Gaueko zaintzailea

Julen Belamuno
Elkar, 2016

zaintzaileaNobela hau hitz batez definitzekotan, berba hori “xehe” litzateke. Batetik, xehea da apala, umila... Bestetik, zehatza, zorrotza... Bada, bietatik du eleberri honek. Xehea delako (sinplea, baina ez aspergarria) kontatzen duen istorioa, eta xehetasunez (detailez, baina tamainan) kontatua dagoelako. Protagonistaren neurrirako trajea egin du Belamunok.
Honela hasten da: "Gaueko zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da". Erretiroa hartzera behartu dute, aluminiozko lantegian 28 urte egin ostean. Bizitzan ez du izan besterik bere lana baino. Nahi ere ez. Xehea izan da gaueko zaintzailea. Gauero, aldian-aldian lantegi barrutik zein kanpotik osteratxoa egin, izarrei begiratu eta ibaiaren beste aldeko gasolindegiko joan-etorriak zelatatu. Xehetasunez bete du lana.
Honela amaitzen da: "Eta egun hasi berria ere arrotza egin zaio. Lainoak pixkanaka erretiratzen ari dira, eta eguzkiak gero eta indar handiagoz egiten du argi inguru guztian, eguzki printzak oparo banatuz zaintzailearena ez den mundu batean, besteen bizitza distiratsuen gainean". Egin du azken gaua lantegian. Betiko errutinaz gain, gauzak batu eta gogoratu egin du: gasolindegiko neska, lantegiko zuzendaria...
Xehe-xehe irakurtzea merezi du.
Igor Elordui