Ideia berriak

Batzuk tematu egiten dira informazio eta komunikazio teknologiei ‘teknologia berriak’ deitzen. Konturatu gabe, gezurretan ari dira, sarritan euren burua ere engainatzen. Egia da, ikuspegi historikotik, IKTak oso-oso berriak direla, eta esparru bereko beste teknologia ba-tzuek askoz ere denbora gehiago behar izan zutela hedatzeko. Pentsa zenbat denbora behar izan zuten  inprentak, telegrafiak, telefonoak, irratiak.... gure eguneroko bizimoduan finkatzeko. Duela 30 urte zientzia-fikzioa ziren smartphoneak, esaterako, tresna ezinbestekoak bihurtu zaizkigu belaunaldi batetik bestera.
Horrek, noski, aldaketa ugari eragin ditu ‘negozio’ asko eta askotan. Internet hedatzen hasi zen garaian, duela apenas 20 urte, egunkariek erabaki bat hartu zuten: artean berria zen teknologia harekin argitaraturiko edukia dohainik izango zen, paperezko ‘teknologia zaharraren’ osagarri. Are gehiago: Interneteko argitalpenak esperimentatzeko guneak ziren, paperak emandako etekinari esker mantentzen zirenak.
Interneteko edukiak hasieratik dohainik zabaltzeko erabakia ‘oinean tiroa ematea’ izan zela entzun nion aspaldi-txo nazioarteko egunkari garrantzitsu baten ordezkariari. 20 urte geroago, paperak dagoeneko ez du Interneteko edizioari eusteko beste etekinik ematen, are okerrago:  publikoak, irakurleok, erabat barneratu dugu Interneteko edukia doakoa dela eta halaxe izan behar duela.
Hortaz, une honetan, berria zen teknologiak zaharrak baino publiko zabalagoa dauka. Komeriak, orain: irakurleok ez dugu sareko edukia ordaindu nahi; iragarkiak jartzen dizkigutenean ere ez zaigu ondo iruditzen, eta blokeatzeko teknikak erabiltzen ditugu; eta paperezko egunkariek gero eta jarraitzaile gutxiago dute, batez ere belaunaldi gazteen artean. Orduan… nondik atera behar da kazetarien soldata ordaintzeko dirua?
Hor dabiltza/gabiltza komunikabideen munduan galdera horri erantzuna topatu nahian. Izan ere, balizko konponbide bakoitzak berariazko arazoak dakartza: albiste bakoitzeko ordainketa txiki bat egitea, harpidetza modukoak sortzea, bestelako publizitate estiloak txertatzea, informaziorako behar luketen webguneak saltoki erraldoiak bihurtzea… Teknologia ez, ideiak behar ditugu berriak!

Loturak, estekak, linkak...

http://bit.ly/blokeatu
Zilegi da webguneetako iragarkiak blokeatzea? Eta iragarki-blokeatzaileak blokeatzea? Gogoetatxoa Teknopataren Txokoan.

http://bit.ly/blokeatu2
Iragarkiak blokeatzeak hedabideetan eragiten dituen kalteak eta planteatzen ari diren aukerak, Sustatu.eus-en.

https://adblockplus.org/
Iragarkiak blokeatzeko softwarea (erabili zentzuz!).