Euskara

eheApirilaren 16an ospatuko du EHEk Euskaraz Bizi Eguna, Baionan

Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz leloari jarraikiz, apirilaren 16an Euskaraz Bizi Eguna ospatuko du Baionan Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Aurtengoa zazpigarren aldia izango du jaiak, Lapurdin burutuko den lehena. Azken urteotan Lapurdin EHEren hiru talde sortu direla-eta, horiei bultzada emateko baliatu nahi dute ospakizun eta aldarrikapen eguna. Hala, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko beharra nabarmenduko dute aurtengoan; horretarako, norbanakoen ahalduntzean eragitea izango dute xede. Finean, administrazio eta erakundeen balizko aldaketen zain egon gabe, nork bere kabuz urratsak egitearen garrantzia azpimarratuko dute. Euskaraz bizi nahi duen herria irudikatzeko hitzordua izango da apirilaren 16koa. Horri begira, herri eragileekin auzolanean atondu dute egitaraua. Adin guztietarako ekitaldiak izango dira egun osoan: artisauen eta eragileen erakustazoka, umeen txokoa jolas eta puzgarriekin, herri bazkaria, bertso poteoa Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolariekin, Erramun Martikorenaren kantaldia eta Torii taldearen zein Sorkunen kontzertuak, besteak beste.