Lanpres egitasmoa abian, AHIZEren aholkularitzarekin

AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzua Lanpres egitasmoan dabil beharrean, lantokiko prestakuntza euskaraz sistematizatzeko, LANEKI Elkartearekin batera. Egitasmoaren xedea bikoitza da: batetik, baldintza egokiak sortzea Lanbide Heziketako ikasleek euskaraz egin ditzaten Lantokiko Prestakuntza zein Duala; bestetik, enpresak euskalduntzen laguntzeko egitasmoa abian jartzea. Hala, Lanpres proiektuaren egitekoa da gida bat osatzea, euskararen erabilera sustatzeko prozesua sistematizatzeko asmoz, Lanbide Heziketako ikasleek enpresetan egonaldiak egiten dituzten bitartean. Gida apirilaren 18an aurkeztuko da, Bilboko Euskalduna Jauregian antolatu dituzten jardunaldietan. Era berean, www.jakinbai.eus webgunean ere hainbat dokumentu eskainiko dira, ikasleen prestakuntza euskaraz sistematizatzeko prozesuan baliagarriak.