Apirila

 

 

 

julenJulen Gabiria

Denbora badoala diote, baina ez doa. Hortxe dago beti bueltaka, beti bueltatzen; itzulinguruka, beti itzultzen. Akaso mozorro bat darabil orain eta beste bat bihar, baina denbora beti da bera, eta albisteak berberak dira apiril honetan zein iazkoan, edo duela ia 80 urteko apirilean. Halaxe zioen T.S. Eliot poetak ere, apirila dela hilabeterik krudelena, eta lilak sortzen direla lur mortuan, eta memoria eta desioa nahasten direla apirilean.
Hilik ankerrena urte osoa da, edo galdetu errefuxiatu deitzen diegun horiei, zeren guk, hitzen prestidigitadoreok, ihesean datozenei aterperik eman ez eta, hala ere, errefuxiatu deitzeko barrena ere badugu. Eta denbora badoa, baina beti da berdin, eta berdin dit non: berdin Hungariako mugetan, Budapesteko tren-geltokian, Austriako errepide-bazter batean abandonatutako kamioi haren barruan, Turkiako hondartzetan je suis Aylan eta aparrak eurekin daramatzaten beste hainbeste hitz hutsetan, Lesboseko olatuetan, Idomeniko kartoizko kutxetan, agian trending ez baina ziurrenik topiko bihurtzeko arriskuan dauden milaka argazkitan.
Mariusz Szczygiel poloniarraren Gottland liburu itzela zenbat aldiz ez ote zaidan burura etorri, iheslari horien iragana imajinatu nahi izan dudanean. Historiaren barruko historia guztiak bilduko dituen obra amaiezin eta ezinezkoa, munduari buruzko kontakizuna osatuko duen kimera erabatekoa, apiril batetik bestera denbora igarotzen ez dela frogatuko didana. Gottland erraldoi hori inoiz baino gehiago behar dugu, urruntzat jotzen ditugun tokietako gerretarako zein Euskal Herrian bizi izan ditugun miserietarako. Halako burutazioak nahastu zaizkit egunotan, Jose Mari Esparzak idatzitako La sima liburu izugarria irentsi berritan, edo, apiril guztietan bezala, irudikatu nahi dudanean nolakoak izan ote ziren Clara Zaldumbide nire senidearen azken uneak, Gernikako bonbak gainera erori aurretik. Txistu urrun bat zerutik datorrena, eztanda bat eta kito, denbora izoztuta, edozein tokitako edozein hiletan.