Esaera Zaharren Sopelako Txapelketaren XXIII. edizioa, prest

 

 

 

esaerakEkitaldia apirilaren 9an izango da, Sopelako (Bizkaia)  AEK-ko lagunek antolatua; urtero bezala, talde parte-hartzaileek asmatu beharko dute zein atsotitz ezkutatzen den entzuten duten bertso bakoitzaren atzean. Beti legez, txapelketaren xedea da bertsoekin nahiz esaera zaharrekin aritzea eta euskaraz bikain pasatzea; horretarako, 150 bat lagun elkartu ohi dira.
Lehiaketak saio bi izango ditu. Goizean, multzoka banatuta, tabernaz taberna ariko dira, zeregin hau izango dutelarik: Algortako Bertso Eskolako kideen bertso idatziak entzunda, haien azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabaki, atsotitza pentsatu eta zuzen esatea. Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, goizeko modu bertsuan: oraingoan, bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Itxaso Paia eta Iñaki Apalategi bertsolarien ahotik.
Adi! Izena emateko azken eguna, apirilaren 4a. Irabazteko prest? Bestela, badakizue: Urri, baina ongi.