Hedabideak

Diru-laguntzen antolaketa berria ez du nahikotzat jo Hekimenek

Iragan martxoan, urteko batzar nagusia egin zuen Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak eta, besteren artean, Zinea.eus ataria bazkidetzat onartzeaz gain, administrazioen diru-laguntzak izan zituzten hizpide eta aztergai. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) hurrengo urteotarako aurreikusitako urte anitzeko deialdia jorratu zuten. Gaiak hedabideen artean sorturiko ezinegona tarteko, horri buruzko iritzi publikoa plazaratu du elkarteak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2016rako onartutako aurrekontuek hainbat urtetarako ahalegin publikoa zehaztu dute lehen aldiz: 2019ra arte, 11,46 milioi euro. Hots, aurtengo udazkenean egitekoak diren hauteskundeetatik aterako den gobernuak azken bost urteotako aurrekontu ia bera izango du hurrengo hiru urteotarako euskal hedabideentzat. Hekimenek nabarmendu duenez, “diru bera zortzi urtez jarraian, eta irizpideen gainean eztabaidatzeko aukerarik gabe”. Elkartearen arabera, urte anitzeko planteamendua ona da sektorearentzat, “baina diru berdina egotea eta deialdia sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe egitea ezin dugu nahikotzat jo, ez delako Hekimenek eskatzen duena eta ez dituelako bermatzen sektore osoaren egonkortasuna eta garapena”. Ondorioz, datorren gobernuarekin “epe luzera begirako planteamendu egonkor eta eraginkorra lantzen jarraitzeko” bere konpromisoa berretsi du. Asko dira, Hekimenen ustez, landu beharreko erronkak. Esaterako,“2010etik hona behera etorri diren” euskal hedabideentzako aurrekontuen arazoa bideratzea ez ezik, euskarazko hedabideetan egiten den publizitate instituzionala areagotzea (“Jaurlaritzak publizitate instituzionalaren % 3 baino ez du egiten herri ekimeneko hedabideetan”). Hain zuzen, gai horiek izan zituen hizpide Hekimenen zuzendari Alberto Barandiaranek Eusko Legebiltzarrean martxoaren 10ean, sektorearen egoera azaltzeko egindako agerraldian.