Eslovenia

garagardoa

Uraren ordez, garagardoa txorrotatik

Maritxu nora zoaz? kantu ezaguneko Maritxu eta Bartolo Esloveniako Zalec herrixkara hurbilduko balira, ez lukete “ardotxo txuririk” topatuko bertan zabaldu nahi duten iturrian. Ezta urik ere. Aitzitik, garagardoz lepo jarriko lirateke, eta ez garagardo mota bakarrarekin: 30 garagardoren artean aukeratu ahal izango lukete. Izan ere, horixe egin nahi dute Zalec herrixkan: uraren ordez garagardoa emango duen iturri publikoa eraikiko dute, munduko lehen garagardo iturria, hain zuzen ere. Udalak egitasmoa onartu du dagoeneko, udalbatzaren herena aurka agertu arren. Egitasmoaren aurkarien ustez, proiektu garestiegia da. 350.000 euro beharko dituzte iturria eraikitzeko, eta horren erdia, 170.000 euro, Udalak jarriko du. Iturriak ez du inolako misteriorik: Esloveniako garagardo mota ezberdinak eskainiko ditu, baina ez musu-truk. Egarri denak sei euro ordaindu beharko ditu. Horren truke, hiru erronda edateko aukera izango du, eta edalontzia oroigarri jasoko du. Herri txikia da Zalec, 5.000 biztanle baino gutxixeago ditu, eta garagardoa egiteko ezinbesteko osagai bat landatzeagatik da ezagun: lupulu sail ugari dituzte herrian. Ezaugarri horri helduta, turismoa bultzatzeko asmoz garatu dute egitasmoa. Iturria noiz zabalduko duten zehaztu ez arren, uste dute martxan denean turista ugari erakarriko dituela. Tartean izango ote dira Maritxu eta Bartolo?