaiko Aldundian. 1984ko azaroak 23: Euskalduna ontziolan, poliziaren oldar artean, Pablo Gonzalez langilea hil da. 1992ko urtarrilak 8: bi ertzainek Mikel Uribe junkiea hilik aurkitu dute. 1986ko martxoak 25: Guardia Zibilak Joseba Fernandez gorputzean bi bala dituela atxilotu du... 1971ko udaberrian, Mikelek, Arantxak eta Josebak zera entzun diote Periko Solabarriari: “Bada garaia aldatzeko. Ez dugu behar karitaterik, justizia baizik!”.

aldeALDE ERANTZIRA NABIL
Ekhine Eizagirre
Susa, 2016

Intimitatea, desira, erotismoa, borroka, errepresioa, feminismoa... dira Eizagirreren lehen poema liburuko gaiak. Gardentasunez eta modu biluzian mintzo da egilea, eta bizi baldintza ezohiko batzuen kontakizuna egitera dator. Idazlearen esanetan, hiru aro bereizten dira bilduma honetan: “Lehenik, Euskal Herrian bizi nintzeneko garaia; bigarrenik, klandestinitatea; hirugarrenik, espetxealdia. Azken 10 urteotako oroitzapenek bizia gal ez dezaten, berreskuratu, elkarri josi eta atondutako hitzak dira”.