eusLiderrak, Ahize-AEKren egitasmo arrakastatsua

eusLiderrak, bi hitzen elkarketa: euskara eta liderrak. Nor da, baina, liderra euskara kontuetan? Bada, ingurukoak euskara erabiltzera bultzatzen dituen pertsona, bere burua ahaldundu eta ahal duen guztietan euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duena, horretarako mintzakide dituenak erakarri behar baditu ere. Askotan, inguru euskaldunean bizi eta euskaraz berba egin nahi izan arren, ez da erraza suertatzen horrela jokatzea. Ondotxo dakite hori Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuko kideek. Horregatik jarri zuten martxan duela urte batzuk eusLiderrak izeneko egitasmoa, hizkuntza erabilera ohiturak laguntzeko. Emaitzak ikusita, gustura dira. Hortaz, aurrera jarraituko dute, proiektua xede talde ezberdinetara egokituta eta gero eta leku gehiagotara hedatuta. M. Egimendi.

txarles“Pertsona batek domino efektua lor dezake taldean”

Txarles Ranero (Bilbo, 1964) eta Lurdes Etxezarreta (Larrabetzu, 1975) dira Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuko koordinatzailea eta proiektuburua, hurrenez hurren. Proiektu horietako bat da eusLiderrak.

eusLiderrak egitasmo pilotu batekin jarri zen martxan, Berrizko Udaleko langileekin, 2010ean. Halere, bi urte lehenago hasi zuen Ahizek tailerraren lanketa, EHUko Gizarte Psikologia eta Giza Portaera Zientzien Metodologia Sailaren laguntzarekin. Berrizko esperientzia pilotuak emaitza onak jaso zituenez, egitasmoa zabaltzea erabaki zuen Ahizek, eta orduan sortu zen eusLiderrak izena ere, 2011n.

eusLiderrak-ek euskararen erabilera informala areagotzea du helburu, norbanakoen hizkuntza jarreran eraginez, norbanakook  euren ingurukoengan eragin dezaten. Xede hori lortzeko, tresnak eta baliabideak eskaintzen zaizkio tailerrean parte hartzen duenari. Hala, eusLiderrak egitasmoa kontratatzen dutenen kezka nagusia izaten da “hizkuntza gaitasuna duten pertsonek ez dutela euskara erabiltzen euren inguruan”. Etxezarretak dionez, “bezeroek hizkuntza portaera hori aldatuko duen zerbait bilatzen dute, laburra eta eraginkorra”.  Ahizeko kideen ustez, “errazagoa da bestelako portaera bat sortzea dagoena aldatzea baino”.
Tailerretan, adibidez, pertsuasio teknikak eskaintzen zaizkie parte-hartzaileei jakin dezaten nola gonbidatu kidea ekintza bat egitera, haren ezezkoa ekiditeko; hausnarketarako tarteak ere egoten dira, eta aurreiritzi batzuk deuseztatu egiten  dira. Horrela erakusten zaie partaideei lor dezaketela inguruko horiekin euskara erabiltzea: pertsona hori ahaldundu egiten da, eta gero bere inguruan eragingo du. “Finean, jarrera aldaketa pertsona batek dauka, baina domino efektua lor dezake taldean, posible baita pertsona bakar batek bere inguruan eragitea. Are gehiago, taldearen, enpresaren, erakundearen, ikastetxearen edo dena delakoaren babesa izanez gero” dio Ranerok.

Helburua da, euskaraz hitz egiteko lotsak, beldurrak eta aurreiritziak gainditzearekin batera, ekintza bat burutzea euskaraz: “Lortutako aldaketa hori, txikia izanik ere, emozioen esparruan esanguratsua izatea bilatzen dugu. Ondorioz, pertsonaren barne pentsamendua berregituratu egingo da, eta portaera aldaketa gehiago eragingo du”. EusLiderrak-en metodologiak hainbat formatutara egokitzeko aukera ematen du, hartzailearen arabera: “Hitzaldia izan daiteke, non hausnarketa bultzatu eta aurreiritziak desaktibatzen diren”. Halere, administrazio zein enpresetako langileen artean ohikoena hiru saioko zikloa izaten da: “Lehengo saioan, hitzaldia; bigarrenean, partaideari baliabideak eskaintzea, bilatzen den aldaketa egiteko; eta hirugarrenean, portaera berria indartzea. Horri laugarren saioa gehi dakioke, ekintza ludikoagoa-edo, talde espezifikoagoetan (kirola, aisia, begiraleak...). Azken formatua, berriz, hiru saioko bi fasek osatzen dute: lehenengoa, aipatu moduan; eta ondorengo hirurak bikoteka ekintza sozial bat antolatzeari begira. Azken hori batez ere ikastetxeetan egiten dugu, DBHko 3. mailako gazteekin. Hortik  boluntarioak ateratzen dira 4. mailan, hurrengo ikasturtean 3. mailakoen dinamizatzaileak izateko, eredu izaten baitira ikaskide gazteagoentzat”.

Martxan jarri zenetik, guztira 800 bat lagunek jaso dute eusLiderrak tailerra: “Berriz eta Zornotzako institutuetako eta Gernikako Mertzede, Irungo San Vicente Paul eta Lemoako Eguzkiza-Meabe ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte. Baita Elgoibarko IMH eta Igorreko Batz Kooperatibako langileek ere. Administrazioan, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak izan ditugu, hala nola Busturiko, Sestaoko, Portugaleteko eta Lemoako udal langileak, Ordiziako udaltzainak...”. Emaitzei dagokienez, Ahizeren neurketaren arabera, “euskararen erabilera datuek gora egiten dute partaideen artean, gaiarekiko sentimendu positiboak pizten dira eta iritzi eta jarrera batzuk aldatzea lortzen da. Halaber, saioei buruzko puntuazioa eskatzen zaie parte-hartzaileei amaieran, eta beti izan da bikaina”. Ea pixkanaka hizkuntza portaerak denon artean aldatzen ditugun!

testi

“Orain beti botatzen diot lehenengo hitza euskaraz bulegora datorkidan jendeari”

Kontxi Uriarte (Zaratamo, 1974) Lemoako Udaleko arkitekto teknikoetako bat da. Iaz hartu zuen parte eusLiderrak tailerrean, Udaleko beste dozena bat langilerekin batera.

Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak gonbidatu zituen udal langile guztiak eusLiderrak tailerrera: “Aurkezpen saio batera joan behar genuela adierazi zigun posta elektroniko bidez, beste azalpenik gabe, eta nik pen-tsatu nuen euskararen erabileraren inguruan ondo edota txarto egiten genituen kontuei buruz berba egiteko izango zela, errieta moduko bat, kar-kar!”. Izan ere, eginak zituzten hainbat lanketa, banaka edota binaka, udaletxeko hormetako karteletan-eta euskara ager zedin, txostenetan eta gainontzeko agirietan data euskaraz ondo jartzeko... Uriarteren usteak, ordea, erdiak ustel: “Ahizeko teknikari Mikel Urdangarinek eman zigun lehen saioa eta, hasteko, galdetegi bat bete genuen lankideen arteko hizkuntz harremanei buruz, ea norekin egiten genuen euskaraz eta norekin ez, zein egoeratan sentitzen ginen erosoago... Bukaeran, beste bat bete genuen alderaketa egiteko”. Etxerako lanak ere ipini zizkieten arren, “gustura atera ginen saiotik, oso pozik. Dinamikoa izan zen eta adibide ezberdinak jarri zizkiguten, beste ikuspuntu batetik hartutakoak”. Guztira, hiru saioko zikloa burutu zuten Uriartek eta bere lankideek, “hamabostean behin saio bat, hilabete guztira”.

Saioetan, euskara munduko beste hizkuntza batzuekin alderatu zuten, besteak beste, euskara hizkuntza txikia den aurreiritzia alde batera uzteko. Ariketen artean egon zen, halaber, kontatzea non eta noiz sentitzen ziren deseroso euskaraz berbetan, baina Uriartek bereziki du gogoan euskara erabiltzen ez zuen lankide bati euskararekiko konpromiso bat  eskatzeko ariketa: “Oso dibertigarria izan zen. Nik artxibategian lan egiten duen mutilarekin hitz egin nuen. Berak ez daki euskaraz, baina konpromiso bat har zezan lortu behar nuen: 'Yo no hablo euskara, pero cuenta conmigo' esatea erdietsi nuen. Hemen gaztelania hutsean hasi zen lanean eta orain, euskaraz ez jakin arren, artxiboko pegatina guztiak euskaraz ipintzen ditu. Nola idatzi ez dakienean, galdetu egiten du. Zer edo zer lortu dugu”.

Lemoako udal langileek oso balorazio positiboa egin zuten eusLiderrak egitasmoaren gainean. Uriartek berak pozik erakusten du orain bulegoan daukan ume baten argazkia, 'Euskaraz nahiago, eskerrik asko' leloa daraman kamiseta batez jantzia: “Horretan aldatu da nire jarrera, orain beti botatzen diot lehenengo hitza euskaraz bulegora datorkidan jendeari. Agian gero, elkarrizketan, hizkuntza aldatu egingo da, gauza teknikoak lantzen direlako hemen, baina hasierako esaldi parea gutxienez euskaraz egiten dugu, ezagutzen ez dudan jendearekin nahiz, ezagutu arren, gaztelaniaz nahiago duela dakidanarekin”. Axolagabetasun jarrera hori ikusten du Uriartek herritar askorengan, “berdin zaie euskaraz edo gaztelaniaz egin”. Dena den, hainbat udal langile ari omen dira euskara ikasten: “Ahalegin handia egiten duen jendea daukagu”.

Hain esperientzia ona izanda, Uriartek argi du eusLider egitasmoa gomendagarria dela: “Oso egokia da Lemoako edozein lantegitan egiteko, edo eskolako guraso elkartean... Finean, euskaraz jarduteko ohiturarik ez dagoen edozein esparrutan”. Hori baita, azken batean eusLiderrak, ohiturak aldatzeko bultzada.

 

testi1“Eraldaketa erdiesteko, emozio positiboak sortzea da kontua”

Miren Madariaga (Lemoa, 1982) Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuko kidea da. Hala, Lemoako Udaleko euskara zerbitzuan dihardu lanean eta, gainera, eusLiderrak tailerrak eskaintzen ditu. Hil honetan hasiko da, hain zuzen, Busturiko eskolako jantokiko hezitzaileekin.

Madariagak euskara teknikari lana egiten du Lemoako Udalean eta, horren barruan, eusLiderrak egitasmoa lan tresna “egokia” du euskara planak indartzeko edota helburu zehatz batzuk lortzeko.

Hainbat arlotan eskaini izan du Madariagak eusLiderrak tailerra, talde ezberdinetara egokitzeko modukoa baita: “Hobekuntzak beti egin behar dira, egitasmoa egoera ezberdinetara moldatu behar delako”. Azken urtean, Amorebieta-Etxanoko Urritxe institutuan eta Lemoako Eguzkiza-Meabe ikastetxean eskaini ditu eusLiderrak saioak, eta orain hasiko da Busturiko eskolako jantokiko hezitzaileei ematen: “Lehen aldiz egingo dugu hezitzaileekin, beraz, egokitu beharra dago, ez direlako berdinak enpresa bateko langile baten, udal langile baten, gazte baten edota hezitzaile baten beharrizanak”.

Ahoz aho ari da zabaltzen eusLiderrak egitasmoa, Madariagak ikusi ahal izan duenez: “Berrizko institutuan, sei bat urte daramagu eta, euskara teknikarien artean hainbat foro daudenez, horien bidez eman da ezagutzera. Batzuetan, udalak kontratatzen du egitasmoa herriko ikastetxeetan eskaintzeko, edota ikastetxeak, horren berri izanda, udalera jotzen du finantzaketa bila”. Enpresetan, berriz, gehienetan Ahizek berak txertatzen du eusLiderrak, haientzako diseinatzen dituen euskara planen barruan.

eusLiderrak tailerraren kontzeptua indarra hartzen ari da, Madariagaren ustez: “Finean, lidergo naturalen sustapena da. Liderrak inguruan eragiten du, baina jakin behar du ingurukoengan inposizio barik zelan eragin. Horretarako, lehenengo eta behin, hizkuntza guztiek beren lekua dutela azaltzen dugu, eta leku horietan bizi garenok gura dugun hizkuntzan berba egiteko eskubidea dugula. Hausnarketa bultzatzeko informazioa ematen diegu, aurreiritzi batzuk baztertzeko. Ondoren, eraldaketa sustatzeko baliabideak eskaintzen dizkiegu parte-hartzaileei, bestelako hizkuntza ohiturak sor ditzaten. Azkenik, ikasitakoa praktikara eramaten da. Saioen ostean, batzuetan, gazteekin kasu, ekintzak prestatzen dira, gustatzen zaien zerbait euskaraz presta dezaten (film laburra, horma-irudia...). Hori herriko beste eragile batzuekin lankidetzan egin badaiteke, hobeto, horrela inguruan ere eragiten delako. Eraldaketa erdiesteko, emozio positiboak sortzea da kontua”.
eusLiderrak egitasmoaren hartzaileen kezka nagusia izaten da, euskaldunak izan arren, gaztelaniara jotzen dutela: “Inguru elebidunean bizi gara. Hortaz, pertsona bat familia erdaldunean hezi bada, logikoa da bera ere eroso sentitzea hizkuntza horrekin; halere, ezin da oztopo izan euskaraz bizi nahi duenarentzat, errespetu kontua da. Erdibidera hel gaitezke: besteak hitz egin diezadala nahi duen bezala, baina utz diezadala niri euskaraz erantzuten. Eraldaketa ez da izango bat-batean denok euskaraz hastea, baina,  erdibide hori topatzen bada, behintzat, asko aurreratuko dugu”.

Iritzi onak jaso ohi ditu tailerrak: “Jendea gustura egoten da, alderdi psikologikoa ere lantzen da, eta, batez ere, hausnartzen dugu euskarari zer funtzio emango diogun, zergatik eta zertarako, eta horren arabera jokatu, esparruak pausoz pauso irabazteko”.

Zenbait Korrikatako leloak batuta laburbiltzen du Madariagak eusLiderrak egitasmoaren muina: “Euskahaldunduko gara beti pausoz pauso bagoaz, eta heldu egiten badiogu benetan gura dugun horri. Nik ere bai, nik ere bildu nahi dut mundu bat hizkuntzekin, baina lekuan lekukoa errespetatuta”.