Autoekoizpena gure aukera da, baita halabeharrezko bidea ere

bravoJuanmi Bravo
Musikaria eta AEK-ko kidea

PAM-Puto Amoak Matematiketan taldeko bateria-jolea da Bravo (Ermua, 1968). Bravok berak, Carlos Balseirok, Markos Gimenok eta Jokin Azpiazuk osaturiko taldeak udazkenean kaleratu zuen seigarren lana, Hurrengoan bai, aurreko lanen antzera autoekoitzia. AEK-ko eta musikaren munduko beteranoa da: Julio Kageta eta Dantzut taldeetan ibili ostean, 2000. urtean sortu zutenetik dabil PAMen. Guraso barnetegietan irakasle, Ermuko eta Mallabiko Berbalagun taldeen arduraduna ere bada.

PAM, AEK. Siglek inguratuta bizi al  zara?
Benetan ere! Baina maite ditut gauza on eta luzeak laburtzeko teknikak. Oso gaztetan, manifak bukatzean “ko-mu-ni-ka-tu-a, la-bu-rra!” oihukatzen zuten horietakoa naiz.
Nolako harrera izan du azken diskoak?
Ezberdina izan da erantzuna. Izan ere, disko honen autoekoizpena crowdfunding bitartez egin dugu. Hasierako zabalkundea eta salmenta, beraz, oso azkarra eta ona izan da. Hortik aurrera, lagun guztiek diskoa dutenez, bada... betiko jarrera, kar-kar! Gurtza-taldea gara, badakizu. Dozena bat kontzertu egiten dugu disko bakoitzeko, atera kontuak.
Kritikariek “nota onak” ipini ohi dizkizuete. Zer zarete, ikasgelako ikastunak, saiatuak ala bertutetsuak?
Bai, kritikari nahikotxoren begikoak bagara ere, entzuleen artean ez dugu, oraindik, gainditu duen diskorik egin... kar-kar! Horrez gain, bertutedun pertsonak izan arren, instrumentuei dagokienez... trakets samarrak gara!
Autoekoizpena. Printzipio kontua? Askatasuna? Beharra?
Beno, taldean soinu-teknikari-ingeniari eta grabazio-tramankuluen bildumazale bat izateak asko laguntzen du bide hori jorratzen. Oso erosoa da nahi duzunean eta nahi bezala grabatu ahal izatea. Bestalde, beharrak aginduta amateur-jardun hutsean aritzeak ez digu praktikan beste aukerarik uzten. Hortaz, gure aukera bada ere, halabeharrezko bidea ere badugu: autoekoizpenaren askatasuna (grabatzeko epeak, erritmoa...) edo... deus ez!
Euskara zikina aldarrikatu zenuten abesti batean. Ikasleei jartzen al diezu?
Ez, ikasleei euskara aratza irakasten diet. Euskara zikina eurek topatu beharko dute hor kanpoan.
Euskara normalizatzeko formula matematikorik topatu al duzu?
Euskara normalizatzeko, denaren beharra dugu, baina euskara planak eta matematika baino, maitematika behar dugu, euskararekin maitemindu eta erabili, alegia. Bi hitzetan, formula maitematikoa iruditzen zait eraginkorrena. Jakizue, bide batez, gure kanta baten izenburua dela.
Ermuan heavy ugari dagoela uste zabaldu eta erratua omen da. Ermua oso erdalduna dela ere bai?
Ufa, Ermua eta usteak. AIZU! osoa beharko nuke barrena husteko. Halere,  egia da Ermua oso heavya izan dela. Baita Ondarroa ere, baina hori ez daki inork, ezta? Ermua heavya zenean, heavya erdaldun edo atzerrikotzat jotzen zen. Su ta Gar taldeari esker,  uste ergel hori pikutara joan zen.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Semearen irribarreak esnatzen denean.
Eta tristatu? Inguruan ikusten dudan gehiena konpontzeko makilatxo magikorik ez edukitzeak; ezintasun horrek.
Zerk eragiten dizu barrea? Ikasle batzuen ateraldiek! Barre sanoa, aizu...
Eta negarra? Ume errefuxiatu siriar itoaren argazkiak lur jota utzi ninduen...
Zerk haserrarazten zaitu? Dirua irabazteko askoren nahi aseezin horrek.
Musika talde bat: The Clash. Miresten ditut haien lana, garapena eta ibilbidea.
Kontzertu bat: Bizitzan eman nuen lehena, Julio Kagetarekin, Bilbon, Ronda kaleko Gaueko areto mitikoan: 16 urte, lehen aldiz taula gainean... sentsazio ahaztezina niretzat.

Eñaut Mitxelena