D eredua Nafarroa osorako, zer-nolako berria?

ikamika

Iaz Euskararen Legea aldatu ondoren, Nafarroan aurten egon da lehenengo aldiz aukera aurrematrikula D ereduan egiteko, eta eremu ez-euskalduneko haurrek ere D ereduan egin ahal izan dute. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, euskarazko ereduan ikasteko 77 eskari jaso dituzte eremu horretan. Denek ezin izango dute euskaraz ikasi euren herrietan, edo gertu, ez dituztelako bete gutxieneko baldintzak (gutxienez zortzi ikaslek eskatzea). Azkenean, hiru herritan abiatuko dute D eredua datorren ikasturtean: Tafallan, Lodosan eta Caparroso-Azkoienen. Lodosan, 3 eta 5 urte bitarteko haurrak gela berean batuko dituzte gutxieneko kopurua lortzeko, Udalak eta eskolak hala eskatu dutelako. Gaiak zalaparta eragin du, eta Nafarroa osoan euskaraz hezteko aukera zabaltzearen kontra mintzatu dira zenbait. Zuei zer iruditzen zaizue? Lodosako Galtzagorri AEK euskaltegiko A2 mailako gaueko ikasleak


1. Ricardo Urbiola

Nire ustez, berri oso ona da, lehen urrats bat da. Inork ezin du kontra egon, borondatezkoa da eta.

2. Jose Luis Mas

D eredua aukera onena da haurren ikas prozesurako, Lodosan eta Nafarroa osoan egon behar du.

3. Irantzu Sevilla

Lodosarentzat gauza ona dela uste dut, gurasoek beste aukera bat dutelako. Gainera ume gehiagok euskaraz hitz egingo dute Lodosako zonaldean.

4. Ainhoa Jimenez

Nik uste dut berri oso ona dela, baina oso kezkatuta nago. Nafar gobernua aldatzen bada, seguru D eredua kenduko duela. Horregatik euskara ofiziala izateko borrokatu behar dugu, hori baita gure helmuga.

5. Kike Ataun

Lodosan D eredua egotea berri ona da. Euskararen normalizaziorako lehen pauso bat da. D eredua lehenago izan bagenu, orain jende asko euskalduna izango zen.

6. Pedro Alcoya

Nik momentuz ez dut planteatzen ez baitut umerik, baina oinarria jartzea onena da gero euskara errazagoa izateko.

7. Victor Setien

Orain arte Lodosan eta ondoko herrietan, euskara ikasteko Ibaialde ikastola egon da  soilik, baina  batzuek ezin zuten ordaindu. Orain D ereduarekin guztiek dute euskaraz ikasteko aukera.