Kultura

jalgiJalgi egitasmoak plazara eramango du euskarazko kultura

Euskarazko kulturak ikusgaitasunean eta transmisioan dituen gabeziei aurre egiteko xedez jaio da Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa. Helburu horiek lantze aldera, Aiaraldean jaialdia egingo dute maiatzaren 23tik 29ra. Bost elkartek sortu dute proiektua: Ahotsenea sortzaileen guneak, Euskal Herriko Bertsozale elkarteak, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Nolanahi ere, euskarazko kultur ekosistema osatzen duten kide eta eragileen parte hartzea bultzatu nahi du egitasmoak eta, ondorioz, ateak zabalik ditu kide gehiagorentzat. Tokian tokiko eragileekin elkarlanean jarduteko xedea duenez, jaialdi ibiltaria izango da, eta urtero leku ezberdin batean egingo dute. Aurtengoan, Aiaraldea osatzen duten 9 udalerrietan (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo). Zazpi egunez, gogoeta eta ikuskizuna, hausnarketa eta ospakizuna uztartuko dituzte ekitaldi ugariren bitartez. Batetik, orotariko 65 kultur jarduera antolatuko dituzte. Bestetik, kulturaren komunikazioari eta transmisioari buruzko bi eguneko jardunaldia egingo dute. Hala, egitasmoa abiarazteko kezkei heldu ahal izango diete kultur sorkuntzan eta hedapenean diharduten eragileek. Egitarau zehatza, baita egitasmoaren nondik norako zehatzak ere, http://jalgika.eus/ gunean topa daitezke.